Euskadi, azkena interneten; Aralarko itsasoa; Eguzkiaren poloak; Tomatearen kalitatea
2010ko mar. 31a, 00:00
Autonomia-erkidegoen artean, Euskadi azkenetakoa da Internetera iristen. Yahoo bilatzaileak Europan egin duen inkesta batetik ateratako datua da. Horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden internet erabiltzaileen artean, % 30ek baino ez darama hamar urte baino gehiago nabigatzen, 4tik batek alegia. Espainiako autonomia-erkidegoen artean, Kanarietakoa da datu hori baino eskasagoa. Inkestaren beste ondorioetako bat da jende gehienak, % 70 inguruk, Interneten posta elektronikoa eta bilatzaileak direla tresna erabilienak. Sare sozialak duela bost urte baino askoz gehiago erabiltzen direla ere badio inkestak, % 4tik % 30era igo ei da sare horien erabiltzaile-kopurua,
Aralarko itsasoa
Aurkitu den sedimentu-geruza ugariei esker, Aralarko itsasoa duela 120 milioi urte nolakoa zen agertu du tesi batek. EHUko Maria Isabel Millán ikertzaileak egindako tesiak Behe Aptiarrean Aralarren gertatu ziren aldaketak ikertu ditu. Ikertzaileak aldi geologiko horri dagozkion sedimentu-serie ugari aurkitu ditu, 1.000 metro arteko lodierakoak. Maria Isabel Millánek egiaztatu du Behe Aptiarrean, Aralarko itsas hondoetan bat-batean oxigeno-kopurua murriztu egin zela. Aladi hartan munduko beste hainbat itsasotan gauza bera gertatu zen.
Eguzkiaren poloak
Nazioarteko ikertzaile-talde batek Eguzkiaren poloetan kokatutako eremu magnetiko garrantzitsuak aurkitu ditu. Aurkikuntzak Eguzkiaren magnetismoari buruzko teoria irauli du. Japoniako Behatoki Astronomiko Nazionaleko ikerketa-taldeak, orain arte uste zena baino energia askoz ere gehiago, ehunka aldiz gehiago, askatzen duten eremu magnetikoak detektatu ditu.
Tomatearen kalitatea
Neiker-Tecnalia Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuko talde baten ikerketak dio tomateen kalitatean gehiago eragiten duela tenperaturak argitasunak baino. Ikerketak aukera berriak irekitzen ditu, klima tarteko, argi-baldintza oso onak ez diren tokietan ere landaketei ekiteko. Adibidez, aurkikuntza interesgarria izan omen daiteke Kantauriar mendikatearen inguruan tomatea landatzeko negutegietan, askotan lainotua egon arren eta eguzki-erradiazioa eskasa izan arren. Elikagai onak diren beste fruta batzuentzat ere balio du ondorioak, marrubi, pepino, meloi edo angurrientzat adibidez.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



