Turismoak, familiarrak, monobolumenak, coupéak, deskapotableak... Asko dira auto-marka batek eskaintzen dituen modeloak, eta, normalean, modelo bakoitza fabrika ezberdinetan ekoizten du, horrek suposatzen duen diru-inbertsioarekin.
Bata bestearekin soldatutako pieza askok osatzen dute auto baten txasisa. Denek daukate antzeko geometria, baina denak ezberdinak dira: batzuk zuzenagoak, beste batzuk kurbatuak eta zulatuak edo erlaitz txikiekin. Pieza bakoitza egiteko, tresneria jakin bat erabiltzen da.
PROFORM proiektuan, tresneria berdina erabiliz modelo ezberdinetarako piezak egin ahal izatea bideratu dute. Hau da, autoetan leku eta funtzio bera duten piezak egin ahal izango dira, nahiz eta biak ezaugarri ezberdinak dituzten autoetarako izan. Adibidez, utilitario batean edo familiar batean, sabaiko nerbioaren neurriak desberdinak dira, eta dagokion tresneria erabili behar dute gaur egun pieza horiek fabrikatzeko. Proformek hori aldatu egiten du.
Horrela, ekoizpen-denbora eta kostua gutxitzen dute.
LANDER GALDOS / MU: Gaur egun, hau dena prentsa bidez egiten da, hau da, tresneria handi batekin, ez dakit zenbat eurokoa; eta hor, konformatzen zen pieza bakoitzerako tresneria jakin bat behar zen.
Hau ez da batere malgua. Egin duguna zera da, lehenago profilatzea zena, hau da pieza edo profil zuzenak besterik ez egitea, profil aldakorrak lortzeko aldatu dugu. Gaur, Ford Focus bat, pieza motza, egiten ari baita, hau bezalakoa adibidez; bihar, familiarra, pieza luzeagoa edo forma aldatua duena egingo luke, tresneria aldatu gabe. Bakarrik makinaren programa aldatuta. Hori da abantaila.
Proiektu honetan proposatzen den sisteman, lehenik materiala behar den neurrira mozten da laser bidez.
Ondoren profilatu egiten da, hau da, behin betiko forma eta neurria ematen zaio piezari.
Gaur egun, piezak egiten dituzten makinetako arrabolak finkoak dira, eta egiten dituzten pieza guztiak berdinak dira.
LANDER GALDOS / MU: Azkenean, ardatz kontrolatuak dira. Geometria aldatzen bada, arrabolen mugimendua ezberdina da. Egiten dena da pantailaren bidez mugimenduak programatu. Bakarrik mugimenduak aldatuta, eta, hasierako laserren ebaketa aldatuta, egina dago.
Beraz, proiektuan malgutasuna eman zaie tresneriaren arrabolei. Arrabolak informatika.sistema baten bidez kontrolatzen dira, eta, programaren parametroak aldatuta, neurri edo forma berriko beste pieza batzuk egin daitezke.
Pieza bakoitzaren zehaztasunak edo deformazio-prozesuak orain arte estanpazioz egiten ziren; proiektuan, eremu elektromagnetikoa erabiliko da horretarako.
Eremu magnetiko aldakor baten bidez, korrontea induzitzen zaio txapari. Txapa abiadura handiz ateratzen da bobina batetik, eta matrize baten kontra jotzen du.
Prozesu horrekin forma geometrikoak lor daitezke puntzoirik erabili gabe.
Konformazio elektromagnetikoa askoz ere azkarragoa da, ohiko prozesuak baino. Prentsa mekaniko batek ezin du gainditu segundoko 5 metroko abiadura piezaren konformazioan, eta eremu elektromagnetikoa segundoko 350 metrora irits daiteke.
Akabera emateko eta erroreak zuzentzeko, profila berotu egiten da, laser bidez. Pieza beroan errazago konpon daitezke akats geometrikoak.
Prozesua ez ezik, Mondragon Unibertsitateak material malguagoak eta erresistenteagoak probatu ditu. Izan ere, gaur egun erabiltzen diren materialak erresistenteak dira, baina ez dute oso portaera ona teknologia berriekin. Etorkizunean, erresistentzia handiko altzairuak edo aluminio-belaunaldi berriak erabiliko dituzte, besteak beste.
LANDER GALDOS / MU: Lortzen duguna da lodiera berean edo pisu berean erresistentzia handiagoa izatea. Hala, autoaren pisua jaitsi egiten da, kontsumoa jaitsi, CO2-aren emisioak jaitsi, kostea jaitsi...
Txasisaz aparte, autoaren egitura osatzen duen beste pieza batean ere lanean aritu da Mondragon Unibertsitatea, IntegrAuto proiektuan.
Gaur egun, autoetako aginte-panelaren atzealdean dagoen modulua zati askok osatzen dute. Euskarri baten gainean, material diferenteekin egindako zatiak lotzen dira, gehienetan torlojuen bidez. Horrek fabrikazio-prozesua zailtzen du, eta pieza bera astuna egiten du.
Pieza bakarreko osagaiak eta horien arteko loturak gutxitzea —osagaiak bata bestean integratuz— izan da proiektu honetan lortutako beste emaitza bat.
ZIGOR AZPILGAIN / MU: Gaur egun, pieza horren ezker-eskuin doan beste pieza bat egitura mekano-soldatu batzuen bidez egiten da, eta horren hobekuntza moduan proposatu zen osotariko pieza bat egitea, eta aluminiozkoa gainera, pisuaren aldetik horrek dituen abantailagatik eta abar.
Hor doan tutu-egitura nagusi hori ... horretan material berriak sartzea, eta horiek eraldatzeko prozesu berriak asmatzea edo garatzea. ...Eta horiek, noski, eskatzen dute prozesu berriak garatzea, adibidez, gas bidez tutu hori deformatzea, puztuz edo fluido baten bidez, likido baten bidez puztu eta eraldatzea, eta abar.
Azkenik, aurrekoetan lorturiko piezen loturak nola garatu edo nola hobetu behar diren.
Automobilgintzan egindako urratsek badute lehenengo emaitzak Asian. Korean, dagoeneko jarri dira martxan Proform-en ideiak, eta Indian ere bidean daude.