BIDATEK araztegia, zizareak hondakin-urak garbitzeko

Donostiako enpresa bat da, eta araztegi biologikoen kontzeptu berri bat ari da ezartzen. Araztegi honetan kutsadura organikoa tratatzen dute; hango berrikuntza nagusia da kutsadura eraldatu eta produktu erabilgarri bihurtzen dutela; alegia, humus bilakatzen dute. Horretarako, zizare eta bakterioak erabiltzen dituzte.

Behia eta zizarea. Itxuraz ez dute bi animaliok zerikusi handirik elkarrekin. Donostiako enpresa batek eraikitzen duen ur zikinak arazteko sisteman ordea, handienak "zikintzen" duena txikienak garbitzen du. Eta izaki are txikiago batek ere parte hartzen du prozesuan, bakterioek.

ASIER GUTIERREZ, Bidatek
"Filtro bat da, iragazki bat, geruza ezberdinez osatutako iragazki bat. Ura goitik botatzen da, iragazkia zeharkatzeko. Han, zizare eta bakterioek osatutako biomasa bat dago, eta, azkenik, ur garbia behetik irteten da, eta goian humusa egiten da."


Lazkaoko Iztueta esnetegian eraikitzen ari dira bidatek sisteman oinarritutako araztegi biologikoa. Igerileku itxurako hau granulometria ezberdineko zerrauts-geruzaz beteko dute. Hondakin uren kutsaduraren eta kantitatearen arabera, aldatu egiten da geruzen egitura. Bezero bat, iragazki bat. Azpi-azpian, harriak edo plastiko-zatiak ipintzen dira beti, urak, behin garbituta, ibaira segi dezan. Gainazalean, berriz, zizare eta bakterioen biomasa. Biomasa bera ere kutsadura organikoari egokitzen zaio. Hemen, behi-esnea ekoiztean sortzen dituzten hondakin-urak dira garbituko beharrekoak.

ASIER GUTIERREZ, Bidatek
"Hemen tratatu behar ditugun urak esne-urak dira; orduan, guk zizareak eta biomasa horretarako prestatzen ditugu: inokulatu egiten ditugu, eta laktosa proteinaz elikatu, gero ura garbi dezan eta sistemara azkarrago egiteko".

 

MARIA JESUS INTXAUSTI, Iztueta baserria
" Azken batean guk esnea eraldatzen dugu, eta eraldaketa horrek suposatzen du gero dena garbitu egin behar dela. Astean 1500, 2000 ur litro izango dira garbitu beharrekoak".

 

Alkizako araztegia martxan da pasa den maiatzetik. Kasu honetan, 350 biztanleren hondakin-urak dira tratatzen direnak. Hodi honetatik etortzen dira. Lehenik solidoak kentzen zaizkio urari makina honetan, eta gero iragazkiaren gainean zabaltzen dute.

ASIER GUTIERREZ, Bidatek
"Hau da sistema kontrolatzen duen koadro automatikoa; tanga nagusiko uraren sakabanatzea kontrolatzen du. Ihinztagailuen bidez sakabanatzen da iragazkian. Oso garrantzitsua da sisteman ongi funtziona dezan; izan ere, iragazkiak dena xurgatu behar du pixkanaka-pixkanaka, putzurik egin gabe. Putzurik egingo balitz, zizareak hil egingo lirateke, ura ez litzateke ongi araztuko eta emaitza kaskarrak lortuko genituzke".

Prozesu hau automatikoa da, eta aurrez programatzen dira ponpak. Kasu honetan, 60 aldiz errepikatzen da ureztatzea, egunean eguneko ura tratatzeko. 35- 40 metro kubiko dira oraingoz garbitzen direnak. Alkizako sistemaren arazte-gaitasuna 60 metro kubikorainokoa da. Orain arte putzu septikoarekin moldatu dira, baina txiki eta zaharkitua gelditu zitzaienean, beste bide batzuk aztertzen hasi ziren, Bidatek sistemarekin topo egin zuten arte.

JON ROTETA, Alkizako Alkatea
"Aurretik beste proiektu bat geneukan bestelako araztegi bat jartzeko. Gastuak igo egiten ziren, ordea, eta zer egin zitekeen begiratzen hasi ginen. Azkenean, hau egiteko garaian, ez da beste proiektuak baino garestiagoa, eta mantentze-lanen gasturik ere ia ez dauka. Udal-langileak 14 ordu baino ez ditu ematen hilean hemen."

Mantentze-lan urria da, hain zuzen, sistema honen berezitasunetako bat. Ihinztagailuak garbitu eta iragazkiaren gainaldean putzurik egiten den begiratu besterik ez du eskatzen. Noizbehinka lurra iraultzea nahikoa da. Urtean behin zizareen digestioaren emaitza ,humusa, atera behar da. Horretarako, ihinztagailuetako bat ixten dute. Ingurua lehortu ahala, zizareek alde egiten dute: orduan, hustu egiten da zati hori, eta, bukatzeko, geruzak berriro berrantolatu.

ASIER GUTIERREZ, Bidatek
"Zizareak orain behean egongo dira, euria egin du eta; hezetasuna gustatzen zaie, ez putzuak. Zizareak dira sistema honen elementurik bitxiena eta, aldi berean, garrantzitsuena. Nola mantentzen dira? Sistema oso sendoa da, kutsadura handia dagoenean zizare-populazioa igo egiten da, eta kutsadura jaisten basa, mantendu egiten da populazio hori."

BORJA VALLINA, Bidatek
"Instalazio honek tratamenduaren zikloa ixten du, ura garbitzeaz gainera, kutsadura ongarri bihurtzen duelako. Ez du lohirik sortzen; hortaz, ez dago ur hori tratatzeko gasturik. Elektrizitatean ere gastua huskeria da, eta ez dugu erreaktibo kimiko edo biologikorik erabiltzen. Sistema merkea da".

Desabantailak bilatzekotan, neurriarena. Lur-eremu handia behar du iragazkiak, hondakin-ur kantitatea handia bada. Horregatik, ez da bideragarria hiri handietarako. 1.000 biztanle inguruko herri txikiak, edo ustiakuntzan materia organikoz kutsatutako ura sortzen duen industriaren beharrei erantzuten die egokien sistema honek: haztegiak, hiltegiak, harakintza-enpresa edo esne-industria, Lazkaoko kasu honetan bezala.

MARIA JESUS INTXAUSTI, Iztueta baserria
"Sistema ezberdinak ikusi ditugu, baina ia denetan produktu kimikoak bota behar dira, prozesu hori egiteko. Zizareen sistemak, berriz, ez horrelako ezeren beharrik; modu garbian, ekologikoan egiten du lana"

Araztutako ura errekasto batera botatzen dute beherago, benetan garbia dela ziurtatzeko beharrezko neurketak egin ondoren. Probeta hauetan, sisteman gertatzen den prozesua azkartu egiten dute, erreaktiboen bidez. Urak zenbaterainoko kutsadura organikoa duen jakin dezakegu, oxigenoaren laguntzaz.

ARANTXA ABAD, Ingurugiro ingeniaria
"Oxigenoak du ahalmen hori. Kutsadura degradatu egiten du berak. Hemen, gure sisteman, bakterioek egiten dute, baina neurketa egiteko prozesu kimiko bat egiten dugu. Oxigenoarekin, zenbat oxigeno kontsumitzen duen laginak degradatzeko"

Oxigenoaren eskaera kimikoa edo DQO delakoa litroko miligramotan neurtzen da. Fotometroak esaten du zenbatekoa den. Sartzen den urak 720 miligramo materia organiko du litroko. Iragazkiak bere lana egin ondoren emaitza bestelakoa da.


Ingurumen-ingeniaria
"Hau da irteten den uraren DQO, 81, legeak agintzen duen 125 mg/l-ren azpitik"

ASIER GUTIERREZ, Bidatek
"Hau da sartzen dena , eta hau irteten dena, erreka batera edo lurrera botatzeko erabat baliagarri"

 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali