Osasunari eskaintzen diogun tartean, Mungiatik Nahikarik bidali digun galderari erantzungo diogu aste honetan. Nahikarik haurdunaldiaren 28. astea bete berri du. Kontatu digunez, oso gorpuzkera argalekoa da, eta aldaka estuak ditu; ezaugarri horiek direla eta, Nahikari arduratuta dago erditzeko unearekin. Nahikariren galdera hau da: ba al du eraginik pelbisaren tamainak bagina bidezko erditzean?
Lehenik eta behin azaldu behar dugu ez dela komeni haurdunaldiaren aurretik amak duen aldaken tamaina kontuan hartzea. Izan ere, pelbisa oso hezurdura malgua da, eta haurdunaldian zehar aldaketa asko jasaten ditu.
Haurdunaldiaren azken fasean, esaterako, gorputzak relaxina izeneko hormona bat isurtzen du, eta, horri esker, pelbisa inguratzen duten lotailu eta kartilagoak bigundu egiten dira. Haurdunaldian zehar nahiz erditzeko unean amak egiten dituen mugimenduek, gainera, pelbisa moldatzen lagundu dezakete. Ibiltzea, eskailerak igotzea, eta makurtzea, esaterako, gomendagarriak dira.
Faktore horiei beste bat gehitu behar zaie: umearen buruak amaren fisionomiara egokitzeko duen malgutasuna. Horri esker, erditze gehienetan, umeak dagoen espaziora egokitzeko gaitasuna du.Amaren pelbisaren tamaina eta umearen buruarena proportzionatuak izatean dago gakoa. Hori ziurtatzeko, medikuak ukimen bidezko froga bat egiten du haurdunaldiaren azken fasean.
Beraz, Nahikari, lasai egon zaitezke. Zure aldaken tamainak ez du zertan baldintzatu erditzea.Hementxe bukatuko dugu osasunari eskaini diogun tartea. Bidali zuen galderak teknopolis@elhuyar.com helbidera, eta lehenbailehen erantzungo diegu.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian








