Guraso seropositiboak, ume osasuntsuak

Guraso seropositiboek ume osasuntsuak izateko moduak badaude.

Osakidetzan, Galdakao-Usansoloko laborategi honetan soilik egiten dira esperma garbitzeko prozesuak. Bi urte daramate horretan.

JOSE MARIA ARITZETA; GALDAKAO-USANSOLO OSPITALEA: Hiesaren birusa ez dago espermatozoideetan, baizik eta inguruko likidoan, plasma seminalean. Egin behar dena da, 8-10 ordu irauten dituen prozesua da, esperma garbitzeko.

Prozedura horri esker, bikote batean gizonezkoa GIBaren eramailea bada, emakumea infektatzeko arriskurik gabe ernal dezakete obulua, garbitutako semena intseminazio artifizial bidez emakumearen uteroan sartuz.

JOSE MARIA ARITZETA; GALDAKAO-USANSOLO OSPITALEA: Mundu osoan egindako kasuetatik, uste da 4.000-5.000 direla, sekulan ez da inor kutsatu tratamendu hauen bidez. Ziurtasuna, oraingoz, % 100ekoa da.

Kontrako kasuan, GIBaren eramailea emakumezkoa denean alegia, ernalkuntza artifiziala egingo da. Hala, ez da arriskurik izango gizonezkoa GIB birusaz kutsatzeko.

Hurrengo erronka, berriz, zera da: haurdun dagoen eta GIB birusaren eramailea den emakumezkoak umea ez kutsatzea. Antirretrobiralei esker, dagoeneko neurri handi batean lortu den helburua da hori.

Haurdun dagoen emakumezko gaixo batek antirretrobiralik hartzen ez badu, % 25eko arriskua izango du gaixotasuna umeari kutsatzeko. Titia ematen badio, gainera, arrisku hori % 40ra iritsiko da.

Antirretrobiralak hartuz gero, ordea, egoera guztiz aldatuko da. Arriskua % 1 izango da, ia guztiz desagertuko da.

Antirretrobiralek nabarmen jaisten dute, ia desagerrarazi arte, odolean dagoen karga birala, hau da, birus-kopurua.

Erditzeko unean, amak odolean 40 birus-kopia baino gutxiago baditu, arriskua ia guztiz desagertu da. Horren erakusgarri da egoera horretan azken 8-10 urteetan jaio diren umeen osasun ona.

KOLDO AGIRREBENGOA; GURUTZETA OSPITALEA: Zer gertatzen zaigu orain? Ba tratamentua ona dela ikusi dugunean, Euskal Herrian jarri dugun helburua 0 dela, hau da ez dadila jaio ume bakar bat ere bere amagatik kutsatuta.

Haurdunaldian zehar antirretrobiralik hartu ez duten emakumeek badute aukera bat erditze unean badute arriskua gutxitzeko. Zesarea bat eginez gero, umea kutsatzeko aukerak %25etik %12ra gutxituko dira.

Amak ez ezik, umeak ere jasotzen du antirretrobiral-tratamendua jaio eta berehala, 45 egunez. 2 urte eta erdi igaro arte ezingo da jakin umeak odolean GIB birusik duen ala ez.

JUNCAL ETXEBERRIA; DONOSTIA OSPITELEA:
GIB antigorputz positiboak izango ditu, baina horrek ez du esan nahi kutsatuta dagoenik, zer esan nahi du horrek? Amak bere antigorputzak pasa dizkiola, analitikak positiboak irtengo dira baina oraindik ez dugu jakingo birusa pasa dion ala ez, urte eta 18 hilabeteko tartea beharko dugu, amak birusa pasa dion ala ez jakiteko.

Amak umea kutsatu ez badu, bi urte horiek pasatuta umeak ez du GIBaren kontrako antigorputz edo defentsarik sortuko, eta amak pasatakoak galdu egingo ditu. Umea GIB-eramailea bada, bere organismoak GIBaren kontrako defentsak sortuko ditu.

GIBaren transmisioa ia guztiz kontrolpean dago. Orain, garrantzitsuena emakume guztiek tratamendua hartzeko aukera izatea da, eta, horretarako, beren egoera ezagutzea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali