Munduaren Zilborra 2009
Matematikako kalkuluen hoztasuna utzi, eta “Munduaren Zilborra 2009” izeneko espedizioko lagunek abiatu duten bidaiari buruz hitz egingo dizuegu. Jakin-minak eta jakin-goseak planetako bazterrik urrutienetako batera eraman ditu. Zientzia-bidaia horretako partaideak Ozeano Bareko Pazko uhartean daude otsailaren hasieratik.
Uharte mitiko horretako sumendi-hodiak ikertzera abiatu aurretik, Teknopolisek espedizio horretako kide batekin hitz egiteko aukera izan zuen.
Urtarrileko egun euritsu batean, Oñatiko Arrikutz koban aurkitu genituen Alfonso Antxia Espeleologia Zientzien taldeko kideak. Bisitaririk ez zegoen, eta Javier Les eta Alfonso Corredor leizezuloan zehar ibili ziren han jarritako tresneriaren egoera ikusten eta datuak hartzen.
JAVIER LES; ALFONTSO ANTXIA ESPELEOLOGIA ZIENTZIEN TALDEA: Arrikutzen datu klimatikoak aztertzen ari gara. Konparaketak egiten ari gara, bisitariek kobazuloan zer eragin duten ikusteko.
Javier Lesek negu honetan Arrikutzera egindako azken bisitan egon ginen berarekin. “Munduaren zilborra 2009” izeneko espedizioko kideetako bat da eta otsailaren hasieratik Ozeano Barearen erdian dagoen Pazko uhartearen lurpea aztertzen ari da.
Espedizioak hainbat ikerketa-helburu bete nahi ditu.
JAVIER LES; ALFONTSO ANTXIA ESPELEOLOGIA ZIENTZIEN TALDEA: Txileko kobazulo-sistema handiena izango da. Ez bakarrik Txilekoa, seguruenik munduko handienetariko bat izango da. Urak ere aztertuko ditugu, datu hidrokimikoak ateratzeko, eta historiaurreko aztarnategiak ere aztertuko ditugu, berriak; han hezur eta hondakin asko aurkitu ditugu.
Pazko uhartera euskal ikerlariek egingo duten laugarren zientzia-bidaia izango da aurtengoa. Oraingo honetan, Txileko Santiagoko Unibertsitateko arkeologoek ere parte hartuko dute ikerketa-lanetan.
JAVIER LES; ALFONTSO ANTXIA ESPELEOLOGIA ZIENTZIEN TALDEA: 2005ean heldu ginen ikusteko zer potentzial zuen Rapa Nui uharteak. Ikusi genuen kobazulo asko zegoela, potentzial handia zuela; eta hasi ginen aztertzen diziplina anitzeko ekipo bat antolatzeko aukera, unibertsitate batzuekin lan egiteko uhartea.
Sumendiek sortutakoa da Pazko uhartea; 165 kilometro karratuko hedadura du, eta hiru sumendi-sistema bereizi.
Sumendiek hodi-sare zabala osatu dute, eta mila koba inguru zenbatu dira. Hala ere, gehienak ikertu gabe daude. Aurkitutako koba-sarrera guztiak topografiatu eta GPS bidez kokatzea da espedizioko kideen helburua. Horrek aukera emango die geologia-kartetan koben sarrerak markatzeko. Hodi eta leizeetan neurketak egiteko, laser-neurgailuak, iparrorratzak eta topografia-software bat erabiliko dituzte ikerlariek.
Lanak baldintza benetan zailetan egingo dira.
JAVIER LES; ALFONTSO ANTXIA ESPELEOLOGIA ZIENTZIEN TALDEA: Kareharrizko kobazuloak urak eratzen ditu, uragatik sortzen dira zuloak. Baina, kasu honetan, labazko kobazuloetan tutu bolkanikoak sumenditik sortzen dira, labak pasatzen dira, horma guztia solidifikatzen dute, labalurrean solidotuta geratzen da , baina tutua hutsik geratzen da. Hemen, adibidez, guk ikus dezakegu kobazuloa estalaktitekin, formazio karstikoekin... Baina tutu bolkanikoetan hormak beltzak-beltzak dira; arroka urtua da. Kobazuloak oso estuak dira, normalki oso deserosoak. Arroka solidotzen denean, obsidianazko aihotzak agertzen dira; kristala urtu eta aihotz moduan gelditzen da, eta, guk, pasatzeko, babes asko eraman behar ditugu: ukondokoak, belaunekoak, kaskoa, jantzi gogorrak...
Ikerlariek espero dute espedizioaren emaitza zientifikoak garrantzitsuak izatea. Izan ere, aurreko bidaietan oso emaitza itxaropentsuak lortu zituzten. Orain arte, 25 aztarnategi arkeologiko aurkitu dituzte; besteak beste, obsidiana lantzeko tailerrak eta giza gorpuzkinak.
JAVIER LES; ALFONTSO ANTXIA ESPELEOLOGIA ZIENTZIEN TALDEA: Badago etapa bat Rapa Nuiko historian, orain dela 300 urte gertatutakoa: gerra zibila zegoen haien artean, eta sekuentzia hori galduta dago haien historian. Arkeologoek esaten dute seguruenik lurpeko munduan geratuko direla horietako guduen aztarnak.
2007an Rapa Nuira egindako ikerketa-bidaian egitura geologiko berri bat ere aurkitu zuten.
JAVIER LES; ALFONTSO ANTXIA ESPELEOLOGIA ZIENTZIEN TALDEA: Espeleotema berri bat zen. Mukolitoak deitzen dira, eta zianobakteriaz osatuta daude. Bakteriek arrokako opaloa eta silizea jaten dituzte, eta estalaktita-mota berezi bat osatzen dute.
Aurreko bidaietan intsektu-espezie berri bi aurkitu zirenez, oraingo espedizioak ere lagin biologikoak hartuko ditu.
JAVIER LES; ALFONTSO ANTXIA ESPELEOLOGIA ZIENTZIEN TALDEA: Kolenboloak dira, eta Nafarroako Unibertsitateko katedradun Rafael Jordanak eta Enrike Bakero doktoreek aztertu dituzte. Intsektu-espezie berriak dira, milimetro eskas bat dute luzean, eta kobazuloetan bizi dira; troglobioak dira.
Asteak edo hilabeteak itxaron beharko dira espedizio berri honen emaitza zientifikoak ezagutzeko. Bitartean, bidaiarien http://rapanui2009.wordpress.com kaier elektronikoan espedizioaren eguneroko gorabeherak jarrai daitezke.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







