Tangram-a psikoestimulaziorako; Klima-aldaketa eta hartz zurien ugalketa; Sumendien berpiztuera; GOCE satelitearen misioa


Tangram joko txinatarrean oinarrituta, tresna teknologiko bat sortu nahi dute, adineko pertsonak psikoestimulatzeko.
Proiektuaren helburua da zazpi piezaz osaturiko joko horren bitartez ikasteko funtsezkoak diren gaitasunak estimulatzea, baita jarduera kognitibo egokia eragitea ere, hala nola espazio-orientazioa, espazio-egituratzea, begien eta mugimenduen koordinazioa, arreta eta memoria bisuala.
E-Tangram proiektua lankidetza baten emaitza da, Bilbomatica, Deustuko Unibertsitateko DeustoTech-Vida taldea, eta Zuentzat Servicios Psicogerontológicos enpresa ari baitira garatzen.


Klima-aldaketa zuzen-zuzenean ari da eragiten hartz zuriaren kumeen kopuruaren jaitsieran.
Kanadako Alberta Unibertsitateko zientzialariek azaldu dutenez, Hudson badiako neguko izotzaldia txikitzen den neurrian, hartz zuriaren kume gutxiago jaiotzen dira. Izotza behar baino lehen urtzen hasten bada, hartzen ehiza-sasoia murriztu egiten da, eta hartz zuri emeek ezin dute sortu umealdian behar duten adina gantz; horren ondorioz, kumeak galdu egiten dituzte.
Gaur egun, Hudson badian 900 bat hartz zuri bizi dira, aurreko hamarkadan baino 300 gutxiago, eta Artiko osoan 20-25.000 inguru.

Frantziako eta Estatu Batuetako ikerlari-talde batek frogatu du ezen denbora luzez lo egon diren sumendiak oso epe laburrean berpiztu daitezkeela.
Ikerketaren arabera, lo dagoen sumendiaren magma-ganbera hoztu egiten da, masa bigun eta lodi bat sortu arte; baina magma berria jasoz gero, hilabete gutxian berpizten da. Magma berriak magma zaharra berotzen duenean, mugimenduan jartzen du masa osoa ganberan zehar, abiadura handian, irteera topatu arte.
Ikerketaren arabera, magma-ganberaren tamainak erlazio zuzena dauka sumendiaren berpiztearen abiadurarekin, eta posible izango litzateke kalkulatzea zenbat denbora pasatuko den lehenengo lurrikarak gertatzen direnetik sumendia lehertu arte.
Horri esker, larrialdi-plan berriak antola daitezke sumendi-eremutan.

ESAren GOCE sateliteak Lurraren grabitazio-eremuaren kartografia bukatu berri du. Bi urtez, sateliteak Lurraren neurriak hartu ditu zehaztasun handiz, planetaren erreferentziazko geoidearen azala marrazteko.
Geoidea da Lur osoa estaliko lukeen irudizko ozeano baten forma, eta oinarrizko erreferentzia da ozeanoetako zirkulazioa, itsas mailaren aldaketak edo izotzaren dinamika zehaztasunez neurtzeko.
GOCE espazio-ontziak bildu dituen datuak aztertuko ditu zientzialari-talde batek hiru astez, eta geoidearen behin betiko eredua sortuko du.

 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali