2000 metrotik gorako teknologia

Geko Navsat eta Tecnaliak Safe Mountain izeneko sistema bat garatu dute Anetorako ibilbidean arriskuak kudeatzeko.

Benasqueko ordokian gaude, Huescan. Hemendik gora abiatzen da Anetorako igoera, Pirinioetako gailurrik garaienera. 3.404 metro ditu Anetok. Ibilbidean arriskuen kudeaketa-sistema bat instalatu dute frogetarako, Safe Mountain izenekoa. Monica Mena eta Carlos Llorente mendizaleak sistema honen kudeaketan eta ebaluazioan diharduten aditu-taldekoak dira. La Renclusa-ko mendi-aterperaino igoko dira, eta bidean sistema egunean jarriko dute.

CARLOS LLORENTE; mendi-gida: Informazioa sartzeaz arduratzen gara, eta bideko arazoak ikusten ditugu. Erabiltzailearen menua kudeatzen dugu. Jartzen dituzten arazoak benetakoak izan daitezela, median aurkituko dituzunak bezalakoak. Interneten aurki daitezkeen beste aplikazio batzuetan ez bezala, honen atzean gida profesionalek osatutako talde bat dago, informazioa ahalik eta errealena izan dadin ahalegintzen dena. Gure lanari dagokionez, igoera bat egiten dugun bakoitzean arazoak apuntatzen ditugu: elur-jausia ikusi dugun puntu bat, edo bide hori egin nahi duen mendizalearentzat garrantzizkoa den edozein gertakari.

Safe Mountain proiektuak irabazi zuen Europako Galileo Master Satelite bidezko Nabigazio lehiaketa Gipuzkoa ordezkatuz. Proiektuaren ideia originala enpresa txiki batena da, Geko Navsat; GPS-an oinarritutako soluzio teknikoak garatzen dituzte. Ideia irabazletik abiatuta Tecnalia ikerketa-zentroan plataformaren garapen tekniko eta teknologikoaz arduratu ziren, hain zuzen ere, frogetarako Anetora bidean instalatu dutena, Pirinioen bihotzean.  

JESUS MARCOS; tecnalia: Tecnaliak softwarearen arkitektura diseinatu du: komunikazio-sistemak, zerbitzariak... garapenaren alde tekniko-teknologikoa, alegia. Safe Mountain hiru elementutan oinarritzen da: zerbitzaria, balizak eta mugikorrak.

Erabiltzaileak Safe Mountain zerbitzaritik kargatu behar du programa. Bere mendizale-mailaren arabera, ibilbide egokienak proposatuko dizkio programak, ibilbidearen egoeraren baldintzak kontuan hartuta. Gainera, beharko duen ekipamendua eta hartu beharreko neurriak ere gomendatuko dizkio.

JESUS MARCOS; Tecnalia: Gauzen internetaren ideian gaude. Gailuek hitz egiten digute, informazioa denbora errealean ematen digute. Hori dohain bat da: telefonoak edo beste gailu batek esatea “ez zaitez hortik joan arazoak daude eta; beste bide honetatik joan”, “mendi-aterpe hau duzu aukeran”… 

CARLOS LLORENTE: Ikusi duzu elurjauzia?

MONICA MENA: A, bai, han! Ongi jauzi da. Hegoaldean eguzkiak gogor jotzen du eta.

CARLOS LLORENTE: Bai. Argazkia aterako diot. Hegoaldean arriskua handiagoa dela jarriko dugu. Ongi. Ba, jarrai dezagun.
Interneten informazio pila bat aurki dezakezu, baina iragazten jakin behar da. Hemen geu arduratzen gara datuak iragazteaz jendeak ez ditzan datu okerrak izan igoerari ekindakoan, elurraren egoerari buruz edo, udan, elurrik ez dagoenean, glaziarraren egoerari buruz, are arriskutsuagoa izan baitaiteke Anetora igotzeko.

CARLOS LLORENTE: Elur dezente dago, ezta?

MONICA MENA: Bi metro eta piku.

CARLOS LLORENTE: Hau zer da, bi metro eta berrogei?

MONICA MENA: Bai, bi metro eta berrogei zentimetro.

Bidean instalatutako balizak satelite bidezko komunikazioz hornituta daude, eta wifi-a eta bluetooth-a ere baditu. Erregistratutako erabiltzaileak igaro ahala detektatzen ditu, eta mendizaleek gertakarien berri eman dezakete, horrela, informazioa denbora errealean biltzen da.

MONICA MENA: … Aplikazioan ere eguneratzen noa

Balizak eta informazioa jasotzen duen zerbitzaria, biak, Tecnalia ikerketa-zentroan diseinatuak eta muntatuak dira.

JESUS MARCOS; Tecnalia: Badu arkitektura bat komunikazio anizkoitza ahalbidetzen duena hainbat sistemarekin: wifi, bluetooth, Galileo-GPS. Hau da, garrantzizkoa da hiru sistemen interkonexioa zerbitzari batean; sistemaren multilateraltasuna softwarearen arkitekturan, integrazio hori arazo bat zen, erronka bat.

Bigarren erronka bat da autonomia handiko balizak izatea eta baldintza oso gogorretan irautea, hau da, euritan, elurretan… Eta hirugarren erronka da  sistema merkea izatea eta ezartzeko erraza.

Mendi-mendian komunikazioa ziurtatzeaz gain, balizek mendizaleen kokapenaren berri jasotzen dute ibilbidean zehar. Horrela, larrialdi kasuan, erreskate-taldeen lana errazten du.

CARLOS LLORENTE: Erabiltzailearentzat abantaila asko ditu. Bilaketan laguntzen du, esate baterako, aplikazioa instalatua duten bi lagun gurutzatu izanak, puntu hori jasota geratzen baita. Erreskate-taldeentzako ere lagungarria da zer mailako mendizalearen bila dabiltzan jakitea, eta aplikazioan erabiltzaileak bere esperientziari buruzko atal bat betetzen du.

Ibilbidean zehar intzidentziak jaso ondoren, Monika eta Carlos, La Renclusa-ko aterpera iritsi dira.

AGURRAK

Aterpean dago ibilbidean zehar ipinita dauden balizetako bat.

Hainbat hilabete dira martxan jarri zutela, eta ikusi da eraginkorra dela negu-neguan eta bi mila metrotik gora.

IÑIGO ARIZAGA; Tecnalia: Tecnaliaren ikuspegitk Safe Mountain zerbitzu elektronikoen kontzeptuaren multzoan dugun proiektuetako bat da. Guretzat estrategikoa da. Inguruan dena geroz eta adimendunagoa da. Espero ez genuen gauzetan ere konektibitatea sartu da, adimena... “Smartizazioa” esaten diogu horri, eta geroz eta gehiago aipatzen da. Smartgrid, smartphone, smarcity... adimendunak. Eta adimen hori zertarako? Erantzuna da bizitza errazteko, edo, zergatik ez, alaitzeko.

JESUS MARCOS; Tecnalia: Komunikazio bat sortzen da. Sistema hori bide horretatik doa. Geokokapen hutsa gainditu eta mendiko gune horretan lokalizazioa eta informazioa denbora errealean. Bide horretatik doa gauzen interneta edo komunikatzen diren gauzena.

Ingurune adimendunak garatzeko helburuarekin, Tecnaliak espero du denborarekin Safe Mountain erabilgarria izango dela natur parkeetan, eski-estazioetan edo ingurune naturaletan zein hirietan.

Teknopolis

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali