BIEMH 2010 (2)

Barakaldoko erakustazokan, BEC-en, bi urtez behin egin ohi den makina-erremintari buruzko erreportajea. Danobat-eko Asier Gandarias eta Beñar Kortabarria kazetaria bidelagun direla agertzen da biurtekoa.
B.K.: Eseri egin gara, ea!

A.G.: Jarri bai, ea gero nola irteten garen hemendik!

B.K.: Hauek dira robotikaren beste aplikazio batzuk.

A.G.: Aplikazio batzuk, hori da! Apur bat orain arte ikusitakoaren ondoan, elementu guztiz ezberdinetan sartzen gara. Makina-erremintarekin zerikusia duten elementuak dira, baina, azkenean, pertsonen eskuak ordezkatuko lituzketen sistema automatikoak izango lirateke. Esku horren muturrean, eskuak erremintak hartzen dituen moduan, roboten eskuei gauza desberdinak jarri ahal zaizkie. Kasu honetan, aplikazio ludiko baterako da, jolas-parkeetan egongo litzatekeen ikuskizun baterako. Gaur egun, Europan horrelako bi daude: Futuroscopen eta Eurodisneyn. Hemen aulkiak dauden moduan, jarriaz gero fresa bat, bestelako erreminta bat, paketeak hartzeko armiarma-esku bat edo, sistemak berdin-berdin funtzionatuko luke.

A.G.: Egon garen azken pabiloian gehienbat arranke edo materiala jan egiten duten makinak ikusi ditugu, eta orain sartzen ari garen pabiloian prozesuek zerikusi handiagoa dute deformazioarekin. Aurrekoa zen jatea, eta hemengoa forma eman txapari. Hau izango litzateke txaparen mundua, eta beste hori mekanizatuarekin zer ikusia duen giroa. Hemen prentsak,tolestatzeko makinak, puntzonadorak aurkituko ditugu, eta atzean utzi ditugunak ebaketa, zulaketa, fresatzeko makinak, tornuak, artezteko makinak eta abarretarako makinak izan dira.

B.K.: Ederto, goazen, bada, ikustera.

B.K.: Prentsa bat, Asier.

A.G.: Ikusten dugunez, bankada finko bat daukagu eta, gainean, beste mugikor bat, gora eta behera egiten duena. Izatez, prentsa honetan faltako lirateke erremintak: bertan sartuko liratekeen moldea eta kontramoldea. Tartean txapa sartuko genuke, eta prentsak egiten duen indarraz azken pieza lortuko genuke, gero kanpora aterako genukeena. Makina honek duen berezitasuna da sistema ohikoa, biela-biradera sistema, aldatu egin dutela. Zenbat jaitsi, noiz eta abar kontrolatzen duen sistema ezarri diote, eta horrek makinari malgutasun handia ematen dio.

B.K.: Eta horrelako makina bat zertarako erabiliko litzateke?

A.G.: Horrelako makina batek sekulako dirutza balio du, eta baita bertan jartzen diren moldeak eta kontramoldeak ere. Inbertsio aldetik begiratuta, horrek bakarrik dauka zentzua serie luzeak daudenean tartean, eta une honetan bi sektorek bakarrik dute ezaugarri hori: automozioak eta etxetresna elektrikoak.

B.K.: Lehen esan duzu, Asier, honelako makina batek diru asko balio duela. Beharbada ez duzu jakingo, baina, honek beronek zenbat balio dezake?

A.G.: Bueno, hau ibiliko litzateke 500.000 euroren inguruan. Makinak berak 90en bat tona dauzka; orduan, altzairuan bakarrik sartuta dagoen materiala 500.000 euroren bueltan ibiliko ginateke. Eta apur bat erlazionatzeagatik lehen ikusi dugun tornu bertikalarekin, hura, handian ikusita eta bezeroaren gutiziak kontuan hartuta, ibiliko ginateke 3,5/4,5 euroren bueltan.

B.K.: Neurtzea, makina-erremintan funtsezkoa.

A.G.: Makina-erremintan funtsezkoa, bai prozesuan gaudela, prozesuan aldaketaren bat edo egin beharko balitz, eskua sartu ahal izateko, bai prozesu hori amaitu ostean, jakiteko egin dugun hori ondo dagoen edo txarto dagoen. Hemen hainbat sistema ditugu. Hau, zehazki, laser bidezko neurketa-sistema bat da.

B.K.: Asko aldatu da neurketen kontu hau guztia, ezta? Laserra, x izpien sistemak... guztiak berriak dira.

A.G.: Bai, lehen eskuz egiten ziren eragiketa asko, gaur egun, dauden sistemez, laserraz batez ere, oraintxe hasi dira ezartzen industria-mailan. Eta hortik datozen onurak, produktibitate aldetik zein kalitatearen aldetik, askoz ere hobeak dira.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali