Galaxia gazteen hedapena; Software kapsulatuari buruzko biltzarra; Bioingeniaritzarako zentro berria; ON ZIENTZIA bideo-lehiaketa

Galaxia batzuk talka egin eta sistema handiagoak osatzen dituzte. Baina badago beste modu bat ere, bortizkeria txikiagokoa, hedapena sortzen duena: galaxia gazteek helio eta hidrogeno gas hotzaren kantitateak xurgatzen dituzte; hain zuzen ere, unibertso primitiboa zeharkatzen zuten gasak eta izar berriak sortzeko material gisa balio izan zutenak. Max Planck Institutuko astronomia-ikertzaile talde batek aurkitu du fenomeno hori, Txileko VLT teleskopioarekin egin diren behaketetan oinarrituta.

Sistema kapsulatuen softwarearen, alegia, behin instalatu ondoren sarbiderik ez duten sistemen softwarearen kalitate eta probei buruzko QA & TEST nazioarteko biltzarraren 9. edizioa izango da urriaren 27tik 29ra Bilboko Euskalduna Jauregian.
BEGOÑA LAIBARRA, SQS: Telebistak, telefonoak, autoak, hegazkinak, garbigailuak... software kapsulatua leku guztietan dago.
Software kapsulatuaren kalitatea probatzearen eta balioztatzearen garrantziari buruz eztabaidatuko dute nazioarteko 200 aditu inguruk. Profesionalak trebatzeko beharraz ere jardungo dute jardunaldi hauetan.

Ceit-IK4k, Nafarroako Unibertsitatearekin batera, gaixotasunen tratamendu eta diagnosian hobekuntzak lortzeko bioingeniaritzako zentro berri bat jarriko du martxan. Zentroa 2011n irekiko dute, eta Donostian eta Iruñean izango ditu laborategiak. Bost ikerketa-lerro nagusi bost izango dituzte: terapia zelularrerako ehun-ingeniaritza, inplante adimendunak, biorrobotika, irudia eta bioinformatika.

50 bideo aurkeztu dira ON ZIENTZIAra, Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek antolatu duten zientziaren eta teknologiaren dibulgaziorako bideoen lehiaketara. Bideo irabazleak ezagutzeko, azaroaren 9an egingo den sari-banaketaren ekitaldira arte itxaron beharko da, baina bideo hautagaiak dagoeneko ikusi, bozkatu eta komentatu daitezke lehiaketaren webgunean: www.onzientzia.tv

Galaxia gazteen hedapena; Software kapsulatuari buruzko biltzarra; Bioingeniaritzarako zentro berria; ON ZIENTZIA bideo-lehiaketa

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali