Bisurtea

Aurtengo egutegiari begiratu bat eginez gero, egun bat gehiago aurkituko dugu otsailaren amaieran: datorren ostirala, hain zuzen. Izan ere, 2008. urtea bisurtea da, eta horrek esan nahi du 366 egun dituela, eta ez 365.

Zergatia nahiko sinplea da: Lurrak, Eguzkiaren itzuli osoa emateko, urtebete baino zertxobait gehiago behar du: 365 egun, sei ordu eta 8 minutu, hain zuzen. Beraz, eguzki-urteak egutegi-urtearekin bat egiteko, lau urtetik behin, "soberan" dauden sei ordu horiek bildu eta egun oso bat osatzen da. Egun hori hilabeterik motzenari gehitzen zaio.

Baina, zer gertatzen da zintzilik geratzen diren zortzi minutu horiekin? Ba, 400 urte behar dira minutu horiek egun oso bat osatzeko. Beraz, 400 urtean behin ere urtea bisurtea da. Kristo aurreko 45. urtean ezarritako egutegi juliotarrak ez zuen bigarren akats hau kontutan hartzen eta, XVI. mendea iritsi zenerako, 11 eguneko desoreka pilatua zen. Gure egutegi gregorianoak ere badu akats txiki bat, segundo batzuetakoa; horrek esan nahi du 3000 urte barru zuzendu beharko dela.

Historian zehar, bisurteek mito ugari sortu dituzte. Horietako batek dio otsailaren 29an platera ere bisustu bilakatzen dela eta gehiegi jaten duena ez dela errudun sentitzen. Egun berezi hori datorren ostiralean izango da. Beraz, on egin!

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali