Bioteknologiaren garbiketa
Korrosiboa, suharbera, ingurugiroarentzat arriskutsua, narritagarria... Gai kimikoen erabilerak sor ditzakeen arriskuez ohartarazten dute piktogramek. Mota horretako abisuak izaten dituzte agerian etxeko garbiketan erabiltzen diren produktu askok. Hala ere, gero eta gehiago eskatzen dira ingurumena errespetatzen duten produktu seguruak.
Garbigarri kimiko eta biologikoak egiten ditu A&B laboratorios de biotecnología enpresa arabarrak, eta, osagai toxiko eta arriskutsuak erabili ordez, gai naturalak erabiltzen hasi da ekoizten dituen produktuetan. Produktu-aldaketa lan-sistemetan ekodiseinua txertatu zutenean eman zen.
Jon Kepa Izagirre; A&B: "Petrolioaren eratorriak egiten diren moduan, manufakturarik izan ez duten lehengaiak erabiltzen ditugu. Sintesi kimikorik gabeko gai naturalak erabiltzen ditugu. Olio edo zerealen eratorriak. Petrolioaren eratorri kimiko tradizionalen ordez erabiltzen ditugu".
Enpresak egin duen aldaketaren jatorrian Prestige petrolio-ontziaren istripua dago.
Iñigo Oyanguren; A&B: "Mikroorganismoekiko lehen kontaktua 2003an izan zuen A&Bk . Urte horretan Espainian hondamendi ekologiko bat gertatu zen. Prestige ontzia Kantauri itsasoan ondoratu zen, eta petrolio ugari zabaldu zen itsasoan. Horren ondorioz, zenbait lagin hartu ziren, eta petrolioa degradatzeko mikroorganismoak bilatzen hasi ginen. Horren ondorioz, asko ikasi dugu, eta momentu horretatik aurrera, hor ikasi genuen guztia beste arlo batzuetan aplikatzen saiatzen gara".
Garbigarriak egiteko erabiltzen diren mikroorganismoak enpresaren laborategian aukeratzen dira.
Iñigo Oyanguren; A&B: "Guk erabiltzen ditugun mikroorganismoak naturan dauden mikroorganismoak dira. Guri lagin bat etortzen zaigu laborategira, -lur lagin bat edo usteldutako frutaren lagin bat-, eta lagin horretatik laborategian zenbait lagin hartzen ditugu".
Mikroorganismoen eraginari esker, modu naturalean degradatzen da edozein konposatu. Degradazio horretan mikroorganismo askok parte hartzen dute. Laborategiko mikroorganismo-kulturei esker, mikrobio-flora ezagutu ez ezik, osasunarentzat arriskutsuak izan daitezkeenak baztertu eta garbitzeko gaitasun handia daukatenak aukeratzen dira.
Orain dela gutxira arte, hipoklorito edo amoniakoarekin egin izan dira garbigarriak. Gauza asko garbitzeko gaitasuna da garbigarri tradizional horien ezaugarria. Bioteknologia bidez ekoizten direnak aldiz, ezin dira edozertarako erabili. Mikroorganismoak inguru jakinetan hazten dira; hau da, ingurune zehatzetan hazi, elikatu eta ugaltzen dira. Ondorioz, hainbat garbiketa egiteko gai izango diren garbigarriak erdiestea ez da erraza.
Jon Kepa Izagirre: A&B: "Era honetako produktuekin ibilbide laburra egin dugu, eta, batzuetan, ez dute produktu kimiko tradizionalek adinako gaitasunik, baina asko hurbiltzen dira. Erabiltzeko seguruak badira, eta ingurumenari egiten dioten kaltea txikiagoa da. Erabilerak ere gero eta gehiago dira".
Zabal ikertu dira detergenteen ondorio kutsagarriak. Besteak beste, uretako espezieek eta nekazaritzak kalteak jasan ditzakete detergenteen gehiegizko erabileraren ondorioz. Garbigarri bioteknologikoen albo-ondorio kaltegarriak txikiagoak dira, garbiketa-agenteek lanean segitzen dutelako kanalizaziotik bota ondoren ere
Jon Kepa Izagirre; A&B: "Bakterio, onddo edo entzimekin egindako garbigarri bioteknologikoek saihestu egiten dituzte gai kimiko arriskutsuak, eta kanalizaziotik joan den hondakinaren degradazioa ahalbidetzen dute. Horrek inpaktua gutxitzen du".
Iñigo Oyanguren; A&B: "Gure produktuek toxikotasun gutxiago daukate, eta horrek egiten du bai inguruarekiko eta bai pertsonekiko seguruagoa izatea".
Ekoizten den edozein produktuk du ingurumen-inpaktua. Inpaktua gutxitu nahi izanez gero, produkzio-prozesua ere kontuan izan behar da.
Jon Kepa Izagirre; A&B: "Produktu guztiek daukate ingurumen-inpaktua, besteak beste, lehengaiak erabiltzen ditugulako eta ura eta energia kontsumitzen ditugulako. Ahalik eta inpaktu txikiena izaten ahalegintzen gara. Bizitza-ziklo guztian zehar inpaktua gutxitzeko, zaindu egiten dugu hornitzaileen kontratazioa, eta kontuan izaten ditugu garraioa, ur-kontsumoa eta energia-kontsumoa".
Bioteknologiaren garbiketa
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian