Energia metaketa

 

Energia berriztagarriek erregai fosilei energia-iturri gisa erreleboa hartu ahal izateko ezinbestekoa da, besteak beste, energia biltzeko moduak garatzea. Hau da, energia-soberakina bildu, eta ondoren, erabiltzeko aukera izatea.

CIC energiGUNE ikerketa-zentroan, hainbat enpresarekin elkarlanean ari dira energia-iturri bakoitzarentzako bilketa-modu bat bilatu nahian. Presa itzulgarriak, aire konprimatuaren energia-bilketa eta hidrogenozko eta litio-ioizko bateriak ezagutuko ditugu.

Eguzkia, ura, haizea. Horiek dira azken urteetan garatzen ari diren energia-iturri berriak. Poliki-poliki, erregai fosilen lekukoa hartzen ari dira. Energia-iturri garbiak dira eta ez dira agortzen.

Normalean, iturri horietatik lortzen den energia ez da nahikoa izaten behar guztiak asetzeko, baina, askotan, soberakina dago. Soberakin hori behar denean erabiltzeko biltzea energia-adituen helburu eta CIC energiGUNEren kezka bihurtu da. Horretarako, energiaren inguruan lan egiten duten euskal enpresekin lan egiten dute, besteak beste, Iberdrolarekin, Sener-ekin edota Cegasarekin.

Irtenbideak energia-iturriak bezainbat dira, hau da, energia-iturri bakoitzarentzako erantzun bat aurkitu dute.

Presa itzulgarrien sistema da, adibidez, horietako bat.

Duela mende bat gauez ekoitzitako energiaren soberakinak biltzeko erabiltzen zen arren, gaur egun oraindik indarrean dago sistema hori.

JESUS GOIRI; CIC energiGUNE: Oso erraza da. Bi maila daude, bi aintzira, bat behean eta bestea goian, eta hustu eta bete egiten dira energia-beharraren arabera.

Ura beheko mailatik goiko mailara ponpatzeko, eskaria txikiagoa dagoenean ekoizten den energiaren soberakina erabiltzen dute. Eskaria handitzen denean, ura askatzen da goitik behera, eta energia sortzen da.

Eraginkortasunaren ikuspegitik, energia biltzeko sistema hau oso eraginkorra da, energia asko biltzeko gai da, baina leku handiak behar ditu presak kokatzeko eta, gaur egun, gure inguruan ez da ia halako lekurik geratzen.

Presa itzulgarriaren antzeko funtzionamendua du aire konprimatuaren energia-bilketak.

Sistema horretan, abiadura txikiko motor batek eguzkiak edo haizeak sortutako energia erabiltzen du airea lurpeko biltegi batera ponpatzeko. Behar denean, aireari irteten utziko zaio, turbina baten bidez, argindarra sortzeko.

Presa itzulgarriekin gertatzen den bezala, leku egokiak aurkitzea da arazo nagusia.

JESUS GOIRI; CIC energiGUNE: Merkeak izateko, bilketa-bolumen handia behar dute, eta lurpean eginda baino ezin da lortu hori. Adibidez, gatz-hobi bat hustu, eta han edo akuiferoetan sartu aire konprimatua. Halaber, gas-hobi zaharrak ere erabil litezke aire konprimatu bidez energia biltzeko.

Eguzki-instalazioen kokapena ere arazo da, eguterako eremu zabalak behar baitituzte instalazioak ezartzeko.

Sevillako Fuentes de Andalucía herrian dorre hartzaile zentralaren teknologia eta gatz urtuen bilketa termikoa konbinatzen dituen munduko lehen instalazioa eraiki du Sener enpresak. Konfigurazio horrek 15 orduko argindar-ekoizpena bermatzen du, eguzkirik gabe.

185 hektareatan banatuta, 2.650 heliostato —ispilu-panel— jarri dituzte. Panel guztien erdian dorre bat dago, eguzki-energia jasotzeko. Ispiluek eguzki-energia islatzen dute, eta dorrearen puntan dagoen hartzailera bideratzen. Han dauden gatz-kristalak berotu egiten dira, eta 500 gradutik gora metatzen dira behean dagoen biltegian.

Energia behar denean, gatz-beroa biltegitik ateratzen da. Hozten doan heinean, lurruna sortzen du, turbina bat mugitzen du, eta hark energia sortzen duen sorgailua mugitzen du.

Eguzki-instalazio horrek 25.000 etxebizitzari horni diezaieke argindarra.

Eguzki-energia oso garestia da oraindik, azpiegituretan egin behar den inbertsioa handia baita.

JESUS GOIRI; CIC energiGUNE: Eguzki-instalazioak nahiko txikiak dira oraindik, energia konbentzionalekin alderatuta, baina pixkanaka-pixkanaka 50 megawatt-eko moduluak lortzen ari dira, eta, horiek elkartuta, 200 megawatt-era iristen dira. Arazo nagusia behar den eremua da, baina mundua oso handia da.

Kostua da arazo nagusia bilketa-sistema ezagunenarentzat ere, hau da, baterientzat.

Bi bateria-mota daude: hidrogenozkoak eta litio-ioizkoak. Lehenengoetan hidrogenoa biltzen da, ondoren elektrizitatea sortzeko erabiltzeko.

Egunean zehar ekoizten den energiaren soberakinekin hidrogenoa lortzen da elektrolisi bidez, eta botilatan metatzen da. Energia behar denean, erabili egiten da.

JAVIER PATIÑO; CEGASA: Hidrogenozko baterian, alde batetik hidrogenoa sartzen da, eta beste aldetik, oxigenoa; eta tartean erreakzio bat gertatzen da. Ura alde batean utzita, elektroiak uretik bereizten dira, eta elektroi horiek sortzen dute elektrizitatea.

Tentsioak bermatua egon behar duen lekuetan erabiltzen da energia-bilketa hau; elektrizitatea eteten bada, bateriak martxan jartzen dira automatikoki.

Litio-ioizko baterietan, energia pilatu edo askatu egiten da, elektroiak elektrolito batera konektatuak dauden anodora eta katodora eramaten dituzten erreakzio elektrokimikoen bidez.

JAVIER PATIÑO; CEGASA: Bi terminalak badituzu, positiboa eta negatiboa, eta tartean karga bat edo linterna bat jartzen baduzu, modu naturalean joango dira ioiak alde batetik bestera, eta, aldi berean, elektrizitatea ere alde batetik bestera joango da; horiek dira ioiak. Horrela deskargatu egiten da. Kargatzeko, tentsio bat jartzen dugu anodoan eta katodoan. Tentsio horrekin alderantzizko prozesua egiten dugu: elektroiak alde batetik bestera joatera behartzen ditugu, baita litio-ioiak ere. Horrela kargatzen ditugu bateriak.

Litiozko bateriak telefono mugikorretan, ordenagailuetan edota auto elektrikoetan erabiltzen dira.

Energia berriztagarrien aldeko apustuak ezinbesteko egiten du energia biltzeko sistemak garatzea, elektrizitate-hornikuntza bermatu nahi bada energia ekoizten ez denean ere.

JESUS GOIRI; CIC energiGUNE: Lehenengo soluzioa energia mota hau ahal den gehiena merkatzea da. Baina, dudarik gabe, metaketa mota bati lotua egon beharko du.

Energia metaketa

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali