Vicomtech-IK4n irudi medikoen prozesamenduarekin dihardute, medikuei diagnosian eta ebakuntzak planifikatzerakoan lagunduko dieten aplikazioak garatzeko.
Medikuntzarako irudiak
Ebakuntza-gela baten itxura du, baina laborategi bat da. Bata zuria jantzita duten hauek ere ez dira zirujauak, ingeniariak eta informatikariak baizik. Vicomtech-IK4 ikerketa-zentroan gaude, osasun-arloko aplikazioak garatzen dituzten sailean.
Irudi medikoen analisia, prozesamendua eta bistaratzea lantzen dituzte, batik bat, ospitaleentzat eta ospitaleen hornitzaileentzat.
SHABS RAJASEKHARAN. Vicomtech-IK4: Nagusiki enpresentzat egiten dugu lan. Adibidez, ospitaleentzako makinen hornitzaileentzat. Makina horiei balio erantsia gehitu nahi diotelako, edo software adimenduna erabili nahi dutelako… Softwarea egiten dugu, batik bat.
Mikroskopio hau Internet bidez kontrolatzeko software bat garatzen ari dira. Erronka nagusia bereizmen handiko irudiak kalitaterik galdu gabe transmititzea da.
JON HAITZ LEGARRETA. Vicomtech-IK4: Kasu askotan gertatzen da eremu geografiko batean ez dagoela irudi hori interpretatzeko aditurik edo behar bezala prestatutako profesionalik, eta irudia beste nonbaitera bidali behar dela. Software honen bidez, beste nonbait dagoen adituak mikroskopioa kontrolatu ahal izango luke, berari interesatzen zaion puntura jo ahal izateko eta irudia denbora errealean ikusi ahal izateko.
Beste software honek irudi medikoak modu intuitiboan bistaratzeko balio du. Kasu honetan, paziente baten toraxa eta abdomena aztertzen ari gara, tomografia bidez hartutako irudien bitartez. Goi-ezkerraldean ikusten dena TCak goitik hartutako irudia da. Programa honek gorputzaren puntu berbera albotik eta aurretik erakusten du, eta laugarren bista konplexuago bat ere sor dezake.
JON HAITZ LEGARRETA. Vicomtech-IK4: Bista koronalean oso zaila da bizkarrezurra osorik ikustea. Beraz, software-prozesu baten bidez, lerro bat trazatu eta lerro horri jarraitzen dion bista bat sortzen dugu. Nolabait, lerro hori zuzendu egiten da eta bizkarrezur-muina osorik ikustera hel gaitezke.
Irudiak modu honetan bistaratzea diagnostikoak egiteko baliagarria da; baita ebakuntza bat planifikatzeko ere. Ideia horretan oinarritzen da irudi bidez gidatutako kirurgia: pazienteari aurrez ateratako irudiak mapa gisa erabiltzen ditu zirujauak.
Mapa horretako zein tokitan dagoen jakiteko, puntu jakin batzuk markatzen dira pazientearen gorputzean sentsoredun puntzoi baten bitartez. Hau da, gorputzari koordenatu batzuk ematen zaizkio, irudia eta errealitatea bateratzeko.
Gaur egun, kirofanoko monitoreetan bistaratzen dira irudiok, baina, etorkizunean, errealitate areagotua baliatu nahi dute.
JON HAITZ LEGARRETA. Vicomtech-IK4: Monitoreetan ikusi ordez, zirujauak mikroskopio intraoperatorioaren okularetan ikusi ahal izango luke, mikroskopioak hartzen duen irudiaren gainean gainjarrita, non dagoen Willies-en zirkuloa, edo arteriak, zainak… beste kontraste batekin eta beste kolore batean ikusi ahal izango luke, bisualki beste laguntza bat izateko.
Proiektuetan lantzeko irudi medikoak eskuratzea, ordea, ez da erraza, eta, horregatik, laborategian bertan sortzen dituzte. Fakultateetan medikuak trebatzeko erabili ohi diren phantom-ak dituzte horretarako: endoskopiak egiteko bronkio-zuhaitz bat, 21 asteko feto bat irudikatzen duen panpin bat, eta Patxi, alegiazko pazientea.
Patxiren gainean mugitzen ari den hori automozioan erabili ohi den beso robotiko bat da. Robot kirurgiko gehienen antzera, urrunetik kontrolatu daiteke eta hainbat agindu programatu daitezke modu autonomoan funtzionatu dezan. Hemen garatzen ari diren plataformak, berriz, zerbait gehiago eskainiko dio zirujauari: ukipen-sentsazioa.
JON HAITZ LEGARRETA. Vicomtech-IK4: Gaur egun kirurgian erabiltzen diren robotek, nahiz eta makina berritzaile eta aurreratuak izan, oraindik ez dute eskaintzen ehunak ukitzean sortzen den sentsazio hori. Ez da berdina muskulua ala hezurra ebakitzea, eta egiten den indarra horren araberakoa izan behar da. Guk lortu dugu robotak phantomaren gainean egiten duen indarraren berrelikadura edukitzea.
CAMILO CORTÉS. Vicomtech-IK4: Indarra neurtzen duen sentsore bat instalatu dugu robotean. Informazio hori gailu haptiko batera bidaltzen dugu, eta horrek eragingailu batzuen bitartez egiten du indarra.
SHABS RAJASEKHARAN. Vicomtech-IK4: Batzuetan ideiak hemendik ateratzen dira. Medikuekin hitz egiten dugu (BioDonostiarekin lan egiten dugu, esaterako), gure ideiak azaltzen dizkiegu, eta beraien lan-eremuan zentzurik ba ote duten aztertzen dugu. Beste batzuetan, enpresek gugana jotzen dute. Zer nahi duten oso argi dakite, eta plan zehatz batekin etortzen dira: ‘begira, produktu hau daukagu eta balio erantsia gehitu nahi diogu. Zer eskaintzen diguzue?’
Kirurgia robotikoa eta irudi bidez gidatutakoa; medikuntza ez inbasibo baterantz gerturatzeko bideak dira. Informatikak medikuntzari orain arte egin dion ekarpena handia da, eta etorkizunera begira eskaintzen dituen aukerak, ikusgarriak.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian