Arrikrutz koba
Mendeetan zehar Arrikrutz animalia basatien gordelekua izan bada ere, aurten, bisitarientzat ireki dute. Koba ezin da osorik bisitatu, soilik 53. galeriaren 500 metro igaro daitezke pasarela baten gainetik. Kobaren aurrenengo esplorazioak Aloña Mendi Espeleologia Taldeak hasi zituen 1940ko hamarkadan. Marcel Loubens esploratzaile frantsesaren ohorez izendatu zuten galeria hau, urte horretan, 1953an, aurkitu baitzen haren gorpua San Martingo Harrian.
Kortea:
Alvaro Arrizabalaga; Aranzadiko Historiaurreko Arkeologia saila
"Seguruenik...osoak ere bai" (Kobaren eraketa duela bi milioi urte hasi zen. Aztarna paleontologikoak aurkitu dira, animalien hezurdurak...)
Galeria-sare honek dituen sei solairuetatik, hirugarrena dugu ikusgai. Honen gainetik doazen hirurak galeria fosilak dira, hau da, gaur egun ez da haietatik errekarik igarotzen. Azpiko beste biak, berriz, aktiboak dira eta, neguan etorriz gero, ibaia entzun daiteke oinen azpitik igarotzen. Hemen, iragazten den urak sortutako tantak entzuten dira bazter guztietan. Oraindik ere, mantso baina etengabe, inguratzen gaituen harrizko paisaia osatzen ari dira.
Paisaia honetan gehien errepikatzen diren egiturak dira urak dakarzkien mineralen metaketak sortutako estalaktitak eta estalakmitak, eta kolore askotakoak aurkitu daitezke. Gorriak burdin urak osatutakoak dira; belztuak manganesoak eratu ditu, eta kaltzitak, berriz, zurixkak. Estalaktitek eta estalakmitek mila urte inguru behar izan dute zentimetro bakar bat luzatzeko. Asko hazten direnean, bata bestearekin batzen dira, eta zutabeak sortzen dituzte. Batzuk hautsita daude, honako hau bezala, lekualdatuta. Lurra mugitu egin den seinale. Beste batzuk okertu, kizkurtu egiten dira zatitu aurretik.
Ezkerretara saihesten den bide batetik jarraituz, "Makarroien aretoa" izenarekin ezagutzen den gelatxo bat dago. Sabaia kaltzitaz osatutako estalaktita fin eta hutsek betetzen dute. Izotz-kandela itxurako estalaktita arruntak baino askoz azkarrago hazten dira, ur-tantak, kanpoaldetik igaro beharrean, barruko hutsunetik jaisten baitira. Baina ura ez da beti sabai lau batetik perpendikularrean erortzen: sarritan, hormaren maldatik irristatzen da, eta banderola moduko beste eraketa fin hauek moldatzen ditu.
Ibilbidea aurrera doan neurrian, lehoi baten ustekabeko orroak izutu gaitu.
Alvaro Arrizabalaga; Aranzadiko Historiaurreko Arkeologia saila
"Bereziki garrantzitsua...Europa mailan" (Ezohiko aurkikuntza, oso garrantzitsua Europan. Harpeetako lehoia -140,000 eta -40,000 bitartean bizi izan zen eta gaur egungoa baino askoz handiagoa zen.)
Lehoiarenaz gainera, beste animalia askoren hezurrak agertu dira hemen. Alde batetik, negua pasatzera sartzen ziren ehunka hartzen aztarna paleontologikoak aurkitu dituzte, leizetako hartzenak, hain zuzen. Bestetik, barruan hildako animalien bila etortzen ziren haragijaleenak, hiena eta otsoenak adibidez, eta haiek ekarritako zaldi, orein eta ahuntz batzuenak ere bai. Gizakiei dagokionez, azken lau mila eta bostehun urteetako aztarnak aurkitu dira galeriak kanpoaldean dauzkan harpe edo sarrera txikietan, baina inoiz ez ziren hemen barruan bizi izan.
Alaitz Ochoa de Eribe, Elhuyar Fundazioa
"Marcel Loubens galerian gaude. Gaur egun bisitarientzat irekita dagoen ibilaldia ez da honaino iristen, baina gu pixka bat harago joan gara zuei Arrikrutzeko altxorretako bat erakustearren: "eszentrikoa"
Gezurra badirudi ere, estalaktita bat da. Teoria ugari daude eszentrikoak nola sortzen diren azaltzeko, baina zientzialariek oraindik ez dakite ziur zein den benetako jatorria. Hipotesi zabalduenak dioenez, urak dakarzkien mineral-partikulak erakarri eta aldaratu egiten dira, grabitate-zentrotik ezker-eskubira eginez. Emaitza, berriz, hamaika alditan biderkatzen diren harrizko adartxo hauek dira.
Marcel Loubens galerian barrena goazela, gours edo putzuak urez beterik ikus ditzakegu. Gizakiak eraikitako dikeak dirudite, baina kaltzitan aberatsa den urak altxatu ditu, maila desberdinetan banatzen diren koska hauek osatuz.
Itzultzean, koladak eta jentilen lapikoak, errekarriek kobaren sabaian egindako zuloak, ageri zaizkigu. Sartzean ez ditugu ikusi ere egin, ezin denari begirada bakarrean antzeman.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







