Trenak abian

Abiadura handiko trenak oso bizkorrak dira, baina ez dute abiadura hori uneoro mantentzen. Arazoa, trena argi-indarrez elikatzen duen katenarian dago. Mondragon Unibertsitateko ingeniariak arazoari irtenbidea emateko lanean ari dira.
Puntualki atera ohi dira abiadura handiko trenak geltokietatik. Honako honek Kordoba eta Malaga arteko bidaia egiten du. Bidaiariek, lekua hartu eta 50 minutu pasatzen dituzte trenean, bi hirien artean dauden 169 kilometroak egiteko.

350 kilometro orduko abiadura har dezakete tren horiek, baina normalean ez dira muga horretara iristen, eta zatika gainera abiadura galdu egiten dute. Izan ere, trenak argi indarraz elikatzen dituen katenarian, 30 kilometrotik behin, tentsiorik gabeko 400 metroko zatiak daude.

Trenaren leihotik begiratuz gero, tarteka goi-tentsioko dorre eta hariak ikusten dira. Hari horietatik heltzen zaio argi indarra trenaren katenariari, baina ez zuzenean. Lehenik, energia hori aldatuko duen azpi-estazio batetik pasako da argi indarra, behar den potentziara egokitzeko.

Goi-tentsioko linea trifasikoa da, hau da, hiru haritan darama tentsioa. Abiadura handiko trenen katenariak berriz, horietako bi hari besterik ez ditu behar. Azpi-estazioan, goi-tentsioko hiru harietatik bitik hartzen dute potentzia trenen katenaria elikatzeko eta bat libre geratzen da. Horrek desoreka sortzen du banaketa-sarean eta lineako galerak handitzen ditu.

Desoreka gainditzeko, goi-tentsiotik binaka hartzen diren hariak txandakatuz joaten dira. Adibidez, lehen 30 kilometrotan R eta S harietatik hartzen da indarra, hurrengotan S eta T-tik eta ondoren R eta T-tik. Hari tartekatze hau ezin da segidan egin, tentsio aldaketek zirkuitulaburra eragingo bailukete.

Mikel Aiarzaguena. Trainelec: Tartekatze hori egin ahal izateko, sortzen da zona neutroa alde batean eta bestean isolamendu moduan. Trenentzako zona neutroak elikadura mozketak dira eta elikadura mozten zaionean trenari, trenak berak dituen osagai elektronikoetan intzidentziak sor litzake eta arazoak eduki daitezke trenean. Hori ekiditeko, egiten dena da, zona neutroa baina kilometro bat lehenago, disjuntorea zabaltzen da, hau da trakziorik gabe geratzen da trena eta bere inertziarengatik jarraitzen du, pasatzen du zona neutroa beste alde arte eta beste aldean, tren osoa pasa denean, 500 edo 600 metro aruntzago, ostean elikatzen da eta hartzen du berriro bere martxa. Horrek, alde batetik desazelerazio bat sortzen du trenean, hau da, hori egongo ez bazen arinago heldu ahalko zen beste puntura, eta bestalde arriskua dago ere trena bertan behera, zona neutroaren barruan, geldirik geratzea.

Normalean, bidaiariek ez dute antzematen trena elikatutako zatitik tentsiorik gabeko zatira pasatzen denean, baina batzuetan, pixkanaka, trenak atzerapena hartzen du. Trena helmugara berandu iristeak, dirutza suposatuko die operadoreei, kalte ordainak ordaindu beharko dituztelako.

Trainelec eta Mondragon Unibertsitateko ingeniariak sistema bat garatzen ari dira, katenariako zona neutroak desager arazteko eta trenak bide osoan tentsioa izateko.

Malagako La Roda azpi-estazioan egiten ari dira lehenengo frogak.

José María Canales; MU: Edukiontzi honetan dugun gailu hau da, erdieroaleez egina. Zirkuitu elektrikoa oso azkar ireki eta ixten duten etengailuak dira. Bi etengailuekin lehenik trena elikatzen dugu katenaria batetik datorrenean. Zona neutroan sartuta dagoenean, gure etengailuz elikatuta, itzali egiten dugu denbora laburrez eta hurrengo etengailua kliskatzen dugu. Horrela trena elikatzen jarraitzen dugu eta bide osoan argi indarra dauka. Gaur egun, zona neutroa elikadurarik gabe igarotzen dute.

Trenbidean detektagailuak kokatu dira trena noiz ailegatzen den jakiteko. Horiek jartzen dute martxan konmutadoreen sistema.

José María Canales; MU: Detektagailu batzuk jarri dituzte trenbidean. Trena hurbiltzen ari denean, detektatu egiten dute eta zona neutroan sartzen denean, ekin egiten diogu. Trteerako detektagailuek, trena joan dela erakusten digutenean, ekiteari uzten diogu. Kontrol-sistema armairu honetan dugu. Ethernet-en bidez urrunetik konektatzen dugu ordenagailuarekin eta ikusten dugu nola igarotzen diren trenak eta nola elikatzen ditugun.

Trenen abiadura kontuan izanik, maniobratzeko denbora oso laburra da, 40 mili segundo besterik ez. Ezbeharrik gerta ez dadin, babes-sistema antolatu da azpi-estazioan. Ustekabe baten aurrean, segurtasun zirkuituak ireki egingo lirateke.

Gaurkoan, trenak minutu pare bateko atzerapena besterik ez du izan. Garatzen ari diren sistemak puntualtasuna bermatuko luke.

Teknopolis

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali