Eguzki-etxeak lehian

Donostiako EHUko Arkitektura Fakultateko ikasleek eguzki-energiarekin funtzionatzen duen etxe bat diseinatu eta eraiki dute Solar Decathlon Europe lehiaketan aurkezteko.
Gasteiz, 2012ko Uztaila

Lehen aldia da Euskal Herriko Unibertsitateko talde bat Solar Decathlon lehiaketara aurkezten dela. Ikasle hauek Donostiako Arkitektura Fakultatekoak dira, eta dagoeneko bi urte daramatzate proiektu hau prestatzen. Piskanaka eraikitzen ari diren hau etxe ekologiko eta jasangarri bat izango da, behar duen energia guztia eguzkitik hartuko baitu. Jarri dioten izenak adierazten du haren izana: Ekihouse.

Enara Menoio. UPV-EHU: Ideia nagusia etxea jasangarri izatea zen. Horregatik, hartu genuen printzipioetako bat forma da. Bero-galera gutxi egotea nahi genuen, eta horregatik, etxea ahalik eta konpaktoen izatea behar genuen. Horregatik eman genion laukizuzen forma.

Beroa hobeto gordetzeaz gain, etxea laukizuzena izateak, moduluak gehitzea errazten du, eta, hala, nahi den tamaina eta distribuzioa eman ahal zaizkio. Materialei dagokienez, egurra da nagusi; naturatik energia gutxi erabilita erauzten delako, eta berrerabili egin daiteke.

Ekihouse etxea Solar Decathlon lehiaketara aurkeztuko duten prototipoa da, baina helburu zabalago bat dauka: egungo teknologiak baliatuz, arkitektura ekologikoago –eta, zergatik ez, ekonomikoago– bat posible dela frogatzea.

Iñaki Larrañaga. UPV-EHU: Erabiltzaileak ez du pentsatu behar hau edo bestea nola dabilen. Bere etxean jarri behar da, eta gauzek normal-normal funtzionatu behar dute. Gero, hilabete amaieran, faktura iritsi eta nabarituko du. Gauzek funtzionatu egiten dute, eta gainera funtzionatzen dute modu batera non ez dudan argi-indarra herriko korrontetik hartu behar. Neuk ekoizten dut energia hori.

Bero handia egiten du uztailaren erdian Gasteizen. Hala ere, arkitektura-ikasle hauek beraien oporraldia etxea eskuz altxatzen pasa dute.

Mikel Lazkano. UPV-EHU: Azkenean, gure karrera ez da ordenagailuaren aurrean egotea soilik, edo paper batean irudi bat egitea. Jakin behar duzu zuretzako lan egiten duen pertsona horrek nola egiten duen lan eta zer egiten duen. Horrela, zuk etorkizunean jakingo duzu gauzak nola erraztu.

Enara Menoio. UPV-EHU: Guk ikasturtean zehar diseinatzen dugu, baina ez dugu eraikitzen. Hona iritsi garenean, eraikitzera, arazo askorekin egin dugu topo.

Ordenagailuan egindako diseinua benetako etxe batean bilakatu behar da, eta, bide horretan, hamaika arazo sortzen zaizkie. Etxea Madrilera eramateko geroz eta denbora gutxiago dago, hilabete eta erdi besterik ez.

Mikel Lazkano. UPV-EHU: Esango nuke gure 1.0 plangintzatik nahiko urrundu garela. Azken finean, eraikuntzan denborak ez dira errealak. Egun jakin batean amaituko duzula esaten duzu, baina, normalean, inprobisazioa sartzen den momentuan, denborak luzatu egiten dira. Ondo goazela esango nuke. Lehiaketara helduko gara, baina gure plangintzatik nahikoa urrundu gara.

Madril, 2012ko iraila

Iritsi da eguna. Solar Decathlon Europe lehiaketan gaude, Madrilen. 12 herrialdetako 19 etxe aurkeztu dira, eta bakoitzak bere modura egin dio aurre jasangarritasunaren erronkari. Lehiaketa-eremuaren ertz batean dago Ekihouse.

Eneritz Trigueros: Etxearen ezaugarri nagusia malgutasuna da: erabiltzailearen ikuspegitik, kanpoaldearen eta barrualdearen arteko malgutasuna, eta fatxadaren malgutasuna ingurumenari moldatzeko.

Udan jarraituko genukeen estrategia izango litzateke panel metalikoak erabiltzea airea gurutzatzen uzteko, edo etxea guztiz ireki bentilazio gurutzatu naturala lortzeko. Neguan hegoaldera begira biziko ginateke, eta udan, berriz, iparraldean egingo genuke bizitza.

Bai hegoaldean bai iparraldean soluzio berdina eman diogu fatxadari, baina orientazioa desberdina denez, bakoitzari tratamendu desberdin bat eman diogu. Iparraldeko honetan txapa perforatuari polikarbonatoa jarri diogu, eta beirak argon gasa dauka barruan. Hegoaldean, berriz, txapa perforatua bakarrik doa, haizea sartzen laguntzeko, eta beirateek eguzki-erradiaziotik babesteko tratamendu bat dute.

Barrualdeari dagokionez, bi alboetan instalakuntza gelak ditugu. Alde honetan sukaldea eta hemen komuna. Elementu horiek bi alboetan kokatzen dira. Horiek dira orientaziorik txarrenak, eta horregatik egin ditugu itxuak, beste bi alboak guztiz irekiak direlarik. Altzariei dagokienez, guztiz malguak dira eta konfigurazio desberdinak lor ditzakegu, erabiltzaileak dituen beharren arabera.

Solar Decathlon lehiaketa hasia da dagoeneko. Goizero, etxeek probak pasatzen dituzte, eta arratsaldez, berriz, publikoari erakusten zaizkio.

José Manuel Páez. Solar Decathlon Europe: Lehiaketa hamar probatan banatzen da. Batzuk subjektiboak dira eta epaimahai batek baloratzen ditu: arkitektura, instalazioak, jasangarritasuna, etxea merkatuari nola egokitzen zaion eta abar. Beste proba batzuk, berriz, neurtuak dira: batetik neurketa estatikoak, hau da, une jakin batean hartutakoak, eta, bestetik, etxearen funtzionamendua modu jarraituan neurtzen dutenak. 

Neurtutako proben artean, etxe arrunt batean egingo genituzkeen gauzak egiten dira Ekihousen. Alegia, garbigailua martxan jarri, dutxa bat hartu, erraz irakurtzeko moduko argi-intentsitatea mantendu, eta bizilagunak, kasu honetan beste proiektuetako parte-hartzaileak, afaltzera gonbidatu. Kontsumo baxuko elektrogailuak dituzte horretarako, eta horiek kontsumitzen duten energia eguzkitik lortzen dute.

Eneritz Trigueros. UPV-EHU: 56 panel fotovoltaiko ditugu, eta erdian termiko bat. Termiko horren bidez ur beroa lortzen da, eta fotovoltaikoen bidez, elektrizitatea.

Aurtengo edizioan, lehen aldiz, lehiaketa-eremuko etxe guztiak sare adimendun baten bidez konektatuta daude. Hala, etxe batek behar baino energia gehiago sortzen badu, behar baino gutxiago sortzen ari den batekin partekatu dezake. Eta guztien arteko balantzea positiboa baldin bada, sare elektrikora isurtzen dute soberakina. Datu horiek guztiak zentro honetatik monitorizatzen dira denbora errealean.

Rafael Muñoz. Schneider Electric: Une honetan, etxeak 65 kW sortzen ari dira, eta 912 kWh metatu dituzte. Sarera bidali diren 912 kWh horiek zentraletan sortzeko, negutegi-efektuko gasak isuri beharko lirateke. Beraz, lehiaketaren lehen aste honetan 18 zuhaitz, ia hemeretzi, landatu izan bagenitu bezala da. Etxe bakoitzaren kontsumoa ere ikus dezakegu. Adibidez, Ekihouse, EHUko etxea, 3,5 kW sortzen ari da une honetan. Orain arteko sorkuntza maximoa 6,5 kW-koa izan du, eta uneko kontsumo handiena, berriz, 6,8 kW-koa. Zuhaitz eta erdi daramate, beraz. 

Balantze energetikoa da, hain zuzen, EHUko taldea ondoen egiten ari den proba. Oraindik aste bete falta da irabazleak ezagutzeko, baina taulan ondo kokatuta daude, momentuz.

Eneritz Trigueros: Erdi-goi partean gabiltza. Lehenengo hamarren artean ibili gara une oro. Batzuetan gorago, besteetan beherago, baina zortzigarren postutik oraindik ez gara jeitsi. Oso gustora gaude emaitzarekin eta horrela jarraitzea espero dugu.

Azkenean, proba guztietako puntuak batuta, 12. postuan amaitu dute. Irabazlea, Frantziako Canopea etxea izan da. Baina jendeari gustatu zaio, nonbait, EHUkoen proposamena. Internet bidezko publikoaren botazioa irabazi dute. Orain, bi urteko lanaren emaitza ospatzeko ordua da.

- Teknopolis

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali