Etxeondo, bizikletan ibiltzeko arropa
1976an oihalen estanpazioko enpresa txiki moduan sortu zen Etxeondo. Izena, egoitza zuen baserritik hartu zuen. Laster, negozioa txirrindularitzara bideratu zuen, eta urte gutxi barru lasterketarik garrantzitsunetan garaipenak lortzen ari zen. Ordutik hona, gauza asko aldatu da.
KORTE AMAIA RODRIGO, Diseinatzailea
"Materialak urteetan zehar asko aldatu dira. Adibidez, garai batean neopreno, kotoi edo artilezko mailotak egiten ziren, azkar lehortzen ez zirenak eta bustitzean pisu handia hartzen zutenak. Gaur egun, zilar-ioiak dituzten poliesterrak erabiltzen ditugu, karbonoa, berehala lehortzen diren ehunak, antibakteria direnak, UVA izpien aurkako babesa dutenak. Mirarizkoak dirudite."
Materialok bere diseinuetara egokitzen ditu Etxeondok. Baina lehengaia zein estiloa aldatu arren, prozesuaren zati garrantzitsuena sortu zenean bezala egiten jarraitzen du Etxeondok: eskuz egiten dira prototipoak.
KORTE AMAIA RODRIGO, Diseinatzailea
" Prototipoak edo lehenengo patroiak eskuz egiten ditugu. Gure ustez, patroia eskuz egitea askoz ere zehatzagoa da. Garai bateko eran egiten dugu lan, goi-mailako joskintzan bezala. Izan ere, patroiak esaten du arropa teknikoa den edo ez, aerodinamikoa den edo ez. "
Aerodinamika edo jantzia gorputzera ahalik eta hobekien egokitzea da helburuetako bat. Erabilitako materialek, gainera, ezaugarri tekniko jakin batzuk emango dizkiote jantzi bakoitzari . Eta kolorez eta diseinuz erakargarria izatea ere kontuan izan behar da. Moda. Guztia bizikletan ibiltzeko arropaz ari garela ahaztu gabe. Horregatik, prototipo bakoitza norako pentsatua den han frogatzen da: bizikleta gainean.
KORTE RAMON MENDIBURU, Marketina
"Etengabe ari gara txirrindulariekin probak egiten, gu geu ere txirrinduzaleak gara, eta profesionalak ere baditugu gure produktuak testatzen."
KORTE PAKO RODRIGO, Jabea
"Txirrindularitzarako janzkera oso da teknikoa. Eskuz garatzearen arrazoia jantziak non hobetu behar ditugun ikusteko da; adibidez, marruskadura gutxitzeko. Helburua arropak gorputzean errendimendurik altuena lortzea da. Horregatik, sortu egiten dugu, konpondu, hobetu, haserretu batzuetan, berriz ere sortu..."
Behin betiko prototipoa zehazturik, eskulana amaitu eta makinen txanda da. Hemendik aurrera hasten da ekoizpena seriean.
KORTE AMAIA RODRIGO, Diseinatzailea
"Behin lehenengo patroia egin, eskuz, eta probak amaitutakoan, informatizatu egiten dugu arropa, hau da, patroia eskaneatu. Eskaneatzean informazioa ere ematen zaio; adibidez, hariaren norabidea, zein atal den eta abar, gero tailerreko makinek informazio horrekin nola moztu behar den jakin dezaten."
Iragazgaitasuna edo elastizitatea, adibidez, ez dira berdinak oihala alde batera edo bestera mozten bada. Horregatik, fase honetan oihalaren norabidea ere patroi informatizatuan argi uzten da.
Bildutako informazio guztiarekin piezen eskalatua egiten da ondoren; hau da, pieza bakoitza neurri guztietara pasatzen da. Horrekin batera, fase honetan, ehuna aprobetxatzeko, piezen puzzlea egiten dute. Tetris bat balitz bezala, patroiak ahalik eta oihal-soberakin txikiena izan dadin antolatzen dira patroiak. % 60 eta % 80 bitartekoa da aprobetxamendua.
Ez da laserrik erabiltzen. Ehun hain bereziak izanik, erretzeko arriskua dago eta, horregatik, aihotzez ebakitzen dituzte.
Irurako lana hemen amaitzen da. Pieza hauek guztiak Nafarroan, Castejonen, josten dituzte elkarrekin; hasieran pentsatutako prototipoak orduantxe hartzen du forma. Errepidera irteteko moduan gara.
Etxeondo, bizikletan ibiltzeko arropa
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian