Birusak, erne!
PAKO AGUDO
"Deitu zidaten lanetik segituan irteteko esanez, seguruenik kontajiatuta izango nintzela eta... sortzen zen iskanbila guztiarekin. Medikuarengana etorri nintzen eta birikak-eta oso gaizki nituen. Hasi nintzen eztul fuertearekin, sukar pixka batekin eta orduan eraman ninduten ospitalera. Ezberdina da. Ez dakit hobeagoa ala txarragoa, baina ezberdina. Besteetan igual sukarra altuago izan dut eta agian oraingoan sukar gutxiago -38,5 inguru-, baina bai, biriketako asuntoa askoz ere karga handiagorekin."
Hilabeteak pasatu dira Pako Agudo gaixotu zenetik. Ordutik mundu guztian milaka dira gripe pandemikoak jotakoak.
Donostia ospitaleko mikrobiologia laborategia gripearen erreferentziako laborategia da Euskal Autonomi Erkidegoan. Apirilaren 26an egin zuten A gripea antzemateko lehen analisia. Mexikotik bueltan etorritako paziente bilbotar baten lagina aztertu zuten. Ordutik, egunero egiten dira gripe berriari antzemateko analisiak. Irailaren 15era arte, 2.000 lagin jaso zituzten eta 400 froga izan ziren positiboak.
Zelula barruko parasitoak dira birusak. Ez dute ingurugiroan libre bizitzeko aukerarik. Zelularen bat behar dute barruan sartu, bizi eta ugaltzeko.
Paziente baten lagina kutsatuta dagoen jakiteko, birusak zelula-lerroetan hazten dira. Zelula-hazkuntzak baratz-antzeko batzuk dira. Barazkiak hazteko lurra behar den bezala, birusak hazteko zelulak behar dira. Pazienteen laginak zeluletan landatzen dira. Birusez kutsatutako laginik bada, zelula-kulturak ere kutsatu egingo dira.
DIEGO VICENTE; Donostiako Ospitalea
"Zelula-lerro ezberdinak erabiltzen ditugu. Birus bakoitzak hazteko giro bat behar du. Guztiei ez zaizkie zelula berdinak gustatzen eta zelula ezberdin ugari erabiltzen dira: oso azkar hazten diren giza zelulak, tumore-zelulak; edo txakurren zelulak, edo tximuenak... Gripearen birusa hazteko, txakurren giltzurrun-zelulak erabiltzen dira. Zelula-mota asko erabiltzen dira. Beharren araberako zelula-lerroa aukeratzen dugu, bilatu nahi dugun birusaren araberakoa".
Milioika zelula hazten dira botilatxoetan eta, ondoren, bial txikiagoetan banatzen dira. Bial bakoitzak 125.000 eta 150.000 zelula inguru izaten ditu. Birusak bial horietan landatzen dira.
DIEGO VICENTE; Donostiako Ospitalea.
"24 eta 72 ordu bitartean izaten ditugu bialak tenperatura egokian inkubatzen, 35 eta 37 gradu artean. Aldiro, bialak mikroskopioan jarri eta zelulak begiratzen ditugu, birusak agertu eta zelulak gaixotzen ari ote diren ikusteko. 72 ordu pasatu eta gero gaixotu direla ikusten badugu birusak berariazko antigorputz monoklonaletara itsasten ditugu. Antigorputz horiek gai fluoreszente zehatzekin markatzen dira eta birusa dagoen ala ez begiratzen dugu fluoreszentzia-mikroskopioan".
Biologia molekularreko teknikak ere erabiltzen dira gaixoen laginetan birusei antzemateko. Denborak asko laburtu dira teknika horiei esker, eta, gaur egun, ordubetean ere lortzen dute analisien emaitza.
Birusei antzemateko analisiak 10.000 laginetan egiten dituzte urtero Donostia Ospitalean. Analisietan agertzen diren birus gehienak aspaldi aurkitu ziren. Baina batzuk ez dira horren ezagunak. 2000. urtetik aurrera hainbat birus berri ezagutu dira biologia molekularreko teknika berriei esker.
GUSTAVO CILLA, Donostiako Ospitalea
"Mendeetan izan dute gizakiek birus horien eragina. Baina orain arte ez dira aurkitu zelula-kulturetan hazten ez direlako. Biologia molekularreko teknika berriak agertu arte itxaron behar izan da aurkitzeko".
Donostia Ospitaleak urteak eman ditu arnas birusak ikertzen. Beste birus baten transmisio-bide berri bat aurkitu zuen ikerketa horietako batek.
GUSTAVO CILLA; Donostiako Ospitalea
"Giza bocavirusa arnasbideetatik kutsatzen da. Baina bide gastroenterikotik ere kutsa daitekeela jakin da egindako ikerketei esker. Gastroenteritisak ere sortzen ditu, beraz. Garrantzitsua da hori jakitea, birusen transmisio-bideak ezagutzea oinarrizkoa baita prebentzio-neurriak hartzeko.
Bizidunen eta bizigabeen arteko mugan, birusek zelulen beharra dute ugaltzeko. Landare eta animalietan, ugaltzeko zelula egokiak aurkitzen dituzte. Zelularen ugalketa-mekanismok beren beharretara makurtzen dituzte. Ondorioz, zelula suntsitu egiten da ehunka birus berri sortu ondoren.
Birusek egunero kutsatzen dituzte gizakiak. Infekzioak arinak izaten dira normalean. Sukar apur bat edota burukomin arina sor lezakete. Baina infekzioen ehuneko txiki bat larria, oso larria edo hilgarria ere izan daiteke .
GUSTAVO CILLA; Donostiako Ospitalea
"Giza osasunean eragin izugarria izan duten gaixotasunak eragin izan dituzte birusek. Birusek sortutakoak dira, adibidez, hiesa, gripe pandemiak, poliomielitisa, elgorria, baztanga... Bestalde, birus batzuk oso kutsakorrak dira, eta milaka edo milioika pertsonei eragin diezaieketen eta kontrolatzen zailak diren epidemiak sor ditzakete. Beste alde batetik, kontuan izateko beste faktore bat dago. Birusak izaki oso sinpleak dira, eta, horrexegatik, zaila da haiei eraso egitea".
Mundu guztiko ospitaleak erne daude birus berriak ager daitezkeelako. Izan ere, birusak erraz aldatzen dira. Hori da haien ezaugarrietako bat eta espezieen arteko muga ere gaindi dezakete, gripe berriaren H1N1 birusak egin duen bezala.
GUSTAVO CILLA; Donostiako Ospitalea
"Fenomeno naturalak dira horiek. Beti gertatu izan dira eta seguruenik berriro ere gertatuko dira. Pentsa liteke gertatzeko aukerek gora egingo dutela planetan gero eta pertsona gehiago gaudelako, gu elikatzeko gero eta animalia eta hegazti gehiago hazten ditugulako, eta planetaren azken bazterreraino ere iritsi garelako. Animalia-birusek gizakietara salto egitea ekar lezake horrek guztiak".
Londresen egon berri da Aritz Mutiloa eta Ingalaterran igarri zituen gripearen lehen sintomak.
HARITZ MUTILOA
Gaixo hasi nintzen sentitzen eta ez nekien zer zen. Hasi jatan sukarra igotzen, igotzen, igotzen... Eman zostan Tamiflua eta esan zostan sukarra neukan bitartean ezin izango nebala bidaiatu. Zela gripeari buruz gauza pila bat entzunda neuzkan, hona etorrita, esan neban goazen ospitalera eta Mendaroko ospitalera joan ginen.
Mugikortasuna da globalizazioaren ezaugarrietako bat. Ia 3.000 milioi bidaiarik hartu zuen hegaldiren bat 2008an Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak emandako datuen arabera. Lurrez, itsasoz eta airez egiten den merkantzien joan-etorria are handiagoa da.
Birusen hedatze azkarrari laguntzen dio mugikortasun handi horrek. 2003an ustez SARSak jotako gaixo bat egon zen Basurtoko ospitalean. Oso koronabirus erasokorra da SARSa. Era horretako patogeno bereziak kalitate-kontrolarez aztertzeko Europako Batasunean dauden erreferentziazko laborategietako bat da Basurtoko ospitalekoa.
RAMON CISTERNA; Basurtoko Ospitalea
"Patogeno bereziak era bateko zein besteko birulentzia jakin bat dutenak dira. Ez ohiko mina egiteko gaitasuna dute".
Normalean ez dira diagnostikatzen. Ospitaleak ez daude horiekin lan egitera ohituta. Horregatik, laborategi batzuk berariaz prestatzen dira.
RAMON CISTERNA; Basurtoko Ospitalea
"Baztanga, lupua, tularemia, izurritea izan daitezke, hau da, oso erasokorra den zerbait, min handia sortzen duen zerbait. Benetan oso zaila da ospitale guztiak diagnostikatzeko prestatuta egotea. Horregatik aukeratu dira laborategi gutxi batzuk, estatu-kide bakoitzeko bat, une jakin batean mota horretako patogenoak diagnostikatzeko gaitasuna izan dezaten".
Basurtora laginak bidaltzen dira Alemaniako erreferentziazko zentrotik. Jakin nahi da benetan gai diren bidaltzen zaien guztia diagnostikatzeko.
RAMON CISTERNA; Basurtoko Ospitalea
"Inor ez dadila larritu, ez dezala pentsa mota horretako patogenoak bidaltzen dizkigutenik. Azido nukleikoak bidaltzen dizkigute, izaera genomikoaren aztarna dute hor, eta guk hori identifikatu behar dugu".
Gripe berriaren birusaren ondoren ere beste batzuk sortuko direla ohartarazten dute adituek. Ahalik eta azkarren antzemateko gai izateak bidea ematen du zabalkundea gelditzeko eta txerto berriak sortzeko . Izan ere, oraingoz mugatua da botiken eraginkortasun terapeutikoa.
RAMON CISTERNA; Basurtoko Ospitalea
"Une honetan hori da medikuntzaren erronka nagusia: ugaltzea jasaten duten zelulei minik egin gabe, birusak modu eraginkorrean tratatzeko gai izango diren sustantziak lortzea".
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian








