Algak, itsasoko belarra

Uda amaituta hondartzak jendez husten direnean, itsasertzean lerro gorri bat marrazten da itsasbeheran. Gelidium izeneko alga da. Eta Zumaia eta Hondarribia arteko kostara 16.000 tona inguru iristen omen da urtero. Alga-biltzaileen lana da Gelidium-a batzea itsasoak berriz eraman baino lehen.
Antonio Lasak 35 urte darama Gelidium alga biltzen. "Belarra" esaten diote alga-biltzaileek. Donibane Lohitzune eta Jaizkibel artean egiten du lan, batez ere.

ANTONIO LASA; alga-biltzailea: Arbolaren hostoa bezala etortzen da Alga: udan hazten da hura, eta, gero, udazkenean, haizearekin erori egiten da. Bada, hor, igual-igual: udan belarra hazten da, eta, gero, itsasoa txartzean, erori egiten da belar hori, eta erdaraz algas muertas edo alga hilak.
Itsaso txarraren ondotik beti etortzen da. Zaindu piska bat kosta, eta goizero begiratu badagoen, eta, baldin badago, edo etortzeko tankera hartzen zaionean, bada, jendea abisatu lanerako, eta etortzen dira. Sare batzuk jartzen ditugu, eta sare horiek bete, lotu kablea eta tira egiten dugu leku bateraino, kamioia edo traktorea etortzeko lekuraino. Traktorea kargatzen dugu, eramaten dugu zelaietara eta zabaldu egiten dugu. Eta han lehortu. Beti ez da lehortzen. Hamabost egunean euria egiten badu , usteldu egiten da, eta, orduan, ez du balio. Eta, bestela, lehortu eta fardoak egin eta saldu egiten diogu gehien pagatzen duenari.

Gelidium alga lehorra agar-agarra ekoizten duten fabriketara eramaten da. Burgoseko Hispanagar honetan, adibidez, itsasotik urrun izanagatik, ezin dute ezkutatu algarekin egiten dutenik lan: itsaso usaina sarkorra da benetan. Gelidium-etik agar-agarra erauzten dute, gelatina bat, gelatina hauts bat, zuzen esateko, elikagaien industrian erabilera handikoa, eta baita laborategietan ere, hazkuntza inguruneetarako, esate baterako.

Algak duen gelatina erauzteko prozesua berotan egiten da. Gelatina kilo bat ateratzeko bost-hamar kilo alga behar dira; hau da, errendimendua % 10 eta 20 artekoa da.

Iragazi, eta lortzen den gelatina prentsatu egiten da, deshidratatzeko. Agar-agarrak prozesuaren amaieran itxura hau du: lehorra eta ehota.

JAVIER FERNÁNDEZ; Hispanagar: Prozesu industrialetan erabiltzen da, esnekietan, gozokietan, donutsen gainaldea egiteko eta abar. Baina, etorkizunera begira, aplikazio garrantzizkoena mikroorganismoen determinazioarekin lotutakoa da: bakterioen hazkuntza, hazkuntza-inguruneak Petri plaketan eta abar. Agar-agarretik agarosa ere ateratzen da, eta biologia molekularrean erabiltzen da.
Bide luzea egin daiteke, alga honetatik abiatuta.

ANTONIO LASA; alga-biltzailea: Ez dakit, etorkizunaren berri gutxi dakigu. Bakarrik dakigu... urtero zer edo zer berria ateratzen dutela alga honetatik abiatuta, eta esperantza daukagu aurrera segitzeko.

Alga-bilketaren etorkizunerako, aplikazio berriak ez ezik, bildutako alga-kantitatea ere garrantzitsua da, noski. Antza denez, ez dago garai batean adina alga, eta gaur egun askoz gutxiago iristen da kostaldera.

ANTONIO LASA; alga-biltzailea: Hamarretik batera dago jaitsita gauza, bildutako kantitateak-eta. Hamarretik batera, gutxi gorabehera. Beharbada etorriko da gero, baina, aspaldi honetan,, azkeneko urte hauetan, horrela dago.
Kilo bat alga lehor egiteko, lauzpabost busti behar dituzu, eta nik ez dakit lehorrak zenbat egingo diren ba... hogei, berrogei tona edo, azken urte hauetan. Lehenago, hirurehun egitera ailegatu ginen. Lehorrak, e? Kontuak atera.

ANTONIO LASA; alga-biltzailea: Badakigu Zumaian hasi eta Galiziaraino kalitatea pixka bat jaitsi egiten dela; beste alga txar batzuk sartzen dira tartean eta...

Alga-bilketarako funtsezkoa da Gelidium alga garbi iristea kostara, ezpurutasun gutxirekin. Leku batzuetan, beste alga batzuekin nahastuta iristen da, ordea. Alga horien artean bada bat kontuan izan beharrekoa, alga tropikal inbaditzaile bat, azken urteotan asko zabaldu dena. Donostiako Ondarretako hondartzan, esate baterako, nabarmen-nabarmena da. Duela lau urte inguru ohartu ziren haren presentziaz.

JULIAN MARTINEZ; Insub: Espezie berri bat agertu zela ohartu ginen, espezie gorri bat, bertako baten oso antzekoa. Eta erabat harrituta geratu ginen identifikatzera eraman genuenean: inguru tropikaletako espezie bat zen.
Harrigarria da hainbeste jende dabilen hondartza batean hain kantitate handia egonda, adituak lehenago ohartu ez izana alga honen agerpenaz.

Udazkenean, Ondarretako hondartzan nabarmena da Centroceras clavulatum alga inbaditzaile hau, hain da ugaria. Itsasbehera dagoenean, haitzak pintzel gorriz margotuta daudela dirudi. Alga hau ez dago Ondarretan bakarrik, noski; euskal kostaldeko gune babestu askotan hazten da.

JULIAN MARTINEZ; Insub: Orain arte bibliografian jaso izan diren espezie exotikoen artean, hura zabaldu da gehien euskal kostaldean, alde handiz.
Alga honena nahiko kontu berria da; hamar urteko tarteaz ari gara, eta hori, ekosistemez ari garela, oso epe laburra da. Hori bai, argi dagoena da inguruko aniztasun biologikoari eragiten ari zaiola.

Itsas lasterren eta olatuen eraginez, nahastu egiten dira bi alga-espezieak; katramilatuta geratzen dira, eta, ondorioz, alga inbaditzailea hazten den guneetan biltzen den Gelidium-ak ezpurutasun handiagoa du.

JULIAN MARTINEZ; Insub: Bien arteko aldea nabarmena da. Gelidium sesquipedale handiagoa da, adarkadura zabalagoa du... eta Centroceras-ek kotoi-bolatxoen itxura du.

Alga-biltzailearena sasoiko lana da. Bilketa irailean hasten da, eta abenduan amaitzen da.

ANTONIO LASA; alga-biltzailea: Eta jaia izan edo larunbata izan, ez dago ordurik. Marearekin egiten dugu lana, eta itsasoa bere orduetan ibiltzen da, eta zuk ez baduzu hartzen, berak eramaten du berriz. Horixe da gure lana, bai.

Algak, itsasoko belarra

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali