Pilotaren bihotzera

Euskal pilotaren bilakaeraz aritu gara Pumpa enpresako arduradunarekin.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Gaur egungo esku-pilota profesionala, kirol modernoa, oso antzinatik dator.

 

ANDER UGARTE; Punpa: Euskal Herrian sortu zen orain dela 150-180 urte pilotaren beste adar bat, eta adar horrek eman du zazpi probintziak lotzen dituen kirol bakarra, gurea. 

N. R.: Zer da lotzen dituena, horma baten kontra jotzea pilotarekin? 

A. U.: Bai. Esan behar da, gainera, jokamolde horri garai batean pleka deitzen zitzaiola, plekan aritzea. Eta pilotariari plekaria. Pilotariak ziren buruz-buru jokatzen zirenak, aurrez aurre, eta pleka-jokoa da pareta baten kontra. Zergatik esaten dugu gure kirola dela? Zeren hemen sortu zen pilota hori, hemengo artisauek sartu zuten barnean motorra, zeren lehendabiziko pilota haiek, aurrez aurrekoek, ez dute boterik egiten. Oso motelak dira, eta ez dute motor baten beharrik. Euskaldunek sartu dute motor bat pilota barnean, eta motorra zen latexa.  

 

Hemen ikusiko dugu bi familia: trinketeko pilotak eta ezker paretako pilotak.  Latex hitz latinoa da, esnea esan nahi du. Makina batean gogortu eta hari hau egiten dugu.  Beste produktua da latex bulkanizatua, sufrearekin nahastua. Horiekin egiten dugu trinketeko pilotaren bihotza. Hor ikusten da desberdintasuna hegoaldeko eta iparraldeko piloten artea. Gero, artilea ematen zaio inguruan. Artile horrek pisu bat eta neurri bat behar du izan; ez da berdina pilota ume batentzat, gazte batentzat edo profesional batentzat. Hori ukaiten dugularik, kotoizko haria ematen diogu inguruan. Kotoi hori eta artilea hari gorri honekin lotu behar ditugu, hariztatu, eta horrek ematen dio pilota osoari indarra. Pentsatu pilota asmatua dela kolpeka aritzeko. Bada, gauza sinple horrekin asko luzatzen duzu pilotaren bizia.

 N.R.: Hari gorri horrek harien indarrak batzen ditu, orduan.

 A. U.: Hori da. Eta, gero, bi larru-mota desberdin erabiltzen ditugu hegoaldean eta iparraldean. Hemen iparraldean gehienetan plaza laxoetan eta trinketean jokatzen da, eta bietan behar dute larru berbera. Hegoaldean ezker-pareta da nagusi eta larrua da askoz gogorragoa, zeren garai baten zolak harrizkoak ziren eta larru biguna erabiltzen baduzu zola ukitutakoan larrua fite hondatzen da, eta, bestalde, pilotak punpa zuzenak egiten ditu. Eta beti bilatu izan da punpa hori luzatzea, eta erabili da larru oso gogorra, pergaminoa bezalakoa.

 

Teknopolis

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali