CAF-Elhuyar sariak

Zientzia-gaien euskarazko dibulgazioa eta, bereziki, idazle berriak sustatzeko asmoz sortu ziren CAF Elhuyar sariak orain 18 urte. Eta ordutik urtero-urtero Elhuyarrek eta CAF enpresak elkarlanean antolatzen dute sariketa hori. Lau kategoria saritu dituzte aurten, eta aste honetan bertan jakin dugu nor diren lan onenen egileak.

Zientzia-kazetaritza arloan, Gorka Zabaletarentzat izan da saria, Zumaiako Baleike herri-aldizkarian argitaratutako "Itsas hondoa eskura"erreportaje zabalarengatik.

Zientziaren dibulgazio-artikulurik onena Patricia Navarro, Alfredo Sarmiento eta Jone Omarrena izan da. Kimikaren artea eta artearen Kimika lana. Kimikak gizartean duen zereginaz hitz egiten du.

Eta Egilearen tesian oinarritutako lan onenaren saria JON MAKIBAR GOROSTIDIri eman diote PIROLISIA ETA BIOBIRFINDEGIAK lanarengatik.

Gazteei zuzendutako narrazio-lanen kategorian ez dute saririk banatu; izan ere, oso lan gutxi jaso dira, eta, epaimahaiaren esanetan, jaso direnek ez dituzte gutxieneko kalitate-irizpideak bete.

Azken urteetan, gainera, CAF-Elhuyar sarietan Merezimendu saria ere banatzen dute. Oso sari berezi, eta txalotua izaten da, zientzialari batek ibilbide osoan zehar egin duen lanaren aitortza baita.

Aurten, Joxe Mari Elortza kimikariak jaso du Merezimendu saria, eta guk berarekin egon nahi izan dugu.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa:  Leku aparta aukeratu dugu gure hitzordurako; Bergaran gaude, zure jaioterrian…

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria: Ez dakit hoberik aukeratu zitekeen.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Hementxe dugu Bergarako Seminarioa, eta bertan da Aranzadi Ikastola. Han eman zenituen lehenengo eskolak irakasle moduan, ezta?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria: Bai, horrela da.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Oroitzapen ugari izango dituzu?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria: Bai, oroitzapenak asko ditut, baina ez denak hemen esateko modukoak.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Gutxi batzuk.

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria: Esan diezazuket lizentziatura bukatu Valladoliden eta segituan hasi nintzela hurrengo urtean hemengo ikastolan, Aranzadi Ikastolan. Eta euskararekin lotzeagatik, gauza bat esango nuke: garai hartan euskarazko tresnak ez zeudela asko, banaka batzuk bazeuden, baina oso-oso gutxi. Eta, orduan, moldatu egin behar izaten genuen zegoenarekin.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa:  Zientzia, batez ere Kimika, eta irakaskuntza; horiek izan dira zure ibilbidearen oinarrietako bi. Hasieratik argi zenuen hortik joko zenuela?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria:  Bai, zalantzarik gabe. Gogoratzen naiz, Valladolidera joan nintzenean ikastera, nire helburua zela Kimikako Lizentziatura lortzea, gero irakasle izateko. Baina gaizki ikusita zegoen nire ikaskideen artean hori aipatzea ere, zeren eta denen helburua baitzen kimika egitea industriarako, industrian lan egiteko.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Bergaratik Donostiara, Kimikako Fakultatera, eta han polimeroak ikertu dituzu, irakasle aritu zara 30 urte baino gehiago, eta gainera euskara teknikoa, euskara zientifikoa, garatzeko lanetan aritu zara.

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria:  Bergarako ikastolan nengoela, erabaki bat hartu nuen: irakaskuntzan jarraitzea, baina unibertsitatean. Orduan hasi berria zen Donostiako Kimika Fakultatea, eta hara abiatu nintzen. Bigarren ikasturtea zen ni hara iritsi nintzenerako. Eta helburuak ziren irakaskuntza eta euskara. Eta egia esanda, hasieran, oro har, ez nuen oso giro ona aurkitu euskararen aldetik, baina bai ikasleen partetik. Ikasle batzuk zeuden, haiek ere buru-belarri, asmo horrekin. Eta haiekin elkartu ginen. Egia esanda, beste irakasle batzuk ere baziren, eta ez da komeni esatea inor ez zegoenik, batzuk bazeuden eta. Ez dakit denak aipatuko ditudan, baina Luis Bandres han zegoen, Antton Santamaria, Juanjo Peña eta… batzuk bazeuden.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Orduantxe hasi ziren eskolak euskaraz ematen, ezta?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria: Hasita zegoen eskolaren bat edo beste euskaraz ematen. Kimika alorrean justu ez, aipatu ditudan guztiak fisikariak edo ingeniariak zirelako.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa:  Baina euskara zeharo hankamotz zegoen zientziaren arloan?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria:  Zalantzarik gabe.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Zerotik hasi zineten.

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria:  Adibide moduan bakarrik esango dizut. Hasi ginenean, zer gutxiago kimika irakasten hasteko baino, elementuen izenak ipintzea. Eta hasi ginen errepasoa egiten eta… hidrogenoa. Eta euskaraz hidrogenoa nola esango diagu? Hidrogenoa, kloroa, bromoa, iodoa, astatoa, eskandioa, litioa, lantanoa, aktinioa, kromoa, molibdenoa…

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Hor ez zegoen itzultzeko askorik, ez?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria:  Ez zegoen. Eta euskaraz zer zegoen? Jode, ikusten genuenean burdina, pozik geratzen ginen! Edo urrea, urrea era badaukagu, edo zilarra, eta hori elementuekin bakarrik hasita. Hasten ginenean disoluzioak nola esan behar ziren… dena zen zalantza. Eta banan-banan gauza guztiak aztertu behar eta begiratu, eta gure gustukoa aukeratu, edo denon gustukoa behintzat, denok erabiltzeko modukoa.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Hori taldean egiten zenuten?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria:  Alde batetik, Kimika Fakultatekook egiten genuen hori, baina gero harremanetan jartzen ginen orduan sortu berria zen Elhuyarrekin, gero Bilbokoekin elkartzen ginen, eta askotan Udako Euskal Unibertsitatean egiten genuen hori.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Zuen helburuetako bat erabiltzeko moduko hizkuntza bat garatzea zen, ezta?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria:  Nire ikuspegitik gauza inportanteenetako bat hori zen. Zerbait esaten badut, zerbait idazten badut, gero hori azaltzeko da, ahoz azaltzeko, ez liburu batean zein hizkuntza edo zein hitz dotoreak erabiltzen diren esateko. Erabili egin nahi genituen hitz horiek.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa:  DIbulgazio-lan handia egin duzu zuk, liburu-zerrenda luzea kaleratu duzu, artikuluak barne. Zein iritzi duzu egun egiten den zientzia-dibulgazioaren inguruan?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria:  Lehenengo gauza esango nuke ikaragarria dela, handia, asko dibulgatzen dela. Euskararen aldetik esango nuke ez dagoela garai batean zegoen zailtasuna irakurtzeko ere. Irakurtzeko, ulertzeko… Lehen gertatzen zen gauza bat irakurri, paragrafo bat irakurri eta… honek zer esaten dik? Eta ez inoren erruz, bakarrik euskararen egoera horrelakoa zela. Eta berriz irakurri behar izaten zen paragrafo hori ulertu ahal izateko zer zioen!

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa:  Orain bi urte hartu zenuen erretiroa, baina badakigu idazten jarraitzen duzula. Zertan ari zara?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria: Nik batez ere zientziako gauzak egiten ditut. Niri kimikaren alorrean gehien gustatzen zaidana fisikarekin erlazioa duten gauzak dira. Termodinamika aipatuko nuke bat, eta, gero, kimika fisikoaren barruan, kimika kuantikoa. Eta une honetan kimika kuantikoko zerbait egiten ari naiz; itzulpenak, edo, itzuli baino, dauden gauzak neure modura esan.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa:  Erretiroarekin batera, aintzatespenak. CAF-Elhuyar Sarietan Merezimenduzko Saria jasota, nola sentitzen zara?

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria: Jakin nuenean ezusteko ikaragarria izan zen. Ez nuen inondik inora espero izango horrelakorik gertatuko zenik. Gero, poza izan zen. Eta Jose Mari Rodriguez Ibabek bidali zidanean e-maila, eta jakin nuenean Merezimenduzko Sari hau jasoko nuela... eta uste dut hirugarren aldia dela ematen dena. Aldez aurretik Luis Mari Bandrés eta Jose Ramón Etxeberria… eta esaten nuen izugarrizkoa zela. Ez nuen inondik inora horrelakorik espero.

Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa: Ondo pentsatutako saria da, ondo pentsatutako aintzatespena, eta, horregatik, zorionak, Joxemari!

Jose Mari Elortza, Elhuyar Merezimendu Saria: Eskerrik asko!

 

CAF-Elhuyar sariak

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali