Eutsi arnasari

Zenbat denbora egin dezakezu arnasarik hartu gabe? Minutu-erdi bat? Ba, zure apnea minutu-erdikoa da, orduan. Azaroaren 21ean Eibarren Euskadiko Apnea Txapelketa egin zuten. Euskaldunak bakarrik ez, beste hainbat lekutako apnealariak etorri ziren Eibarrera. Probako onenak 6 minututik gora egin zituen ur azpian.

Asier Eraso apnealaria da, hau da, apnea kirola egiten du. Egun gogorra dauka Asierrek aurretik: txapelketa du Eibarko kiroldegian, eta, parte hartzeaz gain, antolatzaile-lanak ere egingo ditu.

Apnea, definizioz, arnasarik ez hartzea da. Kirol honen helburua da urpean ahalik eta denbora gehien egitea. Bi proba izango dituzte: estatikoa, geldirik egiten dutena, eta dinamikoa, igerian zenbat metro egiten duten neurtzeko.

ASIER ERASO; apnealaria: Nire familian betidanik izan gara urpekariak: aita urpekaria zen, osaba ere... eta ni nahiko gaztetatik hasi nintzen uretara sartzen. Jende asko pelikula batek markatuta laga gintuen: erdaraz, El gran azul Luc Besson zuzendariarena. Han agertzen zen apnea gauza mistiko bat bezala, horrek markatuta laga gintuen. Eta jende asko hasi zen apnean pelikula hori ikusi eta gero.

Beste kirol-proba batzuetan bezala, apnealariek beroketak egiten dituzte. Baina lasai-lasai, bihotz-taupadak azkartu gabe. Luzamenduak eta erlaxazioa.

ASIER ERASO; apnealaria: Fisikoa ere bada, baina oso gauza mentala da. Eta lortu behar duzuna da asko lasaitzea, piskat ia lo hartzea.

Arnasketan oxigenoa erre eta anhidrido karbonikoa sortzen da. Apnean pilatu egiten da anhidrido karbonikoa eta larri jartzen gara: arnasa hartzeko egarria esaten zaio horri.

IÑIGO ARREGI; medikua: Guk dauzkagu errezeptore batzuk, arteria karotidan, hemen lepoan, eta horiek ikusten dute zer presio dagoen anhidrido karbonikoarena. Hori igotzen hasten denean, memento batean egarri hori agertzen da. Memento bat ailegatzen da egarri hori oso gogorra dena, tortura bat bezalakoa da. Eta, orduan, arnasa hartzen hasten gara. Pertsona batzuek, oso ondo prestatuta baldin badaude, aukera daukate hori aguantatzeko. Ura ukitzen duzunean, erreflexua bat bada; eta maiztasun kardiakoa jaitsi egiten da; orduan, pultsazioak jaitsi egiten dira. Hori ona izaten da. Nik apnean egin nituen proba guztietan ikusten da, elektrokardiogramako konplexu horietan, ikusten da konplexu horiek txikitu egiten direla. Orduan, bihotza lan gutxiago egiten ari da. Zergatik hori? Oxigeno gutxiago gastatzeko. Gainera, beste gauza bat gertatzen da: oxigenoaren birbanaketa. Odola ez da leku guztietara joaten, bakarrik leku bitaletara.

Garuna eta bihotza ezin dira oxigenorik gabe geratu. Garuna oxigenorik gabe geratzera doanean kordea galtzen dugu, eta, automatikoki, arnasa hartzeari ekiten diogu. Hori da apnearen muga.

Hasi da proba estatikoa. Apneista ongi dagoela ziurtatzeko, epaileak noizik eta behin seinale bat eskatzen dio, eta haren erantzunak argia izan behar du.

Asierren txanda da orain.

ASIER ERASO; apnealaria: Kanpotik ikusita, nahiko latza ikusten da, ze tipo bat ikusten duzu igerilekuan mugitu gabe... eta, azkenean, luze egiten da. Baina zu sartuta zaudenean, azken partean sufritzen da pixka bat, baina kontzentratuta zaude eta denbora ez da hain luze egiten.

Asierrek lau minutu eta erditik gora egin du arnasarik hartu gabe.

IÑIGO ARREGI; medikua: Errekuperazioa oso motza izaten da proba oso motza delako. Hartzen duenean pare bat aldiz arnasa berehala oxigenatzen hasten da eta errekuperatzen da.

Igerileku handian bigarren proba egingo dute orain: apnea dinamikoa esaten zaiona. Asier da irteten lehenengoa. Hegatsak jantzita, abiaduraren eta oxigeno-kontsumoaren oreka bilatzen saiatzen da ahalik eta metro gehien egiteko ur azpian.

116,6 metro egin ditu ur azpian igerian, azalera atera aurretik.

Apnea, alde askotatik, ez da ohiko kirola. Ez da animu-oihurik entzuten probak dirauen artean. Isiltasuna eta lasaitasuna dira nagusi.

Bata bestearen atzetik gainerako lehiakideak ere proba amaitzen joan dira. Amaitu da txapelketa.

Bi probak kontuan izanda, Asier hirugarren gelditu da sailkapen orokorrean. Lehenengoa Oscar López kataluniarra izan da, eta Oriol Navarro bigarrena. Euskaldunen artean, berriz, podiumaren gorenera igo da, bigarrena Gorka Llona izan da, eta hirugarrena Hector Aratioarro.

ASIER ERASO; apnealaria: Sentsazioak oso politak dira. Ez lehiaketan, ze oso zentratuta zaude, baina, gero, uretara zoazenean, eta jolasean zaudenean, beste lasaitasun bat ematen dizu prestakuntza honek.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali