Espazioko transbordadoreak, historia

Endeavour espazio-transbordadoreak bere azkenengo bidaia egin du, hemendik aurrera bere etxea izango den lekura: California Science Center museoa.

Irudi bitxi bezain irreal batek milaka biztanleren begirada erakarri zuen joan den astean Los Angeles hirian: Endeavour espazioko transbordadorea Californiako hiriburu erraldoiaren kaleak zeharkatzen ikus ziteken. California Science Center museora zeramaten. Han transbordadorea hartuko duen zentro espaziala eraikitzen dutenean, Endeavour museoaren gailu bilatuena izango omen da, museoaren harribitxia.

Hilabete batzuk lehenago, apirilean, Discovery transbordadoreak antzerako ibilbidea egin zuen. Izan ere, Washingtonera eraman zuten, Espazioaren Museo Nazionaleko bildumaren parte izan zedin. Atlantis transbordadorea ere ikusgai jarri dute. Kasu horretan Cabo Cañaveralen, Floridan. Beraz, espazioko bidaia askotan ardatz izatetik, museoko pieza izatera pasa dira transbordadoreak.

Transbordadoreak berrerabil zitezkeen lehen espaziontziak izan ziren. Koheteen antzera jaurtitzen ziren, eta planeatzeko hegazkinak bezala hartzen zuten lurra. Berraztertu ondoren, berriro jartzen ziren airean. Espazioan estazio bat eraikitzeko eta hornitzeko ametsa zuten amerikarrek, eta hura egi bihurtzeko diseinatu zituzten transbordadoreak. Eta izan ere, horrela izan zen, espazioko transbordadoreen flotak, errusiarren ibilgailuekin batera, izan zuen-eta Nazioarteko Espazio Estazioaren moduloak eramateko ardura. Era berean, hornidura-lanak ere, transbordadoreen zeregina izan ziren. Eta Espazio Estazioan egin zituzten lanez gain, transbordadoreak hainbat satelite ere jarri dituzte Lurraren orbitan.

Enterprise izenarekin bataiatu zuten lehen transbordadorea. 1976. urtean egin ziren diseinua balioztatzeko lehen saioak, eta arrakastarekin bukatu ziren. Ondoren, errenkadan etorri ziren gainerakoak: Columbia 1979an, eta gero Challenger, Discovery, Atlantis, eta Endeavour, hurrenkera horretan. Transbordadoreetako bakoitzarekin 100 jaurtiketa egitea aurrikusten zen, baina bakar bat ere ez zen kopuru horretara iritsi. Azken mohikanoak adibidez, Endeavour transbordadoreak, ez zituen 25 misio baino gehiago egin.

Transbordadoreentzako kolpe gogorrenak istripu-eran iritsi ziren. 1986an, aireratu eta oso denbora gutxira, Challenger transbordadorea lehertu egin zen. Barruan zeramatzan zazpi astronautak hil egin ziren. 2003ko otsailaren 1ean, berriz, kolpe berri bat transbordadereen familiarentzat, Lurrera bueltan zetorrela Columbia desintegratu egin zenean.

Istripuen ondoren, NASA agentziak programaturik zituen transbordadoreen hegaldi guztiak, bertan behera utzi zituen. Gertatutakoa ikertu ondoren, 2005ean berriro hasi ziren transbordadoreen hegaldiak. Discoveryren eskutik hasi ere. Sei urte geroago, iazko ekainaren lehen egunean, Endeavour transbordadoreak Nazioarteko Espazio Estazioa utzi zuen Lurrera itzultzeko. Estatu Batuek martxan zuten azken transbordadorea zen, eta era horretan jarri zion bukaera 19 urteko zerbitzuari, eta, aldi berean, transbordadoreen aroari.

Espazioko transbordadoreez hitz egitean, behin baino gehiagotan aipatu izan da gizakiak inoiz egin duen gailu hegalari bikainenak izan direla. Horrela izan edo ez, garbi dago oso teknologia garestia izan direla. Uste denez, transbordadore bat espazioan jarri izan den bakoitzean 350 milioi euro gastatu dira.  

NASAren transbordadoreak aparkatu eta gero, Errusiako enpresa bat transbordadore berri bat garatzeko lanean hasi da. Kliper izenarekin bataiatu du, ibilgailu merkea izango da, berrerabiltzeko modukoa eta azken urteotan Soyuz koheteekin erabili den teknologian oinarrituko dute. NASA bera ere, garraiorako ibilgailu berri baten proiektuan hasi da lanean. Transbordadoreekin baino, Apolo programan erabili ziren ibilgailuekin zer ikusi handiagoa izan dute, gizakiak gidatutako moduloak izango dire, gehienez bi aldiz erabiliko direnak, eta askoz ere merkeagoak. 2016an proiektu biak errealitate bihurtuko dira. Ordura arte, lekukoa museoetan dago. 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali