Doñana, negutiarren babeslekua

Doñana milaka hegaztiren babesleku bilakatzen da urtero negua iristean. Iparreko hotzetik ihesi iristen dira dunek eta itsasoak bat egiten duten padurara. Guztira, 350 hegazti-espezie baino gehiago biltzen dira Doñanako hezegunean eta parkearen gainerako lurretan.

Doñana Espainiako hegoaldean dago, Andaluzian, eta 50.000 hektarea baino gehiago dira babestuta daudenak parke naturala eta parke nazionala batuz gero.

Jada 1255ean Alfontso X.ak erregeren ehizarako gune izendatu zuen parajea, eta ehizarako erabili izan da mendeetan zehar. 1950eko hamarkadan, ordea, beraren balio naturalistikoa onartzen hasi ziren, eta 1969an Doñana parke nazional izendatu zuten.

Doñanan, paduraz gain, dunak dira nagusi. Duna mugikorretan bizimodua zaila da oso landare eta gainerako bizidunentzat. Duna finkoetan, ordea, landaretzak aukera gehiago ditu, eta, ondorioz, baita animaliek ere. Basoetan hontza erregea aurki daiteke, edo eperrak eta belatzak sari-soroetan.

Untxiak, ordea, gaitzak jo eta urrituz joan dira urteak pasa ahala. Eta, haien atzetik, katamotz iberiarrak, untxiak baitituzte elikagai nagusi. Giza presioak ere ez die batere mesede egiten.
Gaur egun, 250 katamotz iberiar inguru dago mundu osoan; gehienak Sierra Morenan, eta gutxi batzuk, Doñanan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali