Urteak eman ditu Nafarroako CIMA ikerketa-zentroan lanean, eta Ikerbasqueko ikerlari gisa ari da Biodonostian joan den urtean.
Mari Cruz Rodríguez Oroz
Urteak eman ditu Nafarroako CIMA ikerketa-zentroan lanean, eta Ikerbasqueko ikerlari gisa ari da Biodonostian joan den urtean.
"Kaixo, Mari Cruz Rodriguez Oroz naiz. Neurologoa naiz, Ikerbasque ikerlaria, eta Donostia Ospitalean eta Biodonostia institutuan lan egiten dut.
Medikuntza ikasi nuen, umetan pediatrak txunditzen ninduelako. Gizon hark auskultatu, eztarria begiratu, eta X izpien makinarekin erradiografia atera eta nire barrua ikusteko gaitasuna zuen. Mundu guzti hura miragarria iruditzen zitzaidan.
Neurologia espezialitatea egin nuen Nafarroako Klinika Unibertsitarioan. Parkinsonarekiko lehen harremana han izan nuen. Aditu handi bat zegoen, Obeso doktorea, eta harekin lanean egin dut nire karrera profesional guztia, Parkinsonen gaixotasunaren inguruan. Parkinsonen gaixotasunaren alorrean, kirurgian, aitzindariak izan ginen Espainian. Ondoren, hainbat lekutan egin nuen lan, eta 2000. urtean Iruñera itzuli nintzen, Parkinsonen gaixotasunaren kirurgia-tratamendua ezartzeko. Harrezkero CIMA Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroan lan egin dut. Ikerketa han egiten nuen, eta Nafarroako Unibertsitate Klinikan, berriz, alde klinikoa; hemen Biodonostian eta Donostia Ospitalean egiten dudan bezala. Iazko maiatzean iritsi nintzen hona. Adolfo Lopez de Munain doktoreak aukera eman zidan talde berri bat sortzeko eta egiten nuen lanarekin segitzeko; Ikerbasque plaza eskuratu nuen, eta hemen nago.
Parkinsonen gaixotasunak alderdi asko ditu. Gaixoak artatzea da haietako bat, bistakoa da hori. Baina ikerlari bezala kezkatzen nauten hainbat gauza daude, gaixotasunari buruz gehiago jakitea, alegia. Neurona jakin batzuk zergatik hiltzen dira? Gaixo batzuek zergatik izaten dituzte adierazle batzuk eta ez beste batzuk? Tratamenduei ekitean pertsona batzuek zergatik izaten dituzte arazo batzuk eta ez beste batzuk? Garapena zergatik izaten da gaixoen araberakoa? Zergatien erantzuna jakinez gero, gaixotasuna tratatu eta garapena hobetzeko aukera izango dugu. Aldaera onberetara eramateko aukera izango dugu, botikek arazo gutxiago emango dituzten egoeretara eramateko aukera izango dugu. Eta, agian, etorkizunean zergatiei buruz horrenbeste jakitera iritsiko gara, neuronen heriotza hautemateko gai izan gintezkeela, eta, behar bada, sendatzeko gai. Hala ere, hori handinahikeria da, eta nik ez dut ezagutuko.
Horrek ikerketa asko eskatzen du. Azterketa klinikoetan, gaixoak hainbat teknikaren bidez aztertzen dira. Eta gaixotasuna animalietan ikertzea ere ezinbestekoa da. Zenbait gauza gaixoekin ezin dira egin. Baina animaliei lesioak eragin diezazkiekegu burmuinean, gaixoek izaten dituzten antzeko lesioak. Horren eraginez, animaliek zenbait arazo garatuko dituzte. Jakina, ezin dira gizakien arazoen berdinak izan, arratoi edo tximu bat ez delako gizaki bat. Baina zenbait alderditan antzekoak izan daitezke, eta horrek aukera ematen digu ikerketak eta aurkikuntzak gizakietara eramateko.
Ikerketak epe ertainean gaixotasuna eramangarriagoa bihur lezakete. Parkinsonen gaixotasuna diagnostikatzen denerako, neuronen % 60 hila izaten da burmuineko sistema dopaminergikoan. Gaixoak sendatzeko, neuronen heriotza gelditu ez ezik, hildako guztiak ordezkatu beharko lirateke.
Nire ustez, parkinsona eta alzheimerra bi plaga dira, eta hurrengo hamarkadetan areagotu egingo dira, zahartzaroarekin zerikusia dutelako. Gainera, aurrera egiten duten gaixotasunak dira, eta gaur egun ez dute sendabiderik. Beraz, ezin ditugu geldiarazi, eta gaixotasuna agertu eta gero ezin dugu burmuina hobetu. Ondorioz, normala da gizarteak gehiago jakin nahi izatea, gaixoak hobeto bizi daitezen edo gaixotasunaren garapena moteldu nahiz gaixotasunaren agerpena atzeratu dezaketen edozein terapia aurkitu ahal izateko. Edozein elementu oso ona litzateke, ez bakarrik gaixoentzat, baita gizartearentzat ere.
Onenaren kontrakoa da txarrena. Gaixoei ezer egiterik ez dagoenean, ezta haien egoera hobetu ere. Aukeran dauden tratamendu guztiak jarri dituzunean eta egin dezakezun gauza bakarra laguntzea, hitz egitea, entzutea denean, baina medikoki gaixotasunari aurre ezin diozunean egin. Hori oso gogorra da. Eta, ikerketaren aldetik, ikerketa egitasmoen atzean dagoen lan guztia. Ikerketa-proiektuak eskatzeko egin behar den lana, ezezkoa jasotzen denean izaten den nahigabea, jendea lanean mantendu ahal izateko dauden zailtasunak...
Gaixo bat hobetzea lortzea, batez ere zaila denean, horixe da gehien gustatzen zaidana. Zenbat eta zailagoa izan, eta zenbat eta hobeto jarri, orduan eta asebetetze handiagoa. Norbaiti laguntzeko gai zarenean, gaixoen esker ona bueltan jasotzen da. Horrek asko betetzen nau, eta ezer egiterik ez dagoeneko egoera guztiak konpentsatzen ditu; izan ere, gaixotasun neurodegeneratiboetan askotan ez dago ezer egiterik.
Ikerketan, berriz, ondo egindako lanak betetzen nau gehien. Aldizkari on batean argitaratzea eta mundu guztiak kontuan izaten duen paper bat lortzea; gehien betetzen nauen gauzetako bat da hori".
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







