Gehienbat arazo estetiko gisa arduratzen bagaitu ere, populazioaren % 20k pairatzen duen azalaren gaitza da zahia.

Azal berriak, hazten den heinean, kanporantz bultzatzen ditu zelula epidermikoak, hil eta ezkata txiki bihurtuta erortzen diren arte. Pertsona gehienetan, aldaketa hori hilean behin gertatzen da, batez beste, eta ezkata horiek ia ikusezinak dira. Baina, zahia duten pertsonetan, zelula-aldaketaren erritmoa asko azkartzen da; zelula hilak pilatu, eta maluta zuri gisa erortzen dira.

Uste da azalean bizi den onddo baten gehiegizko produkzioak sortzen duela zahia. Onddo hori giza koipeaz elikatzen da, eta zelulen berritze naturala aldatzen du.

Hura tratatzeko, zahiaren aurkako xanpuek bi bidetik jotzen dute: batzuek harrikatz-mundruna dute, zelulen zatiketa galarazten duen substantzia bat; beste batzuek, berriz, onddoa ugaltzea galarazten dute, antifungikoak baliatuz; adibidez, selenio sulfuroa edo ketokonazola.

Zahia benetan iraunkorra da, eta oso zaila da hura guztiz suntsitzea; ziklikoki berragertu ohi da, estres-garaietan eta baita negu hotzetan ere.

Zahia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali