Itsaspeko kable elektrikorik luzeena; Talent house; GPSak abiadura berrietara egokitzen; Ura aurrezteko sistema

Islandiak itsaspeko munduko kable elektrikorik luzeena eraikitzeko asmoa du. Herrialde horretako jarduera bolkanikoa aprobetxatu eta Europari energia geotermikoa eta hidraulikoa saltzea da proiektuaren helburua. Kableak Islandia eta Eskozia lotuko lituzke, 1.100 kilometro baino gehiagoko luzerarekin, eta urteko 18 terawatt-ordu garraiatzeko aukera aztertzen ari dira. Gaur egun Islandiako energia elektrikoaren % 75 ekoizten duen Landsvirkjun enpresa estatalaren ekimena da.

Talent House, goi-mailako ikertzaileak erakartzeko egoitza, aste honetan inauguratu dute Donostian. Eraikina Aiete auzoan kokatua dago, eta Donostiaz kanpoko ikertzaileei, bereziki atzerritarrei, harrera integrala eskaintzea du helburu. Hasiera batean, ikertzaileei eta haien familiei zuzendutako 80 apartamentu egongo dira. Nahiz eta oraindik martxan ez egon, dagoeneko 30 eskaera jaso dira ikerketa-zentroetatik.

Autobide eta autobietan ezarritako abiadura-muga berria dela eta, GPS-ekoizle nagusiak hasi dira nabigatzaileak eguneratzen. Aste honetatik aurrera, autopista eta autobideetan gehienezko abiadura orduko 110 kilometrokoa izanik, autoetako nabigatzaileak ere egokitu egin beharko dira, besteak beste, ibilbideen iraupenak behar bezala kalkula ditzaten. Eguneraketak doan deskargatu ahal izango dira ekoizleen webguneetatik.

Ureztapena urrunetik kontrolatzeko sistema berri batek uraren % 20 aurrezteko aukera ematen du. Neiker-Tecnaliak eta Arson ingeniaritza-enpresak elkarlanean sortutako teknologia baten bidez, ureztatze-txanden programazioa eta ureztatzaile bakoitzaren kontsumoa modu zentralizatuan kontrolatzen dira. Hala, irizpide hidrauliko eta energetikoetan oinarritutako kudeaketa egin daiteke, eta, ohiko metodoen aldean, uraren % 20 aurrezten du uzta bakoitzean.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali