On Zientzia Bideo lehiaketa
2010ko aza. 14a, 00:00
DOPPLER EFEKTUA
Imajinatu autoan zoazela.
Ikusten al duzu orduko 80 kilometrotik gorako abiadura debekatua dagoela adierazten duen seinale hori? Azkarrago bazoaz, radarrarrak hauteman, eta isuna jar diezazukete.
Baina, nola funtzionatzen du radarrak? Doppler efektuari esker.
Behatzailea edo iturria mugitzen ari denean uhin batean gertatzen den frekuentzia-aldaketa da Deppler efektua.
Jar dezagun adibide bat. Hau uhina da, eta hau bere frekuentzia.
Orain frekuentzia ezberdinak ikus ditzagun.
Beste adibide bat. Geldirik dagoen objektu bat badugu, hala nola pareta bat, eta uhin bat jaurtitzen dugu, errebotean frekuentzia bera jasoko duzu, objektua edo pareta ez delako mugitzen.
Pareta bat izan beharrean mugitzen den objektu bat badugu, adibidez autoa, radarrak uhina jaurtitzen duenean, erreboteak frekuentzia aldatuko du.
Hori da Doppler efektua.
Frekuentzia aldatzean, radarrak mugitzen den objektu edo autoaren abiadura ikus dezake. Baina nola kalkulatzen da mugitzen den objektuaren abiadura? Bada, Doppler efektuaren formulaz.
Hau radarrak emititzen duen frekuentzia da. Hemen dugu radarrak jasotzen duen frekuentzia. Hau argiaren abiadura da, eta hau autoarena.
Egin dezagun esperimentu erraz bat.
Hauek dira behar ditugun materialak: autoa, Audicity programa duen ordenagailua, bozgorailuak eta mikrofono bat.
Hau gure radarra da, bozgorailuak emisorea dira, eta mikrofonoa hartzailea.
Autoa orduko 80 kilometroko abiaduran jartzen dugu, kilohertzio bateko frekuentzia emitituko diogu, eta jasoko dugun frekuentzia 1,14 kilohertziokoa da.
Datu hauek gure formulara pasatzen baditugu, ikusiko dugu radarrak detektatzen duen gutxi gora-beherako abiadura orduko 80,07 kilometro dela.
Ondorioa : auto baten abiadura jakiteko, radarrak emititu duen uhinaren frekuentziaren aldaketa erabiltzen da.
HEGAZTIEN INGURUAN: LUMAK
Honelako tokietan uneoro egoten dira hegaztiak, eta, gorotzez gain, lumak ere aurki ditzakegu. Lumak hegaztien ezaugarri nagusia dira; izan ere, hegazti guztiek dauzkate, eta gainerako animaliek, berriz, ez.
Lumak izan zituzten lehen izakiak duela 150 milioi urte bizi izan ziren. Archeopteris-en fosila adibide argia da. Narrastien antzerako hezurdura zuen, eta, hegaztiek ez bezala, haginak eta buztana zituen. Hala ere, esternoiak ez zuen gaur egungo hegaztien gila-formarik. Horregatik ez zuen hegan egin ahal izateko behar beste gihar. Baina lumak gaur egungoen parekoak ziren.
Forma, tamaina eta kolore askotako lumak daude, baina, oro har, guztiek egitura bera dute. Erraki izeneko ardatz luze bat dute, eta horri erantsita egoten dira lumaren gainazala osatzen duten luma-bizarrak. Mikroskopiotik ikusita, bizar horiek bata bestearekin elkartzen diren bizartxoetan adarkatzen dira, kremailera bat balitz bezala. Hain egitura bitxia ikusita, galdera hau datorkit: zertarako balio dute lumek?
Lumek hegan egiten laguntzen dute; begi-bistakoa dirudi. Zurrunak dira, oso arinak, aerodinamika ezin hobea dute, baina... beste ezertarako balio al dute? Egia esan, bai.
Tenperatura jaistean, lumak harrotu egiten dira, eta airea harrapatzen dute. Aire hori bero mantentzen da, berotasuna galtzea eragozten duen geruza bat balitz bezala. Oso mekanismo eraginkorra da, eta imitatu egin dugu, berokiak eta edredoiak egiteko.
Lumak iragazgaitzak ere badira. Euritik babestuz animalia ez hoztea lortzen dute. Uretako hegaztien kasuan, erabateko iragazgaiztasuna nahitaezkoa da, uneoro ura ukitzen egoten direlako. Gorputza bustiko balitzaio, berehala hoztu, eta hil egingo litzateke hegaztia.
Ubarroien kasua deigarria da. Ez dituzte oso luma iragazgaitzak, eta uretan sartzen direnean erabat blaitzen dira. Askotan, hainbeste ur xurgatzen dute, non hegaldia hastea ere kosta egiten baitzaie. Arazoari irtenbide eraginkor bezain ikusgarria ematen diote: hegoak zabaldu, eta eguzkitan lehortu. Batzuetan, astintzeak ere laguntzen du.
Hontz eta mozoloentzat, hegan egitean zarata ateratzea arazo bihur zitekeen, baina geruza iletsu eta leun batez estalitako lumak dituzte. Aurrealdean dituzten hagintxo batzuei esker, hegoen arteko marruskadura ere txikia da. Horrela, isilean egiten duten hegan, ezkutuko ehiztari bihurtuta.
Beraz, lumak zaindu beharreko altxorra dira. Funtsezkoak dira garbitasuna eta bainua sarri samar hartzea.
Ahalik eta gehien zainduta ere, kreatinaz eta hildako zelulez osatuta daudenez, denborarekin higatu egiten dira lumak. Zaharrak berriekin ordezkatu behar izaten dira.
Hegazti harraparientzat ezinbestekoa da hegan egiteko gaitasun handia izatea, bestela ezingo bailukete ehizarik egin. Horregatik, bi urte behar izaten dituzte lumak aldatzeko. Batzuetan, animalia berak hiru luma-belaunaldi ere izan ditzake!
Ahateen kasua ez da hori. Hegazti hauek batera aldatzen dituzte lumak, urteko sasoi jakin batean. Hegan egiterik ez dutenez, taldearen babesa bilatzen dute. Luma guztiak batera aldatzen dituzte, urtean bitan egiten dutelako. Horrela, negurako lumaje bat dute, eta nekez bereizten dira arra eta emea; uda-sasoian, berriz, beste lumaje bat dute arrek, eztei-lumajea. Jantzi horrekin, erabat aldatzen da arra.
Modu batean edo bestean, hegazti guztiek aldatzen dituzte lumak, eta une horretan dauden tokian uzten dituzte. Beharbada orain, esandakoaren ondoren, ez ditugu gehiago hondakin gisara ikusiko, ingeniaritza-lan bikain gisara baizik.
On Zientzia Bideo lehiaketa
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian