Argazkilaritza zientifikoa

Argazkilaritza zientifikoaren inguruko erreportajea. Alcalá de Henares-eko unibertsitatean grabatua dago, hango aditu batekin. Luis Monje da bera.
Naturaren irudi bitxiak, txikia handi bihurtuta, soilik mikroskopioz ikus daitezkeen gauzak, argi infragorria edo ultramorea erabiliz lortutako argazkiak, hiru dimentsioko irudiak... Horiek eta beste askok osatzen dituzte argazkilaritza zientifikoaren espezialitateak.

Beñar Kortabarria; Elhuyar Fundazioa: Argazkilaritza zientifikoa zer den eta nola egiten den erakutsiko digu gaur Luis Monjek. Argazkilaritza zientifikoaren maisu handi horietako bat da Luis Monje, eta hemen egiten du lan, Alcalá-ko Unibertsitatean.

Argazkilaritza Zientifikoko Zerbitzua unibertsitateko medikuntza-biologia taldearentzako laguntza-zentroa da, eta Monjek zuzentzen du. Luis Monjek entzumen-arazoak dituen arren, ez genuen elkar ulertzeko arazorik izan

Beñar Kortabarria; Elhuyar Fundazioa: Nola hasi zinen honetan?
Luis Monje: Biologia bukatzen ari nintzen, eta botanikan doktoretza egiten ari nintzen. Orduan, unibertsitateak argazkilari zientifiko eta marrazkilari lanpostu bat atera zuen. Argazkilaritzaz ia ez nekien ezer, baina marrazkilari-lan ugari egiten nituen, egunkarietan, komikietan, eta unibertsitateko marrazki zientifiko gehienak ere egiten nituen. Neure burua aurkeztu nuen, eta argazkilaritza zientifikoa ikasteari ekin nion. Baina ez zegoen ikasketarik, ez libururik, ez eta honelako gairik ere... bi urtez egon nintzen ikasten, gustua hartu arte.

Beñar Kortabarria; Elhuyar Fundazioa: Denbora asko pasa da, zu hasi zinenetik. Asko aldatu al da?
Luis Monje: Argazkilaritza digitalak edonoren eskura jarri du irudia. Lehen diafragmekin jolastu beharra zegoen, eta pelikula errebelatu arte ez zen emaitza ikusten; orain, kamera konpaktu batekin erraza da argazkiak egitea, baita makroak ere. Lehen traste handiak behar ziren makroargazkiak egiteko; gaur egun, berriz, kamera txiki batekin posible da euli baten argazki ikusgarriak egitea. Argazkilaritza zientifikoa ere aldatu da, pelikulen eta sentsoreen sentsibilitatea ez delako parekoa; askoz ere handiagoa da sentsoreena. Eta argazkia egin ahala ikusi ahal izateak denbora, saialdiak eta pelikula aurreztea esan nahi du.

Onddo mikroskopikoen argazkiak egingo dizkigu Luis Monjek.
Laborategian abiatzen da lana, unibertsitateko botanika-sailetik bidalitako laginak prestatzetik.
Eskuz eta tentu handiz egin behar du lan, onddo mikroskopikoak puskatu ez daitezen. Kontu handiz, luparen zein mikroskopioaren laguntzaz baliatzen da laginen ikuspegi ederrena eta esanguratsuena bilatzeko. Izan ere, polita izateaz gain, lanerako balio behar du argazkiak.

Aldez aurreko prestaketa honek zerikusi handia du lanaren emaitzan.

Luis Monje: Horretarako ezagutza tekniko handia behar da. Argazkilaritza zientifikoaren espezialitate bakoitzerako daude kamera bereziak, neurrira egindakoak ia, baina oso garestiak dira. Sasoi bateko pezetatan, 7-8 milioi baino gehiago balioko lukete, eta abiadura handiko kamera batzuk 20 milioiraino ere iristen dira. Orduan, hemen kamera zaharrez baliatzen gara, brikolajea egiten dugu. Kamerak desmuntatu, eta dugun lanaren arabera egokitzen ditugu. 300 euroko kamerekin argazki ultramoreak egiten ari gara, paregabeko irudiak hartzen, eta infragorriarekin beste hainbeste. Hemen, adibidez, makroak egiteko material honekin, irudi ikusgarriak lortzen ari gara serieko kamerak erabilita, eta orain arte lortu ezin zen neurrietara iritsi gara. Irudimenarekin ordezkatzen dugu dirua.


Aipatutako lanaren ondorio dira irudi bitxi hauek; izan ere, Luis Monjek berak pentsatu eta gauzatu duen sistema baten bidez lortutakoak dira.

Reflex kamera digital arrunt batean oinarritzen da sistema. Hari itsatsita, hauspo-sistema bat dago, irudia ahalik eta gehien handitu ahal izateko. Objektibo berezi bat ere badu, txiki-txikia, eta orratz baten tamainaraino ireki ahal du diafragma. Hain zulo txikitik argia kameraraino irits dadin, zuntz optikoko linternak erabiltzen dira. Beroarentzako iragazki bat duenez, intentsitate handia izan arren, argi hotza da. Irudia 20 aldiz handitzea lor daiteke horrela.


Laginak puntu bakoitzean fokatzeko, mugitu egin behar dira. Mugitzeko mikroskopio zahar bat moztu, eta haren sistema mikrometrikoa erabiltzen du.


Argazkiak egiteko garaia da. Lagina tinkotu, fokatu, eta argazkiak atera. Argazki batetik bestera milimetro baten ehunen bat mugitzen da fokatzea. Gero, formula matematiko eta sistema informatiko baten bidez, argazki guztien batura egingo da.

Beñar Kortabarria; Elhuyar Fundazioa: Horrela lortzen dituzu honelako argazkiak?
Luis Monje: Ez. Honetan mikroskopio elektronikoa erabiltzen dugu.
Beñar Kortabarria; Elhuyar Fundazioa: Beraz, sistema honekin honelako eta horrelako gauzak egitera iritsiko ginateke.
Luis Monje: Honaino irits gaitezke; muga hor dago. 20-25 aldiz handitzera ailega gaitezke.
Beñar Kortabarria; Elhuyar Fundazioa: Argazkilaritza zientifikoak zenbateko pisua du ikerketan? zer garrantzi du zientzian?
Luis Monje: Garrantzia itzela da. Kontuan hartu ikus daitezkeen behaketak egitean oinarritzen dela ikerketa: bai fisikan, neurriak hartuz, bai biologian, espezie berri bat deskribatuz, bai medikuntzako ebakuntzetan... arlo guztietan dago behatze-prozesu bat. Gero argitaratu egiten dira emaitzak, eta hori oso garrantzitsua da. Egin kontu urtetako ikerketa bat argitalpenarekin bukatzen dela. Multimediari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio zientzian eta argitalpenetan. Beraz, gerta daiteke sekulako lana egitea eta irudi oso txarrak edukitzeagatik baztertua izatea, edo ez onartzea irudiak kalitate txarrekoak direlako. Gerta daiteke, halaber, erdipurdiko lanak izatea, baina irudi ikusgarriez lagunduta egotea eta aldizkari bateko azala izateko aukeratzea.


Argazkia atera eta gero, informatikaren txanda iristen da. Hartutako irudi guztiak argazki bakar bat bihurtzen dira, software komertzial bat erabilita. Hortik aurrera, irudien tratamendurako programak erabilita, honelako argazkiak lor daitezke.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali