Gorpuzkien nortasunaren bila
Nafarroako Oibar gainean gaude. Irunberrira doan NA-534 errepidearen bazterrean, Fuente del Garrero deituriko parajean. Aranzadiko teknikoak hobi bat induskatzen ari dira.
Irudi hau ez da berria. Azken urteotan, horrelako 200 inguru zabaldu dituzte Espainia osoan eta guztira 4.000 gorpuzki baino gehiago atzeman dituzte. Gerla Zibilean fusilatutakoen gorpuzkiak dira.
Horrelakoak topatzeko, ingurukoen oroimenera jotzen da lehendabizi edota idatzita dauden iturrietara. Ondoren, teknikari eta zientzialarien lana dator.
Oibarreko hobia zehazki kokatzeko, georradarra erabili zuten, lur eremua eskaneatzeko metodoa.
PAKO ETXEBERRIA; Aranzadi: Georradaraz lurraren irregulartasunak deskubritzen ditugu, ikusten dugu non dauden harkaitzak, lur soltea... Normalki, hobia egitean lurra mugitu egiten dute, eta lurrak ur asko ez badu edo buztin gutxi, georradarrak, gutxi gorabeherako kokapena ematen digu, hau da, bereizten ditu lur homogeneoak mugituak dauden lurretatik, eta hortik abiatzen dugu indusketa.
Hezurrak topatutakoan hasten da lan zailena. Teknikariek pixkanaka-pixkanaka garbitzen dute hezurrek gainean duten lurra. Gorputz bat baino gehiago dagoenean, garrantzitsuena gorpuzkien indibidualizazioa da. Banan-banan atera dituzte gorpuzkiak, hezurdurak bereiziz.
Donostiako medikuntza fakultateko laborategira ekarri dituzte gorpuzkiak analisi antropologikoa egiteko, hau da, ezaugarri antropologioak aztertzeko, esaterako, gizonezkoak ala emakumezkoak diren, zer adinetakoa ziren, berezitasun antropologikoak dituzten ala ez, edota gaixotasunak izan zituzten.
Urak eramaten ditu hezurretatik lokatzaren azken aztarnak. Hezur guziak garbitu ondoren, hezurdura, puzzle baten modura osatzen hasten dira. Lehenik, hautsiak dauden hezurrak itsasten, eta ondoren, hezurdurari forma ematen.
Lehen urratsa sexua bereiztea izaten da. Jakin badakigu tamaina- eta forma-ezberdintasunak daudela gizon eta emakumeen artean gorputzaren hezur gehientsuenetan; beraz, analisi hau nahiko sinplea da.
LOURDES HERRASTI; Aranzadi: Badaude alde batzuk gizonezkoak eta emakumezkoak bereizteko. Kasu honetan, ondo begiratzen baduzue, kopetari begiratuz gero, kopeta zuzena da, ez du hemengo angelu markatua. Gizonezkoek izaten dute hau askoz ere kanporatuagoa.
Bestalde, emakumeek izaten dute apofisi-mastoide deritzon hau askoz ere txikiagoa;gizonezkoek, aldiz, izaten dute handiagoa eta nabarmenagoa.Eta orokorrean, gizonezkoa izaten da sendoagoa eta emakumezkoena arinagoa izaten da.
Aurkitutako hezurdurak adin ezberdineko pertsonenak badira, ezberdintasunak nabarmenak dira, baina, adin berekoak badira, zailtasunak areagotu egiten dira, eta analisia konplexuagoa da.
LOURDES HERRASTI; Aranzadi: Gehienetan begiratzen dugu hemen, hau da, hemen daukagu koxala, eta koxal honetan begiratzen da hemengo azalera hau, aurikula azalera hau, eta baita ere hemengo alde hau ere, sinfisiaren aurpegi hau, honek aldaketak izaten dituelako adinan zehar eta horren arabera atera dezakegu, gutxi gorabehera zer adinetakoa den pertsona.
Badaude ere beste hezur-ezaugarri batzuk balio dutenak, adibidez buru-hezurra bera; eta, adibidez, lehenengo sahietsean eta laugarrenean, kartilagoak osifikatuak dauden ala ez...
Pertsona horren garaiera eta konplexioa ere hezurrek ematen digute. Baita, gaixotasun bat izan zuen ere, gaitzek bere aztarnak uzten baitute hezurretan.
Azterketa antropologikoak erakusten du, halaber, nola hil ziren pertsona horiek. Oibarren, lauak fusilatuak izan ziren.
LOURDES HERRASTI; Aranzadi: Ondo begiratuz gero, azpian aurkitzen dugu sarrera-lekua. Orduan, hemendik sartu da bala, burua zeharkatu du eta hemendik kanporatu da.
Kasu honetan, adibidez, interpretatzen dugu, bala hemendik sartu zela eta hemendik atera egin zela. Eta batzuetan oso zaila izaten da jakitea gertutik ala urrutitik egina dagoen. Gehienetan fusilatuak izan dira, baina beste batzuetan errematatuak ere izan dira, eta hori beti ez da gertatzen, baina hori nabaritzen da. Zuloaren tankeragatik eta zuloaren diametroagatik jakiterik daukagu zer motatako proiektila erabili zuten.
Izen-abizenak jarri ahal izateko, DNAren azterketara joko dute. Oibarreko gorpuzkiak identifikatzeko, senitartekoen DNA dute, eta analisiak baieztatu edo ezeztatuko ditu bertan lurperatutakoen nortasunak.
Horretarako, bi hagin bidaliko dituzte Gasteizko DNA-bankura, aztertzeko.
Normalean, hezur bat edo hagin bat erabiltzen dute, gorpuzki zaharretatik DNA ateratzeko. Prozesua nahiko konplexua eta delikatua da. Hezur edo hortzetan DNA zatitua eta degradatua dago; beraz, errazago kutsa daiteke beste DNA modernoagoarekin. Hori dela eta, normalean bi aldiz egiten da azterketa.
Piezen garbiketa sakona egiten da: bisturiz arraskatzen da lurrak utzitako zikinkeria itsatsia, eta lixibak eta ur purifikatuak osatzen dute garbiketa-prozesua.
Hezurra edo hortza prest daude laginak hartzeko. Hauts bihurtzen diren lagin horietatik aterako da DNA purifikatua, hainbat substantzia gehituta. Substantzia horiek zelulak hautsiko dituzte DNA askatzeko.
MARIAN MARTINEZ DE PANCORBO; DNA Bankoa: Detergente bat bezalakoa da. Laginari jartzen zaion detergente purifikatua. Zelulek mintz txiki bat dute, gantz-geruza baten antzekoa, eta detergente horrek hautsi egiten du eta barrura sartzen da. Geruza irekitzen joaten da kutxa bat balitz bezala. Kutxaren barruan nukleoa dago. Nukleoa ere ireki egiten da eta DNA askatu egiten da.
Lortutako DNAri zenbait substantzia botatzen zaizkio eta sekuentziatzaileetan sartzen da DNA-katearen datuak lortu eta irakurri ahal izateko.
Gutxienez astebete beharko dute lehenengo emaitza izateko. Hauek, senitartekoen DNArekin konparatuko dituzte. Analisiaren prozesua amaitutzat eman daiteke.
Azkenik, teknikarien txosten batean jasoko dituzte emaitzak. Horrelako analisi antropologikoari esker, Oibar gaineko Fuente del Garrero parajean atzemandako gorpuzkien senitartekoek zabalik zuten zauria sendatu ahalko dute.
Gorpuzkien nortasunaren bila
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian