CAF-Elhuyar sariak
OIHANA JAUREGI. Elhuyar: Zientzia-kazetaritzen arloko lanen kategoriatik hasiko gara. Aurkeztu diren kazetaritza-lanen artean, bat aukeratu dute epaimahaikideek. Erabaki dute Gorka Zabaleta Lopetegiri ematea saria, Zumaiako Baleike herri-aldizkarian argitaratutako lanarengatik. Angel Uranga CERNeko fisikariari egindako elkarrizketa da, eta izenburua: “Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa”.
GORKA ZABALETA: Gure umetako eskola garaian bazen ikasle bat ikasle onenaren saria irabazi zuena. Gogoratzen naiz hura guretzat zela gure Einstein partikularra. Iaz, 2012an, gogoratuko zaretenez, Higgsen partikularen albistea mundu osoan zabaldu zenean, lagun batek, Alberto Gorritiberea zinegileak, komentatu zidan berak kuadrilan bazuela lagun bat, fisikaria, saltsa hartan zebilena. Nor izango eta Angel Mari Uranga, gure txikitako Einstein partikular hura.
Bideoa: Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa.Zientzia-kazetaritzan saritutako artikulua.
Nondik gatoz? Zer gara? Nora goaz? Gizakiak betidanik bere buruari egin dizkion galderak dira. Batzuek erlijioan edo filosofian bilatzen dituzte erantzunak. Beste batzuek, zientzian. Bilaketa lan horretan dabil Angel Mari Uranga, fisik teorikoaren eskutik.
Ezagutzaren mugetan egiten du lan. Esperimentazioaren bitartez oraindik demostratu ezin daitekeena irudikatzen, esploratzeke dauden lurraldeen mapak sortzen. Ez dauka zerikusirik guk zientzialariez daukagun irudiarekin: ez du egun osoa laborategian pasatzen, esperimentuak egin eta egin... Bere hitzetan, “mugako zientzia da fisika teorikoa. Formulazio matematikoetan oinarritzen gara, oraindik ezagutzen ez duguna nolakoa izan daitekeen maila teorikoan planteatzeko.”
OIHANA JAUREGI. Elhuyar: Kasu honetan, epaimahaikideek aho batez aukeratu dute lanik onena. Ijitoen jatorria, DNAn islatua da haren izenburua, eta egilea, berriz, Isabel Mendizabal Eceizabarrena.
Bideoa: Ijitoen jatorria, DNAn islatua. Tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu saritua.
Nondik datoz erromaniak? Mendeetan zehar misterio bat izan da herri honen jatorria. Erdi Aroan zabaldua den kondairaren arabera, erromaniak Egipton sortuak zirela uste zen, eta hortik datoz, izan ere, hainbat hizjuntzatan erabiltzen diren egiptiano hitzaren eratorriak, euskarazko ijito kasu. Erromaniek ez dute beren arbasoen jatorriaren inguruko lekukotasun idatzi edo ahozkorik.
Ba ote dago argitzerik daokumentatu gabeko gizatalde baten iragana? Eta historia bera baino milaka urte lehenago gertatutako giza migrazioen berri jakiterik? Horrelako galderei erantzuteko tresna paregabea da genetika. Iraultza teknologikoari esker, gaur egun posible da genoma bat erdiestea 100 euroan, sakon (genotipatze teknikaz), eta 5000 euroan guztiz (sekuentziatuz).
ISABEL MENDIZABAL: Esan nahi nuen gauza bakarra da oso emozionantea dela norberak hainbeste esfortzurekin egindako tesia besteei ere interesgarri egitea. Eskerrak eman nahi dizkiet CAF-Elhuyarreko antolakuntzakoei, gaurko egunagatik, eta Izeba Marijo eta Urkori, artikuluan eman didazuen laguntzagatik. Eskerrik asko.
Bideoa: Galaxiek topo egiten dutenean. Dibulgazio-artikulu orokorraren saria
Mount Wilson izeneko mendiaren tontorrean, Kalifornian, garai hartan munduko teleskopiorik handiena zena gau ilunari begira zegoen, bere 100 hazbeteko diametro itzelarekin. Teleskopioaren atzean, Edwin Hubble izeneko gizon gazteak aparatua ondo fokatuta zegoela egiaztatzen zuen gauero, eskuarekin pipa piztuari eusten ziolarik, Sherlock Holmes pertsonaiaren antzera. Astronomo amerikarrak 1919 eta 1926 urteen artean lortu zituen argazkiei esker, Baker Streeteko detektibearen mailako misterioa argitu zuen: M31 eta M33 nebula espiralak aztertuz, frogatu zuen mota honetako astroak geure galaxiatik at dauden izar-multzo erraldoiak direla, gauean begi-bistaz ikus ditzakegun izarrak baino askoz urrutiago kokatuak.
OIHANA JAUREGI. Elhuyar: Aurkeztu diren lan guztien artetik, Miguel Querejeta Perezek idatzitako artikulua aukeratu dute: Galaxiek topo egiten dutenean.
MIGUEL QUEREJETA: Nire aldetik, familia eta lagun piloa gerturatu dira, eta haiei ere eskerak eman nahiko nizkieke, bereziki gurasoei, beti ondoan egoteagatik, eta oso bereziki ere nire ozeba Feferi, Ezkaraien berak eta Iñakik daukaten etxea izan zelako niri astronomiarekiko grina sartu zitzaidan lekua. Han ematen genituen txikitan udarak eta udarak, eta han dauzkaten bi terraza zoragarriei esker maitemindu nintzen astronomiarekin.
ANA GALARRAGA. Elhuyar: Kategoria berriak bilatzen du zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza bultzatzea, sortzea edo lantzea. Hori muinean daukaten proiektuei laguntza bat eman nahi die beka baten bitartez. Orain arteko lanek, eta beste kategoriek, zientziaren gizarteratzean egin izan dute indarra; gehien bat artikuluen bidez, baina baita liburuen bidez, eta publiko desberdinei begira. Kategoria honek horrekin puskatzen du, eta beste mota bateko elkarrekintza bilatzen du.
OIHANA JAUREGI. Elhuyar: Era askotako proiektuak aurkeztu dira: artistikoak, soziologikoak... Haietako asko, oso interesgarriak. Horrenbestez, Balio berriz balio proiektuak jasoko du beka. Haren egileak sei emakume gernikar hauek dira: Arlette Apraiz Eizagirre, Doltza Oararteta Torrealdai, Jaione Ortiz De Zarate, Maider Amutio Izagirre, Nerea Andres Arribalzaga eta Oihane Enbeita Gardoki.
ANA GALARRAGA. Elhuyar: Lanaren izenburua da ‘Balio berriz balio’. Gizartea gogoeta egitera bultzatu nahi dute, gauzek balioa noiz galtzen duten, eta ez ote daukaten beste balio bat. Nolabait, hondakinaren kontzeptua zalantzan jartzen dute.
Bideoa: Balio berriz balio
OIHANE ENBEITA; bertsolaria eta antzezlea: Ez da amaitzen balio berriz balio berriz balio, zikloka errepikatzen da eta guk planteatzen duguna da zergatik hondakina zergatik bihurtzen den baztergarri, funtzioa galdu duelako ala guk behatzeari utzi diogulako. Behatze horek aukera ematen dio beste bizitza ziklo bati.
“Behin, txatar pila baten artean, bizikleta baten aulki zaharra aurkitu nuen, eta justu alboan, herdoildutako eskuleku bat. Berehala zezen-buruaren ideia etorri zitzaidan gogora, soldatu baino ez nituen egin behar izan. (...) agian bota egin behar nuen zezen-burua. Orduan langile bat pasatuko zatekeen eta jaso egingo zukeen. Beharbada zezen buru horrekin aulki bat eta eskuleku bat egin ahalko zituzkeela konturatuko zen..”
Zezen-burua obrari buruz Picassok Brassaï-ri emandako azalpena.
MAIDER AMUTIO; ingeniaritza kimikoan doktorea: Hori berez Jaioneren ideia izan zen, bera arkitektura ikaske da eta berak izan zuen.
Nire lan esparrua da hondakinen balioztapena, izan ahal dira plastikoak, izan ahal dira pneumatikoak, horiei balio berri bat ematea, orduan beste zer edo zer lortzea balio duena, produktu kimikoak, erregaiak,...
DOLTZA OARARTETA; zientzia politikoetan ikaslea: Ni zientzia politikoetatik nator eta nire betiko ardura edo zalantza bat izan da ea zergatik gauzak hain erraz desegiten ditugun, kasu honetan eraikinak. Hemen, Astran, armak egiten ziren 90eko hamarkadara arte. Astra eredu izango litzateke, gizartearen partaidetzaz nola bideratu daitezkeen beste identitate batzuk eraikinentzat.
MAIDER AMUTIO; ingeniaritza kimikoan doktorea: Azkenean gaur egun ekoizten dena bizi bakar baterako dago pentsatuta, erabili eta bota gizarte honen barruan.
OIHANE ENBEITA; bertsolaria eta antzezlea: Zelan bermatu ekoizpenetik bertatik gauzek bizitza bat baino gehiago izango dituztela. Gure erronka da esentziari erantzungo dion emaitza bat izatea, eta hondakinik sortuko ez duena. Argazkiak erabiliko baditugu ez dira paperean inprimatutakoak izango, hautsa hartuko dutenak, juxtu horregatik. Hori da adibide bat erraza ulertzeko.
OIHANA JAUREGI. Elhuyar: Karlos Ibarguren Olalde medikuak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen lehendakariak, jasoko du saria Elhuyarreko lehendakari Txema Pitarkeren eskutik. Erakunde honek 20 urte daramatza osasun-arloan euskararen normalizazioa bultzatzen, eta, gaur egunera arte, osasun arloko ia 400 langile bildu ditu euskararen aldeko lanera.
KARLOS IBARGUREN: 20 urte daramatzagu lanean, baina berak aipatu dituen guztiak egin behar baditugu, hau beka bat da, zuena bezala. Oraindik lan asko daukagu egiteko.
TXEMA PITARKE: Elhuyar Aldiazkariaren maketatzaileak, Virgik, oraindik gogoan ditu OEEko zenbait lagunek aldizkarian argitaratzeko asmotan bidalitako artikuluak. Eskuz eta mediku-letrarekin, gainera. Papera alde batera eta bestera biratu eta halako batean asmatu artukulua non hasten zen eta non bukatzen zen.
KARLOS IBARGUREN: Hor, akaso, elektrokardiogramaren bat pasa zitzaigun, eta bueltaka zebilen hori elektrokardiograma zen. Geuk ere ez ditugu ulertzen, bueltak ematen dizkiegu eta... Akaso gure errua izan zen hori.
- Teknopolis
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian