Euskararen Eguna izan berritan, ama hizkuntza eta osasunaren arteko erlazioa izango dugu hizpide, Kepa Erdocia Uriarte EHUko hizkuntzalariarekin eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldeko kidearekin.
Hizkuntzak, noski, garrantzia handia du osasun-arretan mediku eta pazientearen arteko harremanean eta Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zaintza intentsiboetako medikuak urteak daramatza gaiaren inguruan gogoeta egiten.
Donostiako BCBL ikerketa-zentroan ere izango gara. Elebitasuna dislexiaren kontrako babes kognitiboa ote den jakiteko proiektu bat abiatu dute. Haur elebidunen garuna aztertzen dute proiektu horretan. Bestalde, ama hizkuntza hizkuntza gutxitua izateak baditu bere ajeak eta euskaldunei zuzenean eragiten die. Esate baterako, hizkuntza-nahasmenduen ebaluakeak egiteko euskaraz sortutako materiala falta da, hala diote Neure Clinic-eko adituek. Konponbidea gertu izan daiteke ordea: EHUk iaz zabaldu zuen logopedia gradua euskaraz Donostiako campusean.







