Bulegoa edonon

Ordenagailua, dagoeneko, smartphoneetan daramagu integratuta, baina inprimagailua, eskanerra eta beste aparatu asko oraindik ez. Ala bai?
Zure ohiko lanpostutik kanpo denbora asko pasatzen baduzu, bulegoan dauzkazun tresnetako batzuen falta nabarituko duzu behar bada. Horregatik, gaur, proposamen pare bat ekarri ditugu hona.

Hemen daukagun hau saguaren eta eskanerraren arteko hibrido bat da. Saguaren laser-sentsorea aprobetxatzen du, dokumentuak, argazkiak edo dena delakoa eskaneatzeko. Funtzionamendua oso erraza da: ‘scan’ dioen botoia sakatu, gurpilarekin irudia handitu edo txikitu, eta eskaneatu nahi duzunaren gainetik pasatu behar duzu sagua. Gehienez, A3 tamainako irudiak har ditzakezu, nahiko bereizmen onargarriarekin. Gainera, testua ezagutzeko gai da; beraz, dokumentuak transkribatzeko ere baliagarria izan daiteke. Hartutako irudiaren gainean oinarrizko zuzenketa batzuk ere egin ditzakezu: kolorea, kontrastea… eta, gero, gorde, edo, zuzenean, partekatu. LG etxearena da, eta 99 euro balio du.

Ni neu ahalik eta paper gutxien inprimatzearen aldekoa naiz, baina egia da batzuetan ezinbestekoa dela dokumentu jakin bat paperean izatea. Demagun sakelako telefonotik edo tabletatik inprimatu nahi duzula. Aplikazio asko daude wifi sare berean dauden inprimagailuak detektatzeko. Hau, adibidez, doakoa da, eta Lexmark etxekoekin funtzionatzen du. Dagoeneko, inprimagailu batzuek hodeitik inprimatzeko aukera ere ematen dute. Hau da, edozein tokitan zaudela ere, dokumentua zure inprimagailura bidal dezakezu, hodeian gordeta geratzen da, eta, bulegora itzulitakoan, hantxe edukiko duzu zain. Oraingoz, enpresa munduan erabiltzen diren laser inprimagailu handiek egin dezakete hori, baina ziur gaude aukera hori etxeko inprimagailuetara ere iritsiko dela.

Bulegoa edonon

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali