NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Kaixo, Alain. Zer moduz, ondo?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Ondo.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Noiztik eskiatzen duzu?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Duela 15 urtetik eskiatzen dut. Baina utzita eduki dut azkenaldian: familia izan genuen eta... umeak! Umeek eta lanak denbora kentzen dute!
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Hasi zinenerako hanka bat falta zenuen?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Bai, hasi nintzenerako hanka falta nuen.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zure egoeran, eskiatzeko materiala egokitu egin beharko da, noski. Zein da zure modalitatea?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Eski alpinoa da. Eski bakarrarekin egiten dut, eta bastoi hauekin; estabiloak dira. Patin batzuen antzekoak dira, eta biratzen laguntzen didate. Alde batera edo bestera biratzean sostengu moduan laguntzen didate.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Azken finean, makulu batzuk dira, ezta?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Makulu batzuk dira, eta muturrean patin bat daukate.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta eskiatzeko teknika oso desberdina da?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Ez, teknika berdin-berdina da. Baina bakoitzak daukan arazoari egokitu behar zaio.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Nekagarriagoa izango da, ezta?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Bai. Aurten, gainera, asko ari zait kostatzen. Forman egon behar da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Beste kasu batzuetan, izterretan nahikoa indar ez dutenek eserita eskiatzen dute. Horretarako, tramankulu berezi bat behar izaten dute, ezta?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Bai. Karro bat da, eta eski bat du azpian, erdi-erdian, eta amortiguadore bat haren gainean. Eta behean doaz. Bastoiekin eskiatzen dute, estabiloekin.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Horien kasuan bai, eserita doazenez eta grabitate-zentroa askoz beherago dutenez, teknika desberdina izango da, ezta?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Ez, teknika berdina da. Gainera, beherago doazenez hobeto doaz.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Egonkorragoa da, orduan. Agian beldur gutxiago izango diote erortzeari, ezta?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Ez dakit, hori haiei galdetu behar, nik ez dut probatu.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Gaur ez dira etorri, baina zuen taldean badira itsuak eta baita ikusmen-arazoak dituztenak eta erabat itsuak ez direnak ere. Horiek nola moldatzen dira eskiatzeko?
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Erabat itsuak direnek gida bat daramate aurretik, gidak bizkarrean bozgorailu bat darama, eta horren bitartez esaten dio eskuinera edo ezkerrera egin behar duen. Eta haren ahotsari jarraitzen diote. Erabat itsuak ez direnek mikrofonoa eta aurikularra daramate; horiek ere gida batekin eskiatzen dute. Eta eskiatzeko teknika berdin-berdina da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Oso ondo. Egun osoa duzu aurretik entrenatzeko: lehenengo beroketak, eta, gero, gogor. Ondo pasa!
ALAIN IRAZU; eskiatzailea: Bai, eskerrik asko!