Espazioko zaborra biltzeko sarea; bularreko eta obarioko minbizia eta mutazio genetikoak; apar metalikoa itsasontziak egiteko; permafrosta urtzen ari da
2011ko ots. 27a, 00:00
Japoniako espazio-agentziak imaginazioz betetako irtenbide bat proposatu du zabor espazialaren arazoarentzat. Garbiketa egiteko, japoniarrek sare moduko baten bidez biltzea proposatu dute. Kable finez egina egongo litzateke eta zenbait kilometroko luzera izango luke. Behin bilduta, lurrera erortzen utziko lukete zaborra, eta, atmosfera zeharkatzean su hartu, eta desegin egingo litzateke. Arazoa ez da gutxiesteko modukoa: 50 urteko joan-etorrietan era guztietako 300.000 objektu utzi ditugu orbitan, kontrolik gabe, eta urtero % 5 hazten da kopurua. Iaz Nazioarteko Espazio Estazioaren bidea aldatu behar izan zuten, istripurik ez gertatzeko.
Euskal Herriko Unibertsitateko Elena Beristain biologoak ikerketa bat garatu du zenbait mutazio genetikoren eta bular eta obarioko minbiziaren arteko lotura argitzeko. Beristainek bi gen jakinen mutazioak aztertu ditu, aipatutako bi minbizien garapenean zerikusia dutenak. Ikerketaren emaitzak zera erakutsi du: mutazioak ez direla beti patologikoak edo minbizi-eragileak, kasuen %10ean baino ez da hori gertatzen. Adinak era eragina du: patologikoa den mutazio kasu bakarra aurkitu dute 40 urtetik beherakoen artean. 70 urtetik gora, berriz, arriskua areagotuz doa. Hala ere, pazienterik zaharrenetan mutazio patologikoak ez dira beti minbizi bihurtzen, 10etik 3tan baino ez. Horrek zera esan nahi du: mutazio patologikoek ez dutela beti minbizia garatzen, eta, askotan, gen hori ez dela gauzatzen.
Alemaniako ikertzaile batzuek aluminiozko eta titaniozko apar bar garatu dute ontzigintzarako: honi esker, ontzi berriek % 30 gutxiago pisatuko dute. Hauts bat da, eta altzairuzko bi xafla artean jartzen da, sandwich bat bezala. Berotzerakoan bihurtzen da apar, eta itsasgarririk gabe egiten du bat metalarekin. Arina eta gogorra da, gainera, apar hau, eta garatu dutenek izotz artean nabigatzen duten ontzientzat ezin egokiagoa dela pentsatu dute. Ontzi arinek zama handiagoa eramateko ahalmena izango dute, erregai gutxiago kontsumituko da, eta C02-emisioak murriztuko dira.
Karbono dioxidoaren emisio horiek neurrigabeki areagotuko dira 20 urte barru. Izotza eta elurrari buruzko ikerketak egiten dituen Estatu Batuetako zentro baten esanetan, Lurreko iparraldean dagoen permafrosta urtzen hasiko da orduan, eta bertan metatuta dagoen karbonoa eta metanoa atmosferara askatuko dira. Permafrosta urte osoan izoztuta dagoen lurra da. 13 milioi metro karratu dago Alaskan, Kanadan, Siberian eta Europako iparraldean. Erregai fosilen erabilpena jaisten bada ere, gutxienez azalera horren heren bat -eta txarrenera erdia baino gehiago- urtu egingo da 2200 urterako, eta 190 gigatona karbono askatuko ditu. Zer esan nahi du honek? Lurra beste 3 gradu berotuko dela.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







