Olio frijitua biodiesela egiteko; Hegazkineratze-txartela mobilean; Digitalaia; Atungorriaren migrazioa

 Olio frijitua biodiesela egiteko

Euskal Herriko Unibertsitatearen jantokietan erabilitako olio frijitua biodiesel bihurtzeko egitasmoa garatu du Kimika Fisikoa Sailak. Hilean, 700 litro olio sortzen dira unibertsitatearen hiru campusetan. Biodiesela lortzeko olio-hondakinak metanolarekin tratatzea proposatzen du egitasmoak. Laborategian probak egin dituzte dekantagailu bat eta erreaktore bat erabilita, eta arrakastatsuak izan dira. Plana abian jartzen bada, hilean 800 eta 1.000 litro biodiesel bitarte lortu ahal izango dira berogailu-galdaretan erabiltzeko.

Hegazkineratze-txartela mobilean

Loiuko aireportuan, Spanair eta Iberiako erabiltzaileek telefono mugikorraren bidez eskuratu dezakete hegazkineratze-txartela. Mugikorrean jasotako irudi-kode bati esker, Spanairren Bilbo-Madril hegaldietako bidaiariek agiri bat inprima dezakete, eta horrek hegazkinerako sarrera baimentzen die. Iberiak egindako urratsari esker, bidaiariak mugikorraren pantaila erakutsita sar daitezke hegazkinean. Horretarako, irakurgailu bereziak jarri dira hegazkineratze-ateetan eta segurtasun-kontrolerako guneetan.

Digitalaia

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Digitalaia sortu berri du. Behatoki berri horren helburua da teknologia digitalak gizartearen hainbat alorrekin zer harreman duen aztertzea. Teknologia digitalak unibertsitate aurreko irakaskuntzan, unibertsitate-irakaskuntzan, hedabideetan, euskaran eta kooperatibetan duen eragina aztertuko du ikerketa-taldeak, eta, hasteko, Humanitate Fakultateko ikasleek teknologia berriekin duten harremana aztertuko du.

Atungorriaren migrazioa

Atungorriaren migrazio-mugimenduak ezagutu ahal izan dira Aztik elektronikoki markatutako hegalabur bati esker. Lehen estimazioen arabera, Azore irlen eta Portugalen arteko migrazioak egiten ditu hegalaburrak neguan, eta Bizkaiko Golkora itzultzen da udaberrian. Marka elektronikoari esker jakin ahal izan da hegalaburrak mila metroko sakonera arteko murgilaldiak egiten dituela. Aztiko zientzialariek 2008ko abuztuan markatu zuten hegalaburra Donostiako itsasertzetik 15 milia iparraldera. 2009ko abuztuan, berriz, laketontzi bateko kideek hartu zuten Baikotik 88 milia iparraldera.

Olio frijitua biodiesela egiteko; Hegazkineratze-txartela mobilean; Digitalaia; Atungorriaren migrazioa

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali