Aste honetan Gasteizko Esti Corres-ek idatzi digu. Txikitatik asma ei dauka berak eta, eskolan zebilenean, asma zuen beste inor ez zuela ezagutzen dio. Azkenaldian, aldiz, asma duten ume askoren berri izan du bere inguruan, eta komunikabideren baten epidemia hitza ere irakurri omen du. Hori guztia egia ote den jakin nahi du..

Epidemia den ala ez den ez dugu guk esango, baina datuak aurkitzen saiatu gara. Eta datuek diote asmaren eragina ez dela bera mundu osoan zehar, baina, batez beste, umeen % 10i eragiten diola. Kopuru handi samarra da, eta adituak ez dira ados jartzen. Ez dakite gero eta kasu gehiago dagoen ala asma hobeto diagnostikatzen den.

Asma biriketako gaixotasun kronikoa da, sendaezina baina botika bidez kontrola daitekeena. Jatorri genetikoa duen arren, onartzen da badirela beste faktore batzuk gaixotasuna garatzeko edo ez garatzeko orduan eragina dutenak: poluzioa eta tabakoa, besteak beste.

Asma-kasuen igoera azaltzeko beste teoria bat ere indarra hartzen ari da azkenaldian: teoria higienikoa. Teoria horren arabera, gaur egun xaboi eta detergente gehiegi erabiltzen dira, umeei antibiotiko gehiegi ematen zaizkie, eta etxeetan anai-arreben kopuruak behera egin du. Horren guztiaren ondorioz, haurrak harreman gutxi dute bakterioekin eta gaixotasunak eragiten dituzten mikrobioekin, eta sistema immuneak ez du bere burua zaintzen ikasten. Hortik asmaren eta gaixotasun alergikoen gorakada.

Esti, ez gara gai izan epidemiarik dagoen ala ez dagoen argitzeko, baina, gutxienez, jakin dugu asma eta gaixotasun alergikoak gero eta ugariagoak direla.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali