Oceans, espaziotik
Haizearen nomadak pelikula ospetsuan, hegaztien migrazio-bidaia harrigarria deskribatu zuen Jacques Perrin zuzendari frantziarrak. Estilo berarekin baina zinematografia-teknika berriekin dator orain Oceans filmean. Itsasoa gaitzat hartuta, bidaia handia egiten du poloetako lautadetatik eremu tropikaletaraino, itsasoen bihotzeraino. Ekaitzak erakusten dizkigu, eta baita gutxi ezagutzen diren edo arretarik jasotzen ez duten hainbat itsas espezie ere.
Irudi ikusgarri hauek lortzeko, Perrinek urteak eman zituen ikertzen eta grabatzen, ehunka bideo-ordu pilatu arte. Itsasoaren edertasuna izan du inspirazio-iturri, baina espazioan aurkitu du laguntzarik handienetakoa.
JACQUES PERRIN; Oceans filmaren zuzendaria: ESAko sateliteei esker beste ikuspegi bat lortzen dugu, eta horixe da, hain zuzen, pelikulan erakusten duguna. Itsasoari begira ari den begi hori, itsasoez pentsarazten diguna, eskura dugu. Itsaslasterrak ikusten ditugu, itsasoarentzat oxigeno-iturri diren ibai ederrak, kutsatzaile ugari daramatzaten ibaiak. Baina ez da hori bakarrik, edertasuna ere badago, gazitasuna, lasterren mugimendua. Hortik goitik begiratuta, badirudi zeruko balkoi batean zaudela, planeta ikusgarri bati begira zauden jainkoa zarela.
Europako Espazio Agentziak Perrinen film berrian parte hartu du.
1991. urtean ERS-1 satelitea jaurti zenetik, ESAk datu ugari eman dio itsasoa ikertzen ari den aditu-komunitateari. ENVISAT satelitea espazioratu eta gero, ESAk ordura arte behatzeko zuen gaitasuna handitu zuen. Izan ere, ENVISATek itsasoen kolorea bereizi eta neurtzeko sentsoreak ditu, eta horrek mundu mailako prozesu biogeokimikoak deskribatzeko aukera ematen du. Gaur egun, SMOS sateliteekin, besteak beste Lurraren hezetasuna, itsasoaren gazitasuna eta tenperatura planeta osoan eta modu jarraituan neur daitezke. Datu horien bidez, zientzialariak itsas zirkulazioa hobeto uler dezakete eta klimari buruzko iragarpen hobeak egin ditzakete.
Sateliteek, baina, datuak besterik ez dute ematen; ez dituzte arazoak konpontzen: gai dira itsaso erdian dagoen gunerik kutsatuena aurkitzeko, baina ezin dute hura garbitu. Ikuspegi horretatik begiratuta, Perrinen lan berriak jakintza eta ekintza bateratu nahi ditu.
JACQUES PERRIN; Oceans filmaren zuzendaria: Erabakiak hartzeko garaia da, erabakiak hartu behar ditugu, eta itsasoa babestuko duten neurriak hartu. Jendeari ulertarazi behar diogu itsasoa zaintzea guztiontzat dela onuragarria. Jende guztiak ulertu behar du hori.
Kutsadurak eta gehiegizko arrantzak arrisku bizian jarri dute itsasoen biodibertsitatea. Perrinen kamerek hartu dituzten irudi bikainek itsasoa ekosistema emankor bezain ahula dela erakusten dute.
JACQUES PERRIN; Oceans filmaren zuzendaria: Animalia hauen ugaritasuna, aniztasuna eta paregabeko edertasuna ikustea egundokoa da, naturaren opera da, natura benetan ikusgarria baina oso-oso hauskorra.
Oceans, espaziotik
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian