Basilio Sierra eta robotika soziala

Palan jokatzea eta musean aritzea dira gaur gertutik ezagutuko dugun zientzialariaren zaletasunak. Baina bere lanbideak oso bestelako munduak arakatzera bultzatu du. Informatikan katedraduna da, adimen artifizialean egin zuen tesia eta gaur egun robotika eta sistema autonomoen ikerketa-taldea zuzentzen du Euskal Herriko Unibertsitatean.

Mugitzeko arazoak duten pertsonei bizimodua errazteko robotak sortzea du xede.

"Kaixo, Basilio Sierra naiz, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, eta robotika eta sistema autonomoen taldeko burua".

"Informatika ikasi nuen Informatika fakultatean. Karrera bukatu eta gero, lanera joan nintzen, baina, nire jakin-minak bultzatuta, master bat egin nuen. Gero, suertea izan nuen, beka bat lortu eta handik hamar hilabetera plaza lortu nuen. Plazarekin batera, tesia egin nuen nahiko azkar, eta titular ere jarri nintzen, tesiarekin publikazio dezente lortu genituelako. Eta orain dela gutxi katedradun bihurtu naiz".

"Ikasle-garaian gehien gustatu zitzaidan ikasgaia adimen artifiziala izan zen, eta pentsatu nuen horretara dedikatzea. Lortu nuen tesia egitea adimen artifizialaren metodoen gainean. Erabiltzen genituen teknikak medikuntzan aplikatuta, publikazio batzuk lortu genituen, eta, gero, ikusi genuen hemen bazeudela robot batzuk, eta robot horietan, robotika adimenduna deitzen den arloan, aplikatu zitezkeela teknika berdinak, edo teknika horien aldaera bat, roboten mugikortasuna hobetzeko. Horretan hasi ginen, eta hemen jarraitzen dugu robotei gero eta autonomia gehiago eman nahian".

"Robot bati autonomia ematen diogunean, nahi duguna da bere kabuz gai izatea leku bat ezagutzeko eta leku horren mapa barneratu eta mugitzeko, etxe baten barruan adibidez. Eta aplikazioarekin, pertsona nagusiei edo elbarrituei lagundu nahi diegu".

"Oinarrizko ikerkuntza asko egin delarik, une honetan ari dira etxerako eta enpresetarako robotak plazaratzen. Horien artean roonba robota dago, munduan gehien saldu den robota. Hemendik bost urtera edo, hori bezala beste robot batzuk aterako dira, bai etxean bai enpresetako lanetan ataza batean lagunduko dutenak".

"Epe luzeago batera ikusten dugu —bai Europan, bai Estatu Batuetan horretan ikertzen ari gara— robot ahaltsuagoak egongo direla, ataza baten baino gehiagotan lagunduko dutenak".

"Klase bat emateko edo kongresu batean hitzaldi bat emateko, eskarmentu pixka bat eduki behar da. Horretaz aparte, eta egiten dugun ikerkuntzaren arabera, gure arloan behintzat sormena behar da".

"Sozialki pentsatzen dut oso baloratuta gaudela, eta, gero, proiektuak lortzeari dagokionez, adibidez, krisia dela eta gero eta zailagoa da, baina bai pentsatzen dut nahiko ondo gaudela".

"Gure lanaren alderik txarrena da, batetik, deskonektatzeko arazoak izaten ditugula, beti daukagula arazoren bat buruan bueltaka, eta ez da erraza izaten alde batera uztea. Bestetik, proiektuak eskatzeko etab. egin behar izaten dugun paper-kontu hori ez da gure gustuko lana; baina egin behar da, eta egiten dugu".

"Gure lanaren alderik onena da independentzia daukagula. Guk nahi dugun horretan egiten dugu lan, eta guk nahi dugulako sartzen gara ikerkuntzako gaietan, eta, aldi berean, publikazioak edo arrakasta lortzen badugu, askoz hobeto guretzako"."

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali