Hankaren anputazioa

Gaurkoan, gure webgunearen bidez jasotako mezu bati erantzungo diogu. Gure ikusleak dio duela gutxi hankaren anputazio bat ikusi duela film zahar batean, eta ebakuntza hori gaur egun nola egiten den jakin nahiko luke.

Esan beharra dago medikuak beste irtenbide guztiak baztertu ondoren soilik hartuko duela anputazioa egiteko erabakia, eta gaitza gorputzetik ez zabaltzea dela kirurgia horren helburua. Ehunek zauri sendaezinak izateko kausa ohikoenak hauek dira: diabetesak eragindako oinetako ultzerak, tumoreak, infekzio larriak eta gaixotasun baskular baten ondorioz odol-fluxua murriztu izana. Kirurgialaria hankaren zatirik handiena salbatzen saiatuko da, batez ere belauna eta beste artikulazioak. Lehenik eta behin, azala ebaki eta arteria eta zainak kauterizatuko ditu, odoljarioak galarazteko. Muskuluak bisturi elektriko batekin moztuko ditu, eta hezurrak, berriz, zerra zabukari batekin. Ebakia ez du une horretan itxiko. Egun batzuen ondoren, infekziorik ez badago, orduan eraikiko du hankaondo edo motzondoa.

Horraino hankako anputazioari buruz konta dezakeguna. Ikusle horrek bezala, jakin-minik baduzue osasunari lotutako gairen baten inguruan, bidali zuen galderak teknopolis@elhuyar.com helbide elektronikora edo sartu gure webgunean: teknopolis.elhuyar.org.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali