Candida emboli

Aste honetan Mungiako ikusle batek idatzi digu. Bere mezuan adierazten digu gaixotasun kroniko bat duela eta sarritan joan behar duela ospitalera zain barneko injekzio bidez botikak hartzera. Dirudienez, kandida izeneko onddoak eragindako infekzio bat sortu dio kateterrak, botikak emateko erabiltzen den zundak,  eta infekzio horiek nola sortzen diren jakitea gustatuko litzaioke.

Kateterrari lotutako infekziorik gehienak estafilokoko deritzan bakterio batek sortzen ditu, baina, gure ikuslearen kasuan bezala, kandida izeneko onddo batek ere sor ditzake. Onddo horiek azalean bizi dira, eta kateterrak irekitako zuloa aprobetxatzen dute gorputzean sartzeko. Hala, zundaren barnetik bidaiatzen dute, eta haren muturrean pilatzen dira.

Berez, gure defentsak gai dira onddo horiek deuseztatzeko, baina immunodeprimitutako pertsonei, hala nola haurrei, adinduei eta gaixoei, zailago gertatzen zaie haiei aurre egitea. Kandidak, tamaina jakin batera iristen denean, askatu eta odol-hodietatik bidaiatzen du. Horregatik, onddoa sartu zen zulotik urrun dauden lekuetan ager daitezke infekzioak. Horrez gain, gerta daiteke estuegia den odol-hodi bat topatzea eta hura buxatzea tronbo edo odolbildu bat osatuz.

Nolanahi ere, infekzio-mota hori saihestu egin ohi da, kateterrak sarritan garbituta edo aldatuta. Hori da hemendik gure ikusleari konta diezaiokeguna. Beti bezala, gogoratzen dizuegu teknopolis@elhuyar.com helbidea eskura duzuela osasun-gaien inguruan dituzuen galderak bidaltzeko.

Candida emboli

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali