Apendizektomia
Tolosako Pilik idatzi digu aste honetan. Zazpi urteko semea du Pilik, eta, umearen tripako mina dela eta, larritu egin izan da apendizitisa zelakoan, nahiz eta, azkenean, horrelakorik ez den gertatu. Horregatik jakin nahi du Pilik ea apendizitisa ebakuntzaazkar egitea beste aukerarik ez dagoenean soilik diagnostikatzen ote den.
Heste sobrea edo apendizearen hantura da apendizitisa, eta sabelaldeko behe-eskuinaldean sentitzen den minaren bidez nabaritzen da. Apendizitisa diagnostikatzea zaila da, eta, gehienetan, kirurgia beharrezkoa da handitutako apendizea erauzteko.
Badira bi modu apendizea erauzteko. Bata teknika irekia da: sabelaldean ebakidura bat egiten da, eta gero, apendizea, kako batzuekin heldu, eta erauzi egiten da. Beste teknika laparoskopia da: zenbait ebakidura txiki egiten dira, kirurgia-tresnak sartzeko. Kirurgia egiteko leku handiagoa eta ikuspen hobea izateko, sabelaldea karbono dioxidoz betetzen da laparoskopian, sabel-eremua puzteko. Kamera berezi bat daraman zunda ere sartzen da sabelean, medikuek apendizea pantailatik ikusteko.
Laparoskopiarekin zauriak txikiagoak dira, eta ebakuntza ondoko aldiak laburragoak. Baina tresneria garestiagoa da, eta bereziki prestatutako lantaldea behar da teknika horretarako. Dena dela, gero eta gehiago erabiltzen da ospitaleetan.
Apendizektomia
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian