El Hierro: sumendia esna

El Hierro uhartean, hilabete daramate itsasora begira. Egunero jasaten dituzten lurrikarek eta ur azpitik irteten diren gas- eta laba-jarioek argi utzi dute El Hierroko sumendia esna dagoela. Esna, bai; baina oraindik ez dago argi zenbaterainoko jarduera eta zer portaera izango duen, eta zientzialariek gertu gerturik jarraitzen diote bilakaerari.

Miren Mendia geologoa da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Harekin izan dugun hizketaldian, hainbat zalantza argitu ditugu.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Sumendiak oso fenomeno ikusgarriak dira eta erraz erakartzen dute guztion interesa, eta hirietatik gertu daudenean are eta gehiago. Horixe da El Hierro sumendiarekin gertatzen ari dena, baina, Miren, ikuspegi geologiko batetik begiratuta zer dimentsio du oraintxe El Hierron gertatzen ari denak?

Miren Mendia, Geologoa UPV-EHU: Oso gutxitan daukagu aukera horrelako fenomeno geologikoak zuzenean ikusteko; orduan, alde zientifikotik behintzat, oso-oso gauza interesgarria da, asko ikas daiteke. Lurraren barruan geratzen diren prozesuak ezin baitira ikusi, eta, zuzenean ikusteko aukera daukagunean, ba ... zientziaren ikuspuntutik, behintzat, ikaragarri interesgarria da.

O.J: Eta El Hierron egiten ari diren ikerketetan, zientzialariei zerk eman die atentzioa, batez ere?

M.M: Datu gutxi dauzkagu, hori egia da. Datuak ateratzeko eta argitaratzeko denbora behar da. Baino, oraintxe bertan ateratzen ari diren materialetan ikusten duguna da, ... irudietan ere ikusten dira harri batzuk han flotatzen uretan,... lagin horiek hartuta ikusten da, parte txuri bat dutela, barrukoa, eta parte bat iluna, beltza, kanpokoa. Dirudienez bi magma mota daude, bat argia dena, azidoa esaten duguna, eta bestea, iluna dena basikoa. Eta gauza nahiko bitxia da. Argia emango du hor gertatzen ari diren prozesuak nolakoak diren jakiteko.

O.J: Zein da une hauetan El Hierron dagoen arriskurik handiena?

M.M: Arriskua, jendearentzat. Arriskua beti jendearentzat izaten da. Erupzio leherkorra gertatzea da arriskua. Denok gogoratzen dugu Islandian aurreko urtean gertatu zena. Horrelako zutabe eruptiboa, errautsa, gasa duena, eta leherkorra izatea. Biztanleak dauden lekutik oso gertu dago, eta hori izango litzateke arriskurik handiena. Gerta daitekeen gauzarik txarrena.

O.J: Kasu horretan, irla hustu egin beharko litzateke, adibidez?

M.M: Bai, eta oso handia balitz, beste irlak ere bai.

O.J: Eta eztanda horrek, adibidez, atmosferan eta uretan zer kalte eragin ditzake?

M.M: Gas horien artean, ateratzen den zutabe eruptibo horretan, denok buruan daukagun txanpinoi-itxurako zutabe horretan, hainbat material ateratzen da, material piroklastikoa. Harri-puskak, txikiak edo handiagoak, eta gasak. Gas horien artean, bi dira nagusi: CO2-a eta SO2-a, karbono dioxidoa eta sufre dioxidoa. Guri kalte egiten digu, kutsadura isurtzen du atmosferara, eta horregatik kaltegarria da. Urak kutsatuko lirateke, itsasoko ura ere bai. Baina, eztandaren dimentsioaren arabera, ateratzen den zutabeak epe luzeagoan edo laburragoan izan dezake eragina. Gutxi bada, aste batzuetan edo hilabete pare batean gauzak diluitu, lasaitu egingo lirateke. Orain, eztanda handiak gertatzen direnean, 15 kilometroko zutabeak eratzen direnean, atmosferako goiko partera iristen dira, eta, kasu horietan, kliman ere eragina eduki dezake.

O.J: Une hauetan ez dakigu sumendiak zer bilakaera izango duen, baina, teknologiari dagokionez, zientzialariek zer baliabide dituzte 20 kilometroko sakonera horretan zer gertatzen ari den jakiteko?

M.M: Iragarpena egitean, hainbat tresna erabiltzen dira. Sismografoak dira erabilienetakoak, non-nahi ipintzen dira. Oro har, Kanarietan, leku bolkaniko aktiboa denez, jadanik badituzte sismografo finkoak. Horrelako krisialdi batean, gainera, eramangarriak erabiltzen dituzte irla guztian. Orduan, horrekin sismo txikiak neurtzen dira, azpian gertatzen ari den magmaren mugimendua adierazten dutenak, eta ematen duten seinalearen arabera ondorioztatzen da magma-mugimendua den, gasaren presioa den, edo zer ote den gertatzen ari dena. Eta horri dardara bolkaniko deitzen zaio. Oso magnitude txikiko seinale bat da, etengabekoa.

O.J: Magmaren mugimendua erakusten du.

M.M: Eta horrek erakusten du zer sakoneratan mugitzen ari den, igotzen ari den, zeren magma poliki igotzen da, printzipioz. Orduan, adituek hortik ateratzen duten informazioa zuzenean lotuta dago hor azpian dagoen magmaren mugimenduarekin. Gero, beste tresna batzuk ere erabiltzen dira: kanpoko gainazala handitzen denean, edo konkordura bat gertatzen baldin bada gainazalean, horrek esan nahi du magma hori gainazalera igotzen ari dela, eta hori ere neurtu egiten aparatuekin. Lau edo bost zentimetroko desberdintasunak neurtzeko gai dira bertan daudenak. GPS eta sateliteen bitartez ere egiten da, eta, gainera, gasen osaeraren aldaketak neurtzen dira. Leku hauek oso-oso ondo aztertuta daude, eta, printzipioz, dauden tresnak egokiak dira gerta daitekeena aurreikusteko.

O.J: Nolabaiteko aurreikuspenak egin daitezkeenez, datozen egunei begira zer bilakaera espero da?

M.M: Nik ezin dizut esan, besteak beste, han ez nagoelako eta ez naizelako horretan aritzen. Baina, irakurtzen dudanaren arabera, beldur dira magma hori iparralderantz mugituko ote den. Pentsatu behar dugu El Hierrok azaleraren azpian duen ganbara magmatiko hori bera baina handiago dela, eta, beraz, magma horrek ahal duen lekua bilatuko duela ateratzeko. Orain, hegoaldean bilatu du irtenbide bat, eta berdin bila dezake iparraldean, ekialdean edo edonon, edo irlaren erdian.

O.J: Lurrean bertan, irlan bertan ezta?

M.M: Foko sismikoak-eta non kontzentratzen diren aztertzen dute, hemendik edo handik joan daitekeen ondorioztatzeko. Ez daude agerian, eta ez dakit zer gertatuko den; hori ezin dut nik esan.

O.J: Mila esker, Miren

M.M: Zuei.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali