1953.urtean Watson eta Crick ikertzaileek DNAren helizearen egitura aurkitu zutenean, alboko gelan zegoen lanean. Sydney Brenner ikertzaileaz ari gara, biologia molekularraren aitaz. 85 urteko ikertzaile hegoafrikar honek 2002. urtean Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, RNA mezularia aurkitu izanagatik. Biologiaz, genetikaz eta gizakiaz eta inguruneaz egin du gogoeta gure kameren aurrean.
Sydney Brenner-en gogoetak
2012ko mar. 18a, 00:00
Giza gorputza milioika eta milioika zelulaz osatua dago. Zenbaketa zehatzik ezin da egin, baina 50.000 bilioi zelulatik gora izan daitezke. Zelula horietako bakoitzean, milioika eta milioika molekula daude, eta bakoitzak bere egitekoa du.
SYDNEY BRENNER: Hainbeste molekula elkarri eragiten aldi berean... nolatan ez dute kaosa eragiten? Bada, naturak sistema sinplifikatzeko modua topatzen du. Molekula txikiak egiten ditu, unitate txikiak osatzen ditu elkarrekin lan egin dezaten. Ez du guztiaren jarraipena egiten, kaosa ekarriko lukeelako horrek.
Sydney Brenner-ek kaosa eragozten duten molekula horietako bat aurkitu zuen: RNA mezularia. Eta Suediako Akademiak zientzialari batek jaso dezakeen merezimendu gorena aitortu zion 2002an: Nobel saria Fisiologia eta Medikuntzaren alorrean.
Gainera, ofiziala ez bada ere, badu titulu potolo-potolo bat: biologia molekularraren aita omen da. Eta, azkeneko urteetan, bereziki arduratzen du genetikaren eta gizakiaren izaeraren arteko harremanak.
SYDNEY BRENNER: Urte askoan, eredu-organismo deiturikoekin lan egin izan dugu (eulia, zizarea eta abar). Baina uste dut gizakiekin lan egiteko garaia dela. Giza garuna ulertzen saia gaitezke; izan ere, ez du parekorik. Iruditzen zait genomak horretarako gakoak emango dizkigula. Gakoak, baita ere, gure osasunari eta iraupenari dagozkionak. Gizakia bakarra da animalietan: eboluzioa azkartu du, erabat. Gure geneek 100.000 urte dituzte. Diseinatuta gauden eragatik, garunak esaten digu: “jan, jan ahalik eta gehien, eta gantz bihurtu”. Hala gertatzen da energia metatzeko ahalmena dugulako, gosetearen beldur. Selekzio biologikoaren ondorioa da. Baina ingurunea aldatu egin da, eta orain ez dago goseterik, baina jan eta jan jarraitzen dugu. Beraz, ez gaude egokituta orain bizi garen ingurunera. Gogoeta sakona egin beharko genuke sortu dugun munduarekin dugun harremanaz.
Gizon-emakumeek espezie nagusi izendatu dute beren burua, gainerako animalien gainetik, eta horrek traba egin dio giza espeziearen ikerketari. Mendeetan ez da aintzat hartu gizakiaren animalia-izaera. Genetikaren sorreraren ondoren ere, gizakiaren dualtasunak (gorputza eta arima) pisu handia izan du. Eta, oraindik ere, sena eta gisa horretako kontzeptuak gizakiaren izaeratik eta portaeratik urrun ikusten dira.
SYDNEY BRENNER: Biologiari ez dagokio perfekzioa. Matematikari erantzun perfektuak dagozkio. Fisikari, ahalik eta erantzun zuzenenak. Baina biologiak erantzun gogobetegarriak baino ez ditu bilatzen. Oso enpirikoa da. Ezer ez da perfektua zentzu horretan. Hala ere, ikaragarrizko erronka intelektuala da azaleratzea biokimika katramilatsu horrek guztiak nola eboluzionatu zuen. Genomaren bitartez egin daiteke hori, nire ustez. Atzera begira jar gaitezke, genomak fosil antzeko batzuk baititu, fosil molekularrak. Horrela, begiratu dezakegu zer datorren gure barruan oso antzinatik.
Genetikak erabateko eragina du pertsona baten izaeran. Baina hori onartzea ezerosoa gerta daiteke, jaiotzatik guztiok desberdinak garela onartzea baitakar. Arrazakeriaren aldeko frogatzat hartu izan da hori, baina alderantziz behar luke: gizaki bakoitza bakarra da, baina gainerako gizon-emakumeen berdina eskubideei dagokienez.
Ingurura begiratu besterik ez dago konturatzeko pertsona bakoitza bakarra dela, eta berezko trebetasunak dituela. Bakoitzaren bizimoduak berekin dakar trebetasun batzuk edo beste batzuk baino gehiago garatzea: kirola, oroimena, matematika, artea, hizketa... Inguruneak eta bizitzako gertaerek eramaten dute kirolari bat elitera, baina jaiotzatik berezkoa zuen trebetasun hori, geneetan darama.
Gizabanakoen arteko desberdintasunak abantaila izan daitezke kasu batzuetan, oztopo besteetan.
SYDNEY BRENNER: Zer gertatuko litzateke eboluzio biologikoa berriz hasiko balitz? Pentsa, orain hondamendi bat gertatuko balitz, gizon-emakume txikien alde egingo luke selekzioak. Energia gutxiago behar dutenez, baliabide gutxiago behar dute. Hortaz, handi-lodikoteak akabo, dinosauroen antzera. Eboluzio biologikoa berriz hasiz gero, txikitasuna, kasu askotan, abantaila selektibo bat da. Baina ez da berriz abiatuko, noski.
Gizakia teknologikoa da, eta, teknologiarekin, ingurunea menderatu du, bere beharretara egokitu. Horretaz gainera, ingurunea ezagutzeko premia ere badu. Eta jakin-min hori asetzeko, zientzia egiten du. Behaketa, ikerketa, hausnarketa ditu ardatz. Aurrerapen teknologikoak merkatu ahala, zabalduz joan dira, eta bildutako datuak esponentzialki hazi dira.
SYDNEY BRENNER: Biologia oso konplexua bilakatu da, hainbeste dakigu xehetasunen gainean. Baina kontzeptua behar dugu. Jendeak ulertu behar luke nola funtzionatzen duen zelulak; izan ere, zelula da oinarrizko unitatea, eta ez genea. Zelulak nola funtzionatzen duen ulertuz gero, has gaitezke ulertzen nola zelula desberdinak lan desberdinetarako espezializatuta dauden. Baina datu-kopurua erraldoia da, eta horrek ulermena zailtzen du. Batzuek uste dute zenbat eta datu gehiago izan hobe dela: “zenbaki eta datu gehiago bilduko ditugu, eta, halako batean, dena argi egongo da”. Baina ez, alderantziz, hori ez da bidea.
Giza genomaren sekuentziazioa gizakia Ilargira iritsi izanarekin parekatu izan da. Erronka teknologikoak parekoak dira ,bakoitza bere alorrean eta denboran kokatuz gero. Eta parekoak dira, batez ere, erronka nagusia ez zelako gizakia Ilargira eramatea, baizik eta bueltan ekartzea. Era berean, giza genoma dagoeneko sekuentziatuta dago; datu mordoa da hori, baina benetako lana datu horiek interpretatzean datza.
Sydney Brenner-en gogoetak
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian