Hondarretik beirara
Beira nola fabrikatzen duten ikusteko, Laudioko Guardian enpresara etorri gara. 700 pertsonak egiten dute lan hemen, eta egunero 600 tona beira ekoizten dituzte.
Prozesua hondar-biltegietan hasten da. Izan ere, beiraren % 75 silizezko hondarra da. Kamioietan iristen den hondar hauxe da gero etxeetako edo autoetako leiho bihurtuko den beira.
Silizezko hondarrarekin batera, beirak baditu beste osagai batzuk ere: kareharria eta sodio karbonatoa edo soda, nagusiki.
Hondarra nahastu eta biltegietatik ekoizpen-instalaziora bidaltzen da, guztiz automatizaturik dauden bideetan barrena.
Fabrikan, hondarra labera sartzen da. Bero handia egiten du hemen. Ez da harritzekoa: beira sortzeko, hondarra urtu egin behar da, eta, horretarako, labea 1.500 ºC-raino berotu behar da.
Labe honen jarduera etengabea da: urteko 365 egun eta eguneko 24 ordu. Abuztuan 14 urte egingo ditu lanean, eta tarte horretan ez da egun bakar batean ere geratu. Ia 3 milioi tona beira ekoitzi ditu dagoeneko.
Hondarra, urtu ondoren, igerileku handi batera isurtzen da.
ITZIAR AZPITARTE; Guardian Llodio: Beira eztainuzko igerileku batera botatzen da, eta horrela flotatu egiten du dentsitate-diferentziagatik. Horrela ateratzen dugu beira. Imajina ezazu: 14 urte gabiltza beira apurtu gabe.
Beira urtuaren eta eztainuaren gainazal-tentsioen arteko erlazioak beira-orri infinitua sortzen du, etengabe luzatzen den beira-orria.
Beiraren lodiera eta neurriak finkatzen dira hemen. Izan ere, 1.100 ºC-an, beira txiklea bezalakoa da: luzatu eta uzkurtu egin daiteke.
Prozesu guztia automatizaturik dago: kontrol-gelatik tenperatura eta presioak gainbegiratzen dira, eta baita labearen gas-kontsumoa ere.
Beira eztainutik banatu, hoztu eta 600 ºC-an ateratzen da. Solidoa da dagoeneko. Tenperatura-sentsoreek hozte-turbinak kontrolatzen dituzte, eta automatikoki egiten dute lan, gero mozterakoan beirak arazorik eman ez dezan.
ITZIAR AZPITARTE; Guardian Llodio: Beira ez bada pixkanaka-pixkanaka hozten, zer gertatzen da? Bada, beira apurtu egiten dela eta gero ez daukagu orririk eta ez daukagu produkziorik. Beira ez apurtzeko kontrolatu egin behar dugu.
80 ºC-an dagoenean, beira markatu eta ebaki egiten da. Sasidiamante batekin markatzen da beira: tungstenozko karbonoarekin. Orain arte beira-orri amaiezina izan dena, hemen banatu egiten da hainbat zatitan.
Laserrak etengabe zaintzen du beira; akatsik detektatuz gero, pantailan erakusten da akats-motaren araberako kolore-kode baten bidez. Zati akastunak banatu eta birziklatu egiten dira, berriz labera botata.
Labeko gurpilek izkinetan utzi dituzten markak ere kendu egiten dira.
Azkenik, beira-orriak prest daude biltegiratzeko. Metatze-lana, gehienetan, robotek egiten dute, baina tamainarik txikieneko beira-zatiak fabrikatzen direnean, gaur adibidez, lan hori eskuz egin beharra dago.
Beira txukun pilatu eta prest dago kamioietan banatzeko. Duela minutu batzuk hondar-pila bat zena, edozein etxetan edo autotan leiho bat edota ispilu bat izango den beira distiratsu bilakatu da.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







