Ez da gaur-gaurko kontua: zientzialariek mendeak daramatzate jakin nahian nola eta zergatik sortu zen bizia Lurrean. Oraingoz, biziaren lekuko bakarra da Lurra, eta erantzunak hemen aurkitu ezinik dabiltza zientzialariak. Horregatik, beste planeta batzuk dauzkate begiz jota bizi-arrastoen bila, Marte adibidez.
XVII. mendean teleskopioa erabiliz planeta gorria lehen aldiz behatu zutenetik, beste planetek baino Lurraren antz handiagoa duela susmatu da. Uste da duela milioika urte, planeta biek antzerako jatorrizko ingurua izan zutela. Beraz, Lurrean bizia badago, baliteke, Marten ere garatu izana, zergatik ez.
Etorkizuneko Exomars proiektuaren oinarria da aipatutako hipotesi hori. Proiektuaren helburua Marteko lurzoruan bi metroko sakonerako zuloa egitea da, lurpean leudekeen bakterio arrastoen edo beste bizi-arrasto batzuen bila.
Luigi Colangeli, ESA
: Lur-azpiko materiala aztertu ahal izango dugu. Eta hori oso garrantzitsua da jakiteko Marten iraganeko bizi-arrastorik dagoen ala ez.
Marteko bizi-arrastoen gakoetako batzuk Espainia hegoaldean egon daitezke, Rio Tinto ibaiaren uretan.
Luis Cuesta Crespo, INTA
: Rio Tinto ibaian mutur-muturreko baldintzetan bizi diren bakterio batzuk daude, extremofiloak. Horko uraren azidotasuna ikaragarria da. Bakterio horiek, azidotasun handiko uretan bizitzeko gaitasuna izateaz gainera, badute beste berezitasun bat, eurak dira-eta ingurunean azidotasuna sortzearen arduradunak.
Bakterio horien antzerako zerbaiten bila ari dira ikertzaileak Marten. Espainiako Astrobiologia Zentroan ikertu dituzte, Madrildik gertu, eta karbonoan oinarritutako biziaren ikerketan erreferentziazko lana egin dute.
Javier Gómez-Elvira, INTA: Astrobiologia Zentroa biziaren jatorria ezagutzeko asmoarekin sortu zen. Argi dago ezin ditugula diziplina guztiak aztertu, baina hainbatetan egin ditzakegu ekarpenak eta mugak ikertzen saiatu; mugetan, diziplinen arteko lanean, badagoelako zer egina. Baditugu astrofisikariak Unibertsoa behatzen, urruneko galaxietan dauden partikula-lainoak behatzen, baditugu geologoak gure eguzki sistemako planetak ikertzen, kimikari prebiotikoak ere baditugu, bizia sortu aurreko kimika nolakoa zen ulertu nahian dabiltzanak, eta biologoak eta biokimikariak ere baditugu, lehen mikroorganismoaren iragana gaur dakigunetik aztertzen ari direnak.
Kimikaz baliatzea biziaren sorrera ikertzeko, hori da Cassini-Huygens zundak, Saturnoren ilargi handienera, Titanera, egin duen bidaiaren helburuetako bat. 2005an lurrartu zuenetik, Huygens zunda Titaneko lurzoruari eta atmosferari buruzko informazioa bidaltzen aritu da.
François Raulin, SFE: Antzekotasun handia dago aintzinako Lurraren eta Titanen artean. Karbonoaren kimika oso garatua dago han. Alde bakarra ur likidoaren falta da. Beraz, Titanen gertatzen ari denak, lagunduko digu hobeto ulertzen duela lau mila milioi urte Lurrean gertatu zena.
Baina, bizia Lurrean bertan sortu zen kimikaren eraginez edo kometaren batek ekarri zuen? Oinarrizko galdera horri erantzun nahi dio Rossetak, Europako Espazio Agentziak Churyumov-Gerasimenko kometara bidali duen zundak. 2014an iritsiko da kometara zunda txikia, helburu handi batekin: molekula organikoen arrastoak aurkitzea, kometaren nukleoan bizia dagoela erakutsiko duten molekulak aurkitzea, alegia.
Badaude biziaren bila ari diren beste misio batzuk ere: Saturnoren Enceladus ilargira, ura daukan Jupiterreko Europa ilargi izoztura, eta abar. Baina bilaketa urrunago doa.
Luigi Colangeli, ESA
: Ez dugu bakarrik bizia aztertzen, bizitzeko egokiak diren tokien bila ari gara. Horrek esan nahi du, bizia garatzeko behar diren elementu guztiak biltzen dituen inguru egokia duten tokien bila gabiltzala. Horregatik, Eguzki Sistematik irten eta beste izar batzuen biran dabiltzan ilargiak eta planetak bilatu eta aztertu behar ditugu.
Eguzki Sisteman/Unibertsoan egon daitezkeen bizi-arrastoek nondik gatozen eta norantz goazen ulertzen lagunduko digute. Hori bakarrik ez, etorkizunean gizateriari Lurretik kanpoko bizilekuak aurkitzen ere lagunduko dio. //Hori bakarrik ez, Lurretik kanpo bizilekuak aurkitzen ere lagundu diezagute, batek daki, egunen batean gizateriak beharko dituen!