Pathogenomics europako ikerketa sarearen saria; Hondakin nuklearrek segurtasunez lurperatzen; Tipula, elikagaiak kontserbatzeko aukera naturala; Paperean energia biltzen

Pathogenomics europako ikerketa sarearen saria


Cristina Latasa Osta ikertzaile nafarrak salmonellari buruz egin du tesia, eta lan horrekin Patogenoen Europako Ikerketa Sarearen saria jaso dul. Salmonellak, beste zenbait bakteriok bezala, mikroorganismo-komunitateak edo biofilmak sortzen ditu. Biofilm horiek eratzeko mekanismo molekularra argitzea izan da Latasaren helburua, eta salmonellaren iraupen- eta birulentzia-prozesua ulertzen lagundu du. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak apirilaren 22an jasoko du saria, Hungarian.

Hondakin nuklearrek segurtasunez lurperatzen


Finlandiako Posiva enpresak hondakin nuklearrak gordetzeko segurtasun-hesi anitz dituen sistema berritzailea garatu du. Bost kilometroko luzera eta 500 metroko sakonera duen tunel bat eraiki dute. Azpian, biltegia dago: zuloz osatutako sare bertikala. Zulo horietan, hondakinentzako bereziki sortutako kobrezko ontziak sartuko dituzte, eta bentonita buztinez estali, iragazgaitz izateko. Enpresak ziurtatu duenez, lurrikarek, lurpeko urek, mikrobioek eta bestelako kanpo eragilek ezin izango diote sistemari kalterik egin. Finlandiako Gobernuak ontzat emanez gero, 2012an lehenengo hondakinak hobiratuko dituzte.

Tipula, elikagaiak kontserbatzeko aukera naturala


Tipula gordinaren substantziek elikagaien bizitza luzatzen laguntzen dute. Hori dio Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak eta Bartzelonako Unibertsitateak elkarlanean egin berri duten ikerketak. Tipularen zenbait osagaik, flavonoideek, bi lan egiten dituzte: alde batetik, elikagaien oxidazioa atzeratzen dute; eta bestetik, elikagaiak hondatzen dituzten zenbait bakterio garatzea galarazten dute. Beraz, tipula gordina elikagaien industriak erabiltzen dituen gehigarri artifizialen ordezko naturala izan daiteke.

Paperean energia biltzen


Stanford Unibertsitateko zientzialari-talde batek paperezko bateriak eta kondentsadoreak sortu ditu. Nanomaterialak dauzkan tinta berezi batez papera blaitu, berotu eta aluminiozko paperarekin biltzen dute. Metodo horri esker, paperezko bateriek litiozkoek baino gehiago irautea lortu dute, eta, paperezkoak direnez, arinak eta moldaerrazak dira. Energia elektrikoa paperean biltzea da azken helburua.

Pathogenomics europako ikerketa sarearen saria; Hondakin nuklearrek segurtasunez lurperatzen; Tipula, elikagaiak kontserbatzeko aukera naturala; Paperean energia biltzen

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali