Metal astunak perretxikoetan; Auto elektrikoak etxean; Curry-a minbiziaren aurka; CAF-Elhuyar sariak; Salmonella
Metal astunak perretxikoetan
Gaztela-Mantxako Unibertsitateak egin duen ikerketa batek dio zizahoria dela berun eta neodimio kantitate handiena duen perretxikoa. Zizahoria oso perretxiko preziatua da Europako sukaldaritzan. Ikerketak ondorioztatu duenez, perretxiko-espeziearen arabera metal astun gehiago edo gutxiago pilatzen da. Ikertzaileek metal astunen presentzia aztertu dute Ciudad Real-eko gune ez kutsatuetan jasotako 12 perretxiko espezietako 100 laginetan.
Auto elektrikoak etxean
Eusko Jaurlaritzak, Petronorrek eta Mercedesek hitzarmen bat sinatu dute auto elektrikoaren erabilera sustatzeko Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzak finantzatu egingo du Energiaren Euskal Erakundearen bidez; petrolio-enpresak kargaguneak jarriko ditu zerbitzugune batzuetan eta Mercedesek energia horren bidez higitzen diren furgonetak muntatuko ditu.
Curry-a minbiziaren aurka
Curryaren osagai batean aurkitu duten molekula batek esofagoko minbizi-zelulak suntsitzea lortu du laborategian. Molekula hori kurkumina da, eta kurkuman dago, curryari ohiko kolore horia ematen dion substantzian alegia. Ikerketan, ikerlari irlandarrek egina, kurkuminarekin tratatu dituzte minbizi-zelulak, eta konturatu dira kurkumina minbizi-zelulak hiltzen hasten dela 24 ordu pasatu eta gero. Dena dela, kurkuminak minbiziaren aurkako ahalmen hori azkar galtzen du behin ahoratu eta gero. Hala ere, aurkikuntzak bide berriak zabaltzen ditu zientzialariek esofagoko minbiziaren aurkako botikak garatu ahal izateko. Urtero 500.000 pertsona hiltzen dira mundu osoan esofagoko minbiziaren erruz.
CAF-Elhuyar sariak
Abian dira CAF-Elhuyar sariak, eta aurten, lehiaketa berrituta dator. Bi sari sortu dituzte antolatzaileek: zientzia-narrazioen lehiaketa batetik, eta idatzizko edo ikusentzunezko kazetaritza-saria bestetik. Orain arte, Basque Research-en tesi-lehiaketara aurkezten ziren ikertzaile-gazteen tesi-laburpenak ere, aurrerantzean, CAF-Elhuyar sarien parte izango dira. Sariketaren arlo horretako lan onenak 2.000 euro jasoko ditu, eta kopuru bera jasoko du zientzia-kazetaritzaren lan onenak ere. Zientzia-narrazio onenari, berriz, 5.000 euroko saria emango zaio. Lanak aurkezteko epea 2010eko urtarrilaren 31n bukatuko da.
Salmonella
CIC microGUNE eta Gaiker IK4 zentro teknologikoak elkarrekin lanean ari dira elikagaietan salmonella identifikatzea ahalbidetuko duen proiektu batean. Ekimen horren bidez posible izango da identifikatzea tokian bertan, azkar eta laborategi baten azpiegituraren beharrik gabe, elikagai-kate osoan dauden agente patogenoak.
Metal astunak perretxikoetan; Auto elektrikoak etxean; Curry-a minbiziaren aurka; CAF-Elhuyar sariak; Salmonella
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian