Gertutik: Denboraldiko bilduma
Beharrezkoa da bai jakin-mina gure lanbidean, egiten ditugun galderei erantzunak topatzeko.
JABIER AIZPURUA: Gaztetatik asko gustatzen zitzaidan fisika, biologia ere bai; baina munduan gertatzen diren prozesu fisikoen deskribapen matematiko hori izugarri gustatzen zitzaidan. Orduan, bokazioa hasieratik sentitu nuen.
ANNICK LARUELLE: Kaixo, Annick Larruelle naiz, Ikerbasqueko ikertzailea; frantziar doinu berezi honek nire belgikar jatorria salatzen du. Edonola ere, nik esango nuke jadanik apur bat Portugaletekoa banaizela.
Jokoen teoria eta hautaketa soziala ikertzen ditut. Erabaki kolektiboak hartzeko mekanismoak aztertzen ditu hautaketa sozialak, hau da, jendearen nahiak batzeko araurik onenak zein diren.
FELIX ZUBIA: Nik txikitan ez nuen medikua izan nahi. Nik txikitan futbolaria izan nahi nuen, Realekoa ahal izanez gero, edo, bestela, obrako makinista. Baina gero erabaki nuen medikuntzan sartzea, oso gustura nago, eta egia da niretzat lanbide bat baino gehiago dela.
MIREN CAJARAVILLE: Kaixo, Miren Cajaraville naiz, EHUko Zientzia Fakultateko irakaslea, eta ikerketa-talde bat zuzentzen dut, Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian ikerketa-taldea.
Egiten dugun oinarrizko ikerketak jakintza emendatzeko balio du. Bestetik, ikerketa aplikatua egiten dugu; nik uste dut oso baliagarria dela jakiteko zer efektu dituzten kutsatzaileek. Prestigeren isurketa gogoratuko duzue. Istripua gertatu zenean, horrek nola eragin zuen kostaldean, nola eragin zien itsasoan bizi diren arrainei edo kostaldean dauden moluskuei.
XABIER RUBIO: Gehien gustatzen zaidana eta gehien betetzen nauena da animaliekin lan egitea. Haiei buruz gauzak jakitea eta nolabait haien atzetik ibiltzea, eta haien ohiturak ikastea eta ikustea, naturan bizirik ikustea. Hori da gehien gustatzen zaidana.
ONINTZE SALAZAR: Kaixo, Onintze Salazar naiz, meteorologoa eta Euskalmeten egiten dut lan. Lehenbizi jakin behar dugu predikzio bat, iragarpen bat, probabilitate bat dela. Meteorologiak, atmosferak, kaosaren teoriari jarraitzen dio, eta, kaosaren teoriak dioenez, ezin dira iragarpenak % 100eko fidagarritasunarekin egin. Ezin dira egin gaur egun, eta ezingo dira egin. Urteen poderioz lortzen ari garena da gero eta iragarpen hobeak egitea.
XABIER AGOTE: Oso ondo ulertzen da lehorreko arkitektura zaindu beharra daukagula. Eta agian itsasoko arkitektura edo itsas tipologia hori, gure arbasoek sortutakoa eta mendeetan zehar garatuz joan dena, hori dena ahaztu egin da. Itsasoa beti urrutiago gelditu zaigu; bestetik, itsasontziak egurrez eraiki izan ditugunez, biziraupen laburra izan dute, eta oso arrasto gutxi gelditu zaigu. Beraz, horretan datza gure lanaren garrantzia.
ARANTXA ARANBURU: Arantxa Aranburu naiz, geologian doktorea, unibertsitateko irakaslea. Gaur egun daukagun bilakaera sozioekonomiko hau ez litzateke existituko baldin eta lehengai natural horiek -ikatza dela edo hainbat materialen ustiaketa dela- existituko ez balira, eta guzti hori geologiaren baitan dago.
MANUEL CARREIRAS: Nire izena Manuel Carreiras da, Basque Center On Cognition Brain and Languageko zuzendari zientifikoa naiz. Pertsona elebidunen eta elebakarren burmuinen arteko desberdintasunak ikertzen ari gara, informazioaren prozesamenduari dagokionez.
URTZI AYESTA: Ikerketaren erabilgarritasuna gizarte batekiko bi planotan aipatuko nuke. Alde batetik, ikerketaren beraren emaitza. Horri dagokionez, esan beharko genuke egiten dugunak ez daukala aplikazio zuzenik, ez epe motzean behintzat; baina epe luzean, oso garrantzitsua edo erabakigarria izan daitekeela herrialde baten egoera ekonomikorako.
ROBERTO URIBEETXEBERRIA: Kaixo, Roberto Uribeetxeberria naiz, ingeniaritzan doktorea eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea. Enpresariek gero eta gehiago eskatzen dituzte ikertzaileak, eta mundu oso lehiakorrean bizi gara, non ikerketak ematen baitio balio erantsia produktuari, eta ikerketarik gabe ez da horrelakorik izango. Eta ezin dugu lehiatu beste herrialde batzuekin. Beraz, gero eta gehiago baloratzen da, baina uste dut oraindik gehiago baloratu beharko litzatekeela eta baloratuko dela.
Gertutik: Denboraldiko bilduma
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian